Prentsa Oharren banner

Alkateak Michelin Hirien Sarearen aurrean aurkeztu du Gasteizek pandemiaren ostean bere etorkizunari aurre nola egingo dion

Gorka Urtaran alkateak beste alkate eta klima-aldaketen aurreko estrategian adituak direnekin batera hartu du parte “Hiri-erresilientzia” bideokonferentzian. Ekimena Michelin Hirien Nazioarteko Sareak antolatu du. Hitzorduaren bidez, ekonomia, ingurumen eta gizarte arloko jasangarritasunaren ikuspegiaren pean pandemiak eragin duen trantsizio-etapari aurre egiteko tokian tokitik zer estrategia planteatu duten ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek. Jasangarritasunaren ikuspegi soziala izan da, hain zuzen ere, Gasteizko alkateak bereziki landu duena:

Urtaranek Orain Gasteiz planaren ardatzak zehaztu ditu. Horixe bera da koronabirusak eragindako krisiaren aurrean jarduteko ardatz nagusia eta hauek dira horren oinarriak: osasunaren babesa (eskumena duten administrazioekin elkarlanean), gizarte-ongizatea sendotzea (bakarrik dauden adinekoengan, adingabeak dituzten familiengan eta etxerik gabeko pertsonengan arreta berezia jarrita) eta tokiko ekonomia babestea.

 

Etorkizunera begira, Gasteizko alkateak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak European Green Deal estrategian hartu duela parte. “Ezinbesteko beharra da etorkizuneko hirietarako”, aipatu du Urtaranek. Gainera, jarduteko beste ardatz bat ere zehaztu du: Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Ekimen zehatz horien artean, auzo guztietan gertutasuneko baliabideen proiektuak nola garatzen ari diren azaldu nahi izan du. Bestalde, adibide gisa jarri du supersagarren proiektua, Gasteiz 2030ean CO2 emisioetan neutroak diren Europako 100 hirietako bat bihurtzeko funtsezkoa izango dena. Era berean, energia oinarritzat hartuta, hiriko birgaitze-politikei protagonismoa eman nahi izan die.

Jardunaldian, bestalde,David Millerrek, Torontoko alkate ohiak, ere hartu du parte. Bere ustez, COVID-19ak eragindako krisia hiriak berreskuratzeko aukera izan daiteke, lehentasuna pertsonengan jarrita. Bere hitzaldian, Bridgewater-eko (Kanada) alkatearekin, David Mitchellekin, solasean aritzeko aukera izan du.

 

Porous city network & landprocess enpresako CEOak eta sortzaileak, Kotchakorn Voraakhomek, etorkizuneko krisiei aurre egiteko garaian baliabide hidrikoak eta paisaia-arkitekturaren ikuspegitik horiek behar bezala kudeatzea erabakigarriak izan daitezkeela azaldu du. Jair Alexandre Gonçalvesek, Guarulhoseko (biztanle gehien duen Brasilgo hirietako bat da) Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak, udalerri horrek abian duen uholdeak prebenitzeko proiektuaren berri eman du.

 

Bestalde,Jérôme Auslenderrek, Frantziako Clermont-Ferrand hiriko alkateordeak, COVID-19ari aurre egiteko hiri horrek abian jarri dituen neurriak zehaztu ditu. Amaitzeko, tokiko demokrazian nazioarteko aditua den Firdous Oussidhoumek zerbitzu publikoak hobetzearekin lotuta pandemiak berekin ekarri duen ikasbidea azaldu eta hiritarrak horretaz gero eta gehiago jabetzen direla azpimarratu du.

 

Michelin Hirien Sareak, gaur egun, Europako, Amerikako, Asiako eta Afrikako 35 udalerri biltzen ditu. 2019an, Gasteizen egin zuten bigarren kongresua (hirugarrena irailean egingo dute Querétaron (Mexiko)- eta gaur egun Gorka Urtaran da Sareko presidenteordea.

Share