Prentsa Oharren banner

Gomendioak, izotza eta muturreko tenperatura baxuak direla eta

Gasteizen egun hauetan izango den izotza eta tenperatura baxuak direla eta, Gasteizko Udalak aktibo mantenduko du Larrialdietarako Plana. Bidenabar, Udaleko Herritarren Segurtasunaren Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritzaren hainbat gomendio gogora ekarri nahi ditu, egoerari aurre egiteko.

Prebentzioko neurriak:

  • Ondo jantzita ibili, batez ere, kanpora irten behar baduzu. Bereziki, eskuak eta burua babestu; jantzi oinetako egokiak eta ahoa estali arnasa hartzean aire hotzegia ez arnasteko.
  • Erregaien erreserba hobetze aldera, ez berotu etxe osoa; hobe da gelak ixtea eta soilik behar den lekuetan jartzea berogailua.
  • Kontu izan berogailu lagungarri, sutontzi edo estufekin, ezustekoren bat gerta daiteke-eta.
  • Hirian, ahal izanez gero, ez paseatu leku ospeletan barrena, handiagoa baita izotza izateko arriskua, eta, batetik bestera joateko, ahal izanez gero erabili garraio publikoa.

Bidaiatzekotan:

  • Eskatu informazioa abiatu aurretik, jakiteko bideak nola dauden eta eguraldiak zer egingo duen.
  • Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez ateratzea. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Alabaina, ezinbestekoa baduzu bidaiatzea, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, hartu kateak, erregai-tanga beteta eraman eta ez ahaztu berokiak. Ahal baduzu, eskuko telefonoa eraman beti; bereziki, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu.
  • Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi beti, batez ere, laiotzean.
  • Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
  • Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin, eta martxa laburretan ibili.
  • Izoztuta dagoen zati batera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Izotza edo elur gogorra topatuz gero jarri kateak, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean.
  • Irrati oso lagungarria izan daiteke, une oro ondo informatuta egoteko.

Ibilgailua geratzen bada:

  • Egon bertan, kotxe barruan.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta berriztatu airea tarteka.
  • Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.

Larrialdirik gertatuz gero, 092 edo 112 telefonora deitu.

 

Share