Prentsa Oharren banner

AFRO elkartearekiko hitzarmena onetsi da, tutoretzapeko etxebizitzen programarako

Biztanle afroamerikarren AFRO elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, tutoretzapeko etxebizitzetan gizarte eta hezkuntza arloan esku-hartzeko programarako.

257.137 euro emango dizkio Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak, azterketa-arriskuan dauden pertsonei egonaldi labur eta ertainerako ostatu eskaintzen zaien etxebizitzetan programa hau garatzeko, bertan AFRO elkarteak intentsitate txikiko laguntza ematen baitu.

Tutoretzapeko etxebizitzetan daudenei berariazko arreta ematen zaie egoera normalizatu batera igarotzerik izan dezaten.

Gurutze Gorriarekiko lankidetza-hitzarmena

Halaber, Gurutze Gorriarekiko lankidetza-hitzarmena ere onetsi du udal gobernuak, San Prudentzio zentro integralean bizi diren adinekoei laguntzeko programa gauzatzeko.

Gurutze Gorriak 6.142 euro jasoko ditu edozein arrazoi tarteko harremanetarako gaitasun murriztua duten pertsona hauei laguntzeko. Honen bitartez bazterketa prebenitu nahi da, eta bere ingurunean integratzea eta parte hartzea, boluntarioen laguntzaz, bai egoitzan bertan bai kanpoan.

Share

Gurutze Gorriarekiko hitzarmena onetsi da, adinekoei laguntzeko programa garatzeko

Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021ean adinekoei laguntzeko programa garatzeko. Gehienez 77.500 euroko ekarpena egingo du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak, proiektua gauzatu dadin.

Horren bitartez, Gurutze Gorriko langileen laguntza jasoko dute adinekoek, laguntzarik gabe nekez egingo lituzketen hainbat jarduera egiterik izan dezaten beren bizitzako hainbat esparrutan, hala nola medikuarenera joan edo administrazio-tramiteak egin.

Gizarte-zerbitzuen sistemak artatzen ez dituen eta bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako adinduek dituzten behar sozialak detektatu eta horiei arreta eskaintzeko Udalak 2016an abian jarri zituen ekintzen parte da “Gertutik lagun egiten” izeneko programa hori. Laguntza emateaz gain, adinekoen inguruan sostengu eta behaketa sare bat osatzea da helburua.

Share

Gurutze Gorriaren instalazioetara bisita

Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkari Denis Itxasok eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak Gurutze Gorriaren Gasteizko instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dituzte erakunde humanitarioak Euskadin egiten dituen lan ugariak.

Horietako lan askok Espainiako Gobernuaren babesa dute, hala nola FEGAk behartsuenei laguntzeko duen 2020ko programaren hirugarren fasean emandako elikagaien banaketa.

Hirugarren fase honetan 786.766,76 kilo elikagai banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 70.413,60 kg Arabako Lurralde Historikoko 4.167 pertsonarentzat izango dira.

Gurutze Gorria eta Arabako Elikagaien Bankua arduratuko dira elikagaien banaketaz 23 elkarteren laguntzaz, laguntza behartsuenei iristen zaiela ziurtatzeko.

Share

AMAPASE eta Gurutze Gorriarekiko lankidetza-hitzarmenak onetsi dira

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Gurutze Gorriarekin zein AMAPASErekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Hurrenez hurren adinekoei eta banantzeko prozesuan dauden familiei zuzendutako gizarte programak garatuko dira hitzarmen horien bitartez.

AMAPASE-Banandutako Gurasoen Elkartearekiko hitzarmenaren helburua da gurasotasun positiborako programa bat garatzea, gurasoak banantzekotan diren familietan bizikidetza eta harreman giro egokia sortzearren eta kide guztien beharrei erantzutearren, bereziki seme-alabenei.

Hiru ekintzatan egituratzen da programa:

  • Krisi egoeran edo dolu prozesuan dauden familiei lehen mailako arreta ematea.
  • Gurasotasun positiboa eta dolua lantzeko sostengu talde bat sortzea.
  • Gurasotasun positiboari buruzko VII. Jardunaldia antolatzea.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 12.561,65 euro jarriko ditu programa finantzatzeko.  

Gurutze Gorria

Gurutze Gorriarekiko hitzarmenak, berriz, 4.700 euroko zuzkidura du, eta udal egoitzetan dauden eta dena delakoagatik harremanak izateko aukera gutxi duten adinekoei zuzentzen zaie, haien arteko harremanak eta belaunaldien artekoak sustatzeko xedez.

Orobat, bazterketari aurrea hartzea eta pertsona horiek ingurunean integratu eta parte hartzea lortu nahi da, boluntarioek laguntzarekin.

 

Share

Udalak eta Gurutze Gorriak oinarrizko bizi euskarriari eta bihotz-birikak suspertzeari buruzko prestakuntza emango dute elkarrekin

  • Berrikuntza gisa, COVID-19ari buruzko prestakuntza-jarduerak ere barne hartuko ditu programak

Gasteizko Udalaren eta Arabako Gurutze Gorriaren arteko lankidetza-hitzarmen bat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, ikastetxeetan oinarrizko bizi euskarriari eta bihotz-birikak suspertzeari buruzko prestakuntza-lantegiak antolatzeko. Horren bidez, bizi-larrialdiko egoeretan esku hartu ahal izateko ezagutza eta trebetasun zehatzak eskaintzen zaizkie DBHko 4. mailako ikasleei.

Prestakuntza-lantegiek larrialdi bat identifikatzeko behar den informazioa ematen diete ikasleei. Orobat, egin beharrekoen sekuentzia garatzen eta bizkortzea zuzen egiten ikas daiteke, eta biziraupen-kateari buruzko oinarrizko ezagutzak ematen dira. Horretaz gain, aire-bideak irekitzeko maniobrak ezagutuko ahalko dira.

Udalak 9.945 euro jarriko ditu horretarako. Berritasun gisa, prestakuntza-lantegien programak COVID-19ari aurre egiteko informazioa eta tresnak barne hartuko ditu.

Share