Prentsa Oharren banner

Gasteizek abian jarri du 2021erako laguntza-plana, ikus-entzunezkoen sektoreari eta ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak onetsita

Ekonomia Sustapenaren Sailak 184.000 euro jarriko ditu bi deialdi horietarako

 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren 2021erako laguntza-planaren barruko lehen bi dirulaguntza-ildo onetsi ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; asteazkenean aurkeztu zen plan hori. Zehazki, ikus-entzunezkoen proiektuak ekoizten laguntzeko ildoa eta ekintzaileentzako bekak jarri ditu abian udal gobernuak, zeinek orotara 184.000 euroko aurrekontua izango baitute (184.000 eta 84.000 euro, hurrenez hurren); oinarriak laster argitaratuko dira ALHAOn.

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “Ekonomia Sustapenaren alorreko laguntza-planaren lehen fasearen diseinua amaitu eta bi egunetara, iragarritako zortzi ildoetako bi aktibatu ditu jada gobernuak. Hain une zailean, pandemiak eragindako jarduerei laguntzeko aurrerapausoak emateko beharrari erantzuten diote dirulaguntza hauek. Oraingoan, sorkuntza-enpresei eta krisiak krisi ekiteko eta autoenplegua lortzeko ausardia duten pertsonei”.

Batetik, sorkuntzaren eta ikus-entzunezkoen alorretako industrientzako laguntzak onetsi dira, 100.000 euroko aurrekontuarekin. Deialdiak hiru jarduera-ildo barne hartuko ditu: lehenengoa, zinema, telebista eta plataforma digitaletako proiektuak garatzeko (50.000 euro); bigarrena, film laburrak ekoizteko (40.000 euro), eta hirugarrena, gidoiak idazteko (10.000 euro).

Bestetik, ekintzaileentzako beken programari dagokion partida onetsi da, zeinak 84.000 euro jasoko baititu 2021erako udal-aurrekontuaren kontura. Laguntza horiek ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda ez dauden eta enpresa-ekimen bat garatzen ari diren pertsona fisikoei zuzenduta daude. Negozio-ideia bat duten pertsonek jaso ditzakete, baldin eta proiektuaren ezaugarri bereziek dena delako pertsonak aldi batez erabat proiektuari emana jardutea eskatzen badute, proiektua behar bezala ondu ahal dezan, Ekonomia Sustapenaren Saileko adituen laguntzarekin.

Ohikoa denez, deialdiak Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen diren unean irekiko dira laguntza bakoitzerako eskabideak aurkezteko epeak.

 

 

 

Share