Prentsa Oharren banner

Alkateak eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari

  • Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, ordezkari ondokoa eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakaria izan dira ekitaldian.

Alkate Gorka Urtaranek eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari, M. Limam Mohamed Aliri, Gasteizko udaletxean. Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, Frentearen ordezkari ondoko Brahim Abdelfatah eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakari Lourdes Ruiz de Galarreta izan dira ekitaldian. Ordezkari berriari ongietorria emateaz gain, Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetako oraingo egoera eta saharar biztanleen egoera oro har izan dituzte hizpide.

Share

Udalak 70.000 euro jarriko ditu merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko

  • Udaleko Lankidetza Zerbitzuak hitzarmen bat sinatu du Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin.

Gasteizko Udalak hirian merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko programa bat jarri du abian Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bitartez. Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin sinatutako hitzarmenaren barruan, Udalak 70.000 euro jarriko ditu zenbait ekintza bultzatzeko: tokiko kontsumoko aukerak ezagutarazteko ibilbideak auzoetan, eta informazio jarduera ugari gizarte etxeetan eta adinekoentzako zentro soziokulturaletan, hemengo kontsumo-ohiturek herrialde pobretuenetan duten eraginaren berri emateko.

Orobat, EHUko Azoka Agroekologikoan parte hartzea jasotzen du programak, bidezko merkataritza ikusarazteko, baita Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialean (Bartzelona) parte hartzea ere, Gasteizen kontsumo arduratsuarekin garatutako esperientzia arrakastatsuak ezagutarazteko.

Merkataritza bidezko eta arduratsuaren aldeko apustu publikoa ezinbestekoa da erakunde gisa geure egin ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko. Horregatik, Garapenean Laguntzeko Zerbitzutik ahaleginak egin ditugu proiektuak integratzeko eta lan-ildo hori indartzeko, alorrean eskarmentu handiena duten tokiko antolakundeekin batera. Gainera, krisi eta eraldaketa garaian gaudelarik, inoiz baino beharrezkoagoa da giza eskubideak aldeztea“, argudiatu du Gizarte Politiken eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak. Hitzarmenaren aurkezpenean Medicus Mundiko Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzako eta Komunikazioko teknikari Itsaso Sánchezek lagundu dio, GGKEen sarea ordezkatuz.

Sinatzen denetik 2021eko martxoaren 31ra arte iraungo du plan operatiboak. Programa indartu horren bidez, hiriak berretsi egiten du beste urte batez pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimenduarekin duen konpromisoa; mugimenduak merkataritza eredu alternatibo baten alde egiten du, printzipio hauetan oinarrituta: lan-baldintza duinak eta emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea natur ingurunea babesten duten teknika eta prozeduraren bidezko ekoizpena tarteko. Mugimendu horrek, azken batean, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen Iraunkorreko Helburuak) lortzeko bidean lagundu nahi du.

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak 150.000 euro bideratuko ditu covid-19ak eragindako herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera

 

  • Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, GKEek Sirian, Kongon, Ruandan, Ginean eta Burkina Fason egingo dituzte proiektuak

Larrialdietarako Arabako Funtsak, zeina Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak osatzen baitute, 149.800 euro bideratuko ditu covid-19aren pandemiak eragindako eta garapen-bidean dauden herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera. Orobat, funtsa eratzeko hitzarmenari ekarpen berriak egitea onetsi dute bi erakundeek: Gasteizko Udalak 132.000 euro jarriko ditu; Arabako Foru Aldundiak, 125.000 euro.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Foru Aldundiko Gizarte Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendariak aurkeztu dituzte orain arte onetsitako proiektuak, eta Araban egoitza dutelarik proiektuak eta horiek finantzatzeko eskaerak aurkezten dituzten erakundeei laguntzeko garaian funtsaren “arintasuna” eta “eraginkortasuna” nabarmendu dute.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiaren esanetan: “Garapenerako lankidetza, eta Larrialdietarako Arabako Funtsa oraingoan, funtsezko elementua da pandemiak zenbait herrialdetan izan ditzakeen ezusteko ondorioei aurre egin ahal izateko, bertako pobreziak eta desberdintasunak covid-19ari erantzuteko gaitasuna murrizten baitute. Orain inoiz baino gehiago azpimarratu beharra dago osasunerako eskubidea eskubide unibertsala dela, eta Gasteizek eta Arabak tokian bertan eta nazioartean defendatzen dute”.

Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendaria: “Gure bi administrazioek une zail bati aurre egin behar dioten une honetan egiten dugu ahalegin hau, COVID-19k Arabako ekonomian duen eraginaren ondorioz diru-sarrerak bat-batean jaitsi direlako. Baina badakigu herrialde txiroenei ematen diegun laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dela, gaixotasunak epe ertain eta luzera izango duen eragin handiena jasango baitute”.

