Prentsa Oharren banner

Alkateak eta Segurtasuneko sailburuak zuhurtzia eta laguntza eskatu diete herritarrei, datozen egunetan osasun-araudia errespeta dadin

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarrekin koordinatuko dira segurtasun-distantziak behar bezala bete daitezen, edukiera-mugak errespeta daitezen, aglomerazioak saihets daitezen, kalean alkohola kontsumi ez dadin, maskarak erabil daitezen eta kutsadurak ez ugaritzeko diseinatutako gainerako osasun-araudia bete dadin

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean deitu dute Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordea, hau da, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko segurtasun publikoaren arloko lankidetza-organo gorena. Bileraren helburu nagusietako bat izan da bi polizien artean koordinatutako neurriak eta operatiboak aztertzea eta planifikatzea, indarrean dagoen osasun-araudia errespeta dadin, batez ere abuztuaren 4tik 9ra bitartean; izatez, egun seinalatuak dira horiek Vitoria-Gasteizen, jaiak egun horietan ospatzen baitira —bigarren urtez jarraian bertan behera geratu dira—.

Ildo horretan, Erkorekak eta Urtaranek gogorarazi dute aurten jaiak modu publikoan ez ospatzeko eskatu dutela erakundeek. Hori dela eta, erantzukizunerako mezu argia eta irmoa eman dute, egun horiek indarrean dagoen osasun-araudia errespetatuz bizi daitezen. Bi agintariek adierazi dutenez, garrantzi handikoa da aglomerazioak saihestea, eremu publikoan edari alkoholdunik ez kontsumitzea, aforoen mugak errespetatzea, babes-maskara erabiltzea, segurtasun-tarteei eustea, eta abar.

Bi erakundeek ezinbestekotzat jotzen dute gasteiztarren eta egun hauetan euskal hiriburura joaten diren pertsonen laguntza indibiduala eta kolektiboa. Segurtasunaren aldeko polizia-koordinazioaren adibide gisa nabarmendu da Vitoria-Gasteizko esperientzia eta eredua; izatez, bi polizien arteko lankidetza-protokolo espezifiko bat dago aspalditik, berriki berritu dena.

Andre Mari Zuriaren plaza eta Erdi Aroko Hirigunea

Ertzaintzak eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak prestatzen dituzten dispositiboen artean, nabarmentzen da Andre Mari Zuriaren Plazan pilaketak saihesteko aurreikusitakoa, batez ere abuztuaren 4an. Iragarri denez, ez da Zeledonen jaitsierarik izango, eta, istiluak saiheste aldera, erabaki da Andre Mari Zuriaren Plazaren perimetroa hesi bidez ixtea, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko kideen zaintzarekin. Itxiera hori 16:30etatik 19:00etara egingo da. Gainera, 15:00etik 19:00etara bitartean ez da plazan mahaiak jartzea baimenduko, nahiz eta barneko jarduera baimenduko den.

Era berean, jendea pilatu ohi den kaleetan eta tokietan prebentzio-lana areagotuko da, eta arreta berezia eskainiko zaio Erdi Aroko Hirigunean izaten den jende-pilaketari. Udalak egindako kontzertuak eta jarduerak izango dira ekitaldi ofizial bakarrak, eta ekitaldi horietan Udalak berak kontrolatuko ditu aforoa eta parte-hartzaileen arteko distantziak.

Eremu publikoan alkohola kontsumitzeko debekua ere gogorarazi behar da. Hori dela eta, Herritarren Babeserako patruilak, jai-ospakizunak saihesteaz gain, “kale-edanak” eta antzekoak saihesten saiatuko dira; pertsonei debeku horren berri emango diete, eta, behar izanez gero, zehapen-proposamenak egingo dituzte.

Bileran aditzera eman denez, funtsezkoena izango da osasun-arauak errespetatzea eta COVID-19ak eragindako pandemiaren egoera oker dezaketen arrisku-egoerarik ez sortzea.

Koordinazio Batzordea

Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordean” parte hartu dute, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaz eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteaz gain;

  • Herritarren segurtasunaren zinegotziak, Marian Gutiérrez
  • Herritarren segurtasunaren koordinatzaile nagusiak, Víctor García Hidalgo
  • Herritarren segurtasunaren zuzendariak, Javier Sáez Lanas
  • Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoko komisarioak, Roberto García Tobalina
  • Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoko komisariondokoak, Salva Alvarez
  • Segurtasuneko sailburuordeak, Josu Zubiaga.
  • Ertzaintzaren Arabako Lurraldeko intendente buruak, Karmelo Martínez Sarobe.
  • Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko Herritarren Babeserako komisario buruak, Iñaki Larruri.
  • Koordinazio Batzordeko ofizial idazkariak, Alfredo Orodea.

 

 

 

 

 

 

 

Share