Prentsa Oharren banner

Gasteizko herritarren postontziak 1.052 galdera jaso ditu mugikorretarako aplikazioaren bidez, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago

 

  • Gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute itxialdian eta deseskalatzean nola jokatu behar zuten argitzeko.
  • TUVISA eta kirol instalazioekin lotutako kontsultak hirukoiztu egin dira, eta Udaltzaingoarekin eta herritarrentzako arretarekin lotutakoak, bikoiztu.

Gasteizko Udalaren herritarren postontziak 6.105 gai erregistratu zituen 2020ko bigarren hiruhilekoan. 2019ko hiruhileko beraren aldean % 29,5 hazi da gaien kopurua. Jasotako iradokizun eta eskaeren % 95 inguru itxi dira, beraz, erantzun mailak oso handia izaten jarraitzen du.

Mugikorretarako aplikazioaren bidez 1.052 iruzkin iritsi dira, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago. 251 iruzkinetan argazkia erantsi da. Espazio publikoak, mugikortasunak, garraioak eta herritarren segurtasunak metatzen dituzte mugikorrez jasotako mezuen erdia baino gehiago.

Kexak edo erreklamazioak adieraztean gain, gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute covid-19ak eragindako itxialdian nola jokatu behar zuten argitzeko. Hori dela eta, normalean gehiegi nabarmentzen ez diren gai-arloetan hazi egin da jasotako gaien kopurua: esate baterako, herritarrentzako arretarekin eta Udaltzaingoarekin lotutakoak bikoiztu egin dira hiruhileko horretan. Garbiketa publikoari eta hondakinen bilketari dagokienez, % 17,40 hazi da jasotako mezuen kopurua; TUVISAri buruzko kontsultak, berriz, nabarmen handitu dira, aurreko hiruhilekoaren aldean hirukoiztu egin baitira, baita kirol-instalazioekin loturiko mezuak ere.

Bide publikoko kalteekin, argiteria publikoarekin zein seinale eta balizekin lotutakoak, aitzitik, ia erdira jaitsi dira aurreko hiruhilekoaren aldean.

Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute. Hamar egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa berriro hazi da, % 93 izatera iritsi baita, hau da, aurreko hiruhilekoan baino lau puntu gehiago, eta duela urtebete baino % 3 gehiago.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Postontzian jasotzen diren datuen analisiak herritarren kezkak zuzenean ezagutzea ahalbidetzen digu, eta udalaren kanal desberdinen bitartez ematen den informazioa hobetu eta egokitzea. Ziurgabetasun orokorreko egoera honetan, gainera, gure herritarren postontzia erreferentziazkoa da iradokizun eta erreklamazioen tratamenduari dagokionez. Iruzkinak eta erantzunak publikoak dira, eta horrek gardentasuna sustatzen du, udal administrazioaren eraginkortasuna etengabe aztertzen baita.”

 

Share