Funtsak proiektu hauek finantzatuko ditu:

  • Janariak, higiene- eta prebentzio-materiala eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak Labé eskualdean (Fouta Djallon, Gineako errepublika). Herrialde hartako agintariek aitortu dute ez daudela prestatuta pandemiaren aurka egiteko, ez dutelako ez osasun-materialik ez azpiegiturarik. “Asociación unión y apoyo del hablante de Pilar (Hayal Pilar)” elkarte arabarrak eskatu du laguntza, bazkideak Labé eskualdekoak baitira. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Esku-hartzea Burkina Fason, Bam probintzian, bereziki Kongoussi hirian. Herrialde horretako osasun-azpiegiturak oso egoera txarrean daude. Aipatutako eskualdean, zehazki, herrialdeko beste toki batzuetatik lekualdatutako pertsona ugari dago. ADRA entitateak tokiko antolakunde bat du lekuan bertan; prebentzio-materialak jarriko ditu, eta egoera larrian dauden 300 etxegunetarako babes-ekipoak eta janaria erosiko ditu. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Espainiako UNICEFentzako laguntza. Siriako UNICEFen bitartez ura, saneamendua, higienea eta babes-materiala helaraziko ditu, Siriari laguntzeko makroprograma baten barruan. Orotara 30.000 euroko ekarpena jasoko du horrek.
  • Manuel Iradier elkarte afrikanistaren proposamena, Uvira hirian (Hego-Kivu, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean) izandako uholdeen eragina arintzeko proiektu bat garatzeko. Pax Christi Uvira GKEarekin batera lan egingo du; erakunde horrek 17 urteko ibilbidea du, eta besteak beste, lekuz aldatutako pertsonekin, errefuxiatuekin eta larrialdi-egoeran dauden pertsonekin lan egin dute, batzuetan Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzarekin. Janaria, jantziak, etxeko tresnak eta covid-19ari aurre egiteko higiene- eta prebentzio-materiala jarriko dute. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Ruandan esku hartzea, Kamonyi barrutian (Hegoko probintzian). Pandemiak eragin badie ere, esku-hartzea ez dago horrekin lotuta zuzenean. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, eurien sasoiak euri-jasak, uholdeak, haizete bortitzak eta lur-jausiak ekarri ohi ditu, gero eta larriagoak, klima-aldaketaren eraginez. Medicus Mundik koltxoiak, mantak eta esterilak, teilatuetarako xaflak, iltzeak, ur-deposituak eta ura edateko on bihurtzeko eguzki iragazkiak eramango ditu. Horretarako, 29.800 euro emango dizkio Larrialdietarako Arabako Funtsak.

Share

Gizarte Politiken Sailak “gizarte-ezkutu” bat aktibatuko du, pertsona eta familia ahulenek covid-19aren ondorioei aurre egin ahal izateko hainbat neurri hartuz

  • Kontingentzia sozialeko planak 11 milioi euro bideratuko ditu GLLetara eta udal laguntzetara

  • 21 Zabalgunearekin batera, alokairuko etxebizitzen programa bat jarriko du abian, ahultasun-egoeran dauden familientzat

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak bere sailak covid-19aren aurrean landu duen Gizarte Neurrien Plana aurkeztu du gaur goizean. Bertan, hogeita hamar bat jarduera jasotzen dira, pertsona eta familia zaurgarrienek covid-19ak ekarritako ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten “eta ez daitezen babesik gabe geratu”.

Egungo osasun, gizarte eta ekonomia egoera zailean, udalaren gizarte zerbitzuek “Gasteizen bizi garenon ongizatea bermatzea” izan dute helburu, “egoera txarrenean dauden pertsonak eta familiak babestu eta laguntzeko gizarte-ezkutu handi bat aktibatuz”, azaldu du Jon Armentiak streaming bidez jarraitu ahal izan den prentsaurrekoan.

Kontingentzia plan berri hau duela gutxi aurkeztu zen “Orain Gasteiz” planaren barruan dago, eta 7 ekintza-ildo proposatzen ditu:

  1. Krisi ekonomikoak eragindako familiei arreta ematea.
  2. Adinekoentzako baliabideak egokitzea.
  3. Bakarrik edo isolatuta bizi diren pertsonen jarraipena.
  4. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea.
  5. Bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta ematea.
  6. Haurrei eta nerabeei arreta ematea.
  7. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta LGTBI kolektiboari arreta ematea.

 

Hamaika milioi euro laguntzetan eta alokairuko etxebizitzetan

Lehenengo jarduera-ildoa betetzeko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 11 milioi euro bideratuko ditu aurten gizarte-larrialdietarako laguntzetara (GLL) eta udal laguntzetara; horrek esan nahi du aurrekontua 2 milioi euro handituko dela.

Beste ekintza nabarmengarri bat egoera ahulean dauden familientzat alokairuko etxebizitzen programa bat martxan jartzea izango da, zeinak “bizitegi-bazterketako egoerei erantzun azkarra ematea ahalbidetuko” baitu, Armentiaren ustez.

Alokairuak egonaldi luzekoak izango dira —5 eta 7 urte bitartekoak, salbuespenak salbuespen—, eta 21 Zabalguneak erabilgarri dituen etxebizitzekin lotuta egongo dira, programa honetan laguntzen baitu.

