Prentsa Oharren banner

Gasteiz eremu gorritik ateratzen delarik, areagotu egingo dira kirol-instalazioak erabiltzeko aukerak

Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 400 Covid-kasutik beherako tasan kokatu da Gasteiz, eta, horrenbestez, areagotu egingo dira kirol-instalazioak erabiltzeko aukerak gaurdanik. Barruko kirol kolektiboari eragiten dio batez ere egoera berriak, gehienez 6 pertsonako taldeetan egin ahal izango baita —orain arteko mugapen sanitarioekin, 4ko taldeak baino ezin ziren izan—. Muga horretatik salbuetsita daude talde profesional eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak. Nolanahi ere, instalazio bakoitzeko protokolo propioak bete beharko dira beti.

Eskola-kirolean, talde-erreserbetan eta gainerako jardueretan handitu egingo da, beraz, talde bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua.

Gehieneko edukieraren % 35eko okupazioarekin erabili ahal izango dira aldagelak; dutxak ere bai, banaka bada ere.

 

 

Share

Udalak osasun-egoerak eragindako murrizketetara egokitu du kirol-instalazioen funtzionamendua

Gasteizek prebentzio-neurri berriak hartu ditu COVID-19aren positiboen azken 14 egunetako tasa 100.000 biztanleko 400 kasu edo gehiagokoa izateagatik. Egoera honek kirol-jarduerari eragiten dio, besteak beste, eta honako aldaketak egin dira:

  • Barruko espazioetan egiten den kirol jardueretan lauko taldeak izan behar dira gehienez, talde profesional eta federatuen txapelketa eta entrenamenduei eragiten dienean izan ezik. Kanpoan mantendu egiten da sei pertsonako muga.
  • Neurri hauek eskola kirolari, zuzeneko erreserbei eta udalaren jarduerei eragiten diete (lauko azpitaldeak barruko guneetan).
  • Ezin dira aldagelak eta dutxak erabili. Salbuetsita geratzen dira igerilekuak eta federatuen eta profesionalen txapelketak. Hauetan  aldagelek %35eko edukiera izango dute, gehienez, eta dutxak erabil ahalko dira, banakakoak badira. Maskara erabili beharko da une oro, dutxatzeko momentuan izan ezik.

Informazio gehiago: Udaleko kirol-instalazioetako neurriak COVID-19agatik

Share

Herritarrek kirol-instalazioak libreki erabiltzeko erreserbak egiteko aukerak areagotu ditu Udalak

Aurrerantzean, zuzenean erreserbatu ahal izango dituzte herritarrek Udalaren kirol-instalazioak, banaka nahiz taldeka kirola egiteko, gehienez sei laguneko taldeetan, Covid-19aren ondoriozko prebentzio-neurriei buruzko Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuak baimentzen duen moduan. Joan den astera arte, erreserba egiteko bi modu zeuden —banakako nahiz bizikideentzako erreserbak—, sei kirol-modalitatetan, jarduera anitzeko aukeraz gain. Bi aukera horien ordez, instalazioen zuzeneko erreserbak egiteko ohiko modua baliatu ahal izango da aurrerantzean, 20tik gora kirol-modalitatetan.

Joan den ostiraletik, urtarrilaren 15etik, modalitate hauetarako erreserbak egiteko aukera dago:

  • Badmintona, billarra, esgrima, padela, squasha, tenisa, mahai-tenisa (mahai bat), tiroa (postu bat).
  • Beti Jai pilotalekuan bakarrik: zesta-punta, frontenisa, esku-pilota, pala motza, Argentinako paleta, larruzko paleta, gomazko paleta trinkoa.

Gaurtik —urtarrilak 18— aurrera, modalitate hauetara zabalduko da zuzeneko erreserba:

  • Gehienez 6 lagun: saskibaloia, eskubaloia, areto-futbola, boleibola.
  • Auzoetako frontoiak: zesta-punta, frontenisa, esku-pilota, pala motza, Argentinako paleta, larruzko paleta, gomazko paleta trinkoa.

Indarrean dauden gomendio sanitarioen mende dago instalazioen erreserba-sistema —ordutegi-mugak, maskararen erabilera, oinetakoak aldatu beharra, instalazioen gehieneko edukierak— eta orobat bete beharko dira dutxei, aldagelei eta besteri dagokienez ezarritako berariazko arauak ere.

Informazio gehiago: Kirol-instalazioen erreserba zuzenak: berrabiatzeko egutegia

Share

Udalak dagoeneko bideratu du kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25en itzulketa

Gasteizko Udalak beteak ditu kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25 itzultzeko izapideak. Banku-entitatearen arabera -ordainagiria helbideratuta dagoen lekua-, atzo bertan sartu zen kontuan dirua, edo datozen egunetan. Osasun krisialdian ekipamenduak itxi behar izan zirelarik, abonatu guztiei abonamenduaren laurdena automatikoki itzultzea erabaki zen irailean, ez dago horri buruzko eskaerarik egin beharrik.