Etxebizitzak esleitzeko, une bakoitzean dauden bizitegi-bazterketako kasuen balioespen teknikoa egin beharko da. Beraz, ez da itxaron-zerrendarik egongo.

Seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateak baliatu ahalko dira programaz, edo, salbuespen gisa, gurasoen mende dauden seme-alaba adindunak dituztenak. Familia horiek etxegabetze-prozedura batean sartuta egon beharko dute, eta prozedura horren arrazoia ez da izango alokairua ez ordaintzea. Gainera, etxebizitza publikoaren eskatzaileak izan beharko dute, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-sarrera nahikoak izan beharko dituzte eta etxeko antolaketarako trebetasunak izan beharko dituzte, tutoretzarik edo ikuskapenik behar ez izateko.

Etxebizitza komunitario berriak

Adineko pertsonentzako baliabideak errealitate berrira egokitzeko, etxebizitza komunitario berriak eraikiko dira Hedegile kalean, egungo Aurora zainpeko apartamentuetan. Proiektu berria aurten idatziko da, eta 2021ean gauzatuko, 650.000 euroko aurrekontuarekin.

Etxebizitza berri horiek, garai bateko Los Molinos eta Aurora egoitzetan egindakoei gehituko zaizkie.

Bestalde, gizarte zerbitzuak lanean ari dira eguneko arreta-zerbitzuak berrantolatzeko, “lehenbailehen irekitzeko, edukiera, distantzia soziala, espazioen egokitasuna eta osasun-segurtasuna bermatuko duten arreta-txandak kontuan hartuta”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

Adinekoen segimendua egiten jarraituko da

Adinekoei segimendua eta lagun egiteko dispositiboak martxan jarraituko du adinekoen zentro soziokulturalen jarduera eta programazioa berreskuratzen ez diren bitartean.

Halaber, adinekoei banakako laguntza emateko proiektu bat garatuko da; zainketa eta lotura plan bat ere ezarriko da, besteak beste teknologia berriak gehiago erabiltzeko, eta Hiri Errukibera proiektua gauzatuko da, Vivir con Voz Propia kolektiboarekiko lankidetzan.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua

Gizarte-zerbitzuen kontingentzia-planaren laugarren jarduera-ildoan etxez etxeko otordu-zerbitzua indartzea agertzen da, pandemian ahultasun-egoerei erantzuteko martxan jarri diren laguntzei jarraipena emateko. Gizarte Politiken Sailak egunean 50 menu gehiago ematea kalkulatu du.

Era berean, “Etxean zaintzen ikasten” programa berriro martxan jartzea aurreikusi da.

Bizitegi-bazterketan dauden pertsonentzako arreta

Jon Armentia zinegotziak iragarri duenez, harrera dispositibo bereziek behar adina denbora iraungo dute. “Gaur egun, 57 pertsona daude Lakuan eta Pio Barojan; horiek balioesten ari gara, eta ibilbideak zehaztuko dizkiegu, arreta jasotzen jarrai dezaten, gizarteratze aldera”.

Era berean, harrera-baliabideak indartuko dira, osasun-gomendioetara egokitzeko: gizarte-distantzia, edukierak, etab.

Haurren eta nerabeen arreta

Haur eta nerabeen arloan, normaltasuna itzultzen ez den bitartean, pandemiari aurre egiteko sortutako gizarte- eta hezkuntza-dispositibo bereziak jarraituko du. Horien osagarri, errefortzu eta laguntza emozionaleko programak egingo dira.

Bestalde, haur-pobreziari aurre egingo zaio Haurren eta Nerabeen II. Planaren bidez, haren ildo estrategikoetako bat garatuz: ekitatea, haurren desberdintasunaren ondorioak minimizatzeko.

Genero-indarkeriaren aurkako prestakuntza

Udaleko gizarte-zerbitzuek covid-19aren ondorioei aurre egiteko planteatutako “gizarte-ezkutuaren” zazpigarren eta azken ekintza-ildoak prestakuntzaren aldeko apustua egiten du indarkeria matxistari eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeriari heltzeko. “Zaurgarritasun handiko garai batean gaude eta arreta hori hobetu nahi dugu”, azaldu du zinegotziak.

Hori dela eta, udaleko gizarte-zerbitzuetan zuzeneko arreta ematen duten 80 profesionalek genero-indarkeriari buruzko prestakuntza jasoko dute online.

Gainera, Berdintasun Zerbitzuko profesional batek genero-ikuspegia txertatuko du gizarte-zerbitzuek eskaintzen duten arretan.

Une gogorrak

Covid-19arekin lotutako gizarte neurrien planaren aurkezpena amaitzeko Jon Armentia zinegotzi eta alkateordeak gogora ekarri duenez, “garai latz hauetan gure lehentasuna osasuna babestea eta pertsona eta familia ahulenentzako laguntza bermatzea da. Horregatik, osasun-krisi honek familia askori planteatzen dion Damoklesen ezpatari aurka egiteko gizarte-ezkutu hau altxatzen dugu indarrez, ondorioak geldiarazteko eta arintzeko eta pandemiak gure bizilagun guztiek merezi duten ongizatea aurretik eramatea saihesteko neurriekin”.

Share