Itzulketaren kopuru nominala 1.568.354,24 euro da orotara. Horri 33.582,91 euro kendu zaizkio, Udalarekin beste kontzeptu batzuengatik zorrak dituzten abonatuei dagozkienak; beraz, 1.534.771,33 euro itzuliko dira berez. Guztira 91.509 itzulketa dira. 97.000 abonatu baino gehiago dira, baina 0 eta 4 urte bitarteko tartean urteko kuota 0 eurokoa da.

Gizarte etxeetako jardueren kasuan bezala, aldez aurretik banan-banan jakinaraztea egin gabe itzuliko da dirua. Itzulketaren egiaztagiria edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, 010 telefonora deitu dezakete abonatuek. Itzulketa urteko kuotari bakarrik aplikatzen zaio, ez matrikula-kuotari edo inskripzio-gastuei.

“Gure gain hartu genuen dirua itzultzeko konpromisoa, eta konpentsazio logikoa da, instalazioak itxiz gero zerbitzua etenda geratu baitzen. Zalantzarik gabe, 2020. urtea kirola egiteko urte zaila izan zelako gogoratuko da, besteak beste; hori dela eta, gure kirol-instalazioen sareko abonatuen konfiantza eskertu nahi dugu”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

 

Share

Kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25eko itzulketa aurten jaso ahalko da, edo 2021eko kuotan deskontatu

Iñaki Gurtubai alkateordeak aurreratu du zeintzuk izango diren udal kirol instalazioetako abonamenduaren laurdena itzultzeko bi moduak, osasun krisiak instalazioak ixtera behartu baitzuen.  Alde batetik, kudeaketa errazteko, itzulketa hori ofizioz egingo da, datorren urteko kuotan % 25eko deskontua eginez.

 

Itxieragatiko konpentsazioa aurten bertan lortu nahi duten pertsonek, berriz, kuotaren % 25 hori zuzenean itzultzeko eskatu ahalko dute, eta horretarako prozedura prestatzen ari dira.

 

Udalak hainbat faktore hartu ditu kontuan udal kirol instalazioetara abonatutako pertsonei itzuli beharreko prezio publikoaren zatia % 25ekoa dela kalkulatzeko. Instalazioak itxita egon ziren denboraz gain (hiru hilabete pasatxo), beste alderdi batzuek eragiten dute, esaterako, itxieran instalazioen mantentze-lanak eta programak ordaindu behar izateak pandemiaren ondoren instalazioak erabili ahal izateko. Aipatzekoa da, halaber, instalazioen egungo irekiera % 100ekoa ez bada ere, segurtasun-neurri gehigarriak hartzeko beharrak gastu arrunta baino handiagoa dakarrela.

 

Iñaki Gurtubaik gogorarazi duenez, udalaren kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen denak ekipamendu sare horren urteko kostuaren herena estaltzen du gutxi gorabehera.

 

 

Udako kanpainaren bilakaera positiboa

 

Bestalde, alkateordeak udako kanpainaren eboluzioaren balantzea egin du. Mendizorrotza eta Gamarrako esparruak duela astebete ireki ziren jendearentzat, edukiera kontrolatzeko eta aurretiko hitzordua eskatzeko sistema ezarrita.

 

Orotara 20.642 izen-emate erregistratu dira uztailaren 1etik 5era bitartean, eta, batez beste, izena ematen duten pertsonen % 80-85 sartu dira. Erreserba egiteko bi kanaletatik, erreserben % 15-20 telefonoz egin dira, eta % 80-85 udalaren webgunearen bidez.

 

Igandea, hilak 5, izan zen igerilekuetan jende gehien bildu zen eguna, eta egun horretarako datuak erreferentziatzat hartuta, presentzia handieneko adin-taldea 41 eta 50 urte artekoa da ( % 30), eta, ondoren, 0-10 urtekoa (% 20). Horrek esan nahi du erabiltzaileen profila batez ere familiartekoa dela.

 

Kirol-guneetako berdeguneetan distantzia fisikoa bermatzeko zirkunferentzia-sistemari dagokionez, erabiltzaileek zuzen erabiltzen dute, eta egiaztatu da formula horrek distantziak mantentzea bermatzen duela. Bestalde, instalazioetako sarbideetan normaltasunez ari dira, tornuetan ez baita pilaketarik izan. Sarrera bolumen handiena bi tartetan izaten da: goizeko 11:00etatik 12:00etara (sarreren % 25) eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara ( % 30). Irteeretan ere ez da pilaketarik gertatzen, mailakatua izaten baita.

 

 

Share