Prentsa Oharren banner

Gasteizek krisiaren aurkako borroka areagotuko du, 2 milioian balioetsitako laguntza-plan batekin

 

Etxebarriak gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak iragarri ditu ehungintzarako eta bidaia agentzietarako 

Merkataritza eta ostalaritza modernizatzeko dirulaguntzek terrazak hornitzeko linea bat izango dute lehen aldiz

 

Gasteizko Udalak laguntza plan bat jarri du abian osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko. Programa horren lehen faseak 2 milioi euroko aurrekontua du eta sostengu ekonomikoa eta pizgarri fiskalak barne hartzen ditu; urtean zehar neurri berriekin osatuko da plana. Planak indartu egiten ditu Arabako hiriburuak azken hilabeteetan ekonomia dinamizatzeko bideratu dituen politiken zutabeak, hainbat berritasunekin. Besteak beste, gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak sortu dira bi sektore berezitarako: ehungintza (arropa-dendak eta zapata-dendak, besteren artean) eta turismoa (bidaia-agentziak, biltzarren antolaketa eta gidariak). Gainera, terrazen ekipamendurako dirulaguntzak emango ditu Udalak lehen aldiz, ostalaritza sektoreak hala eskatu baitu; enpresen arloan, berriz, ekonomia zirkularreko proiektuei laguntzeko lerro bat estreinatuko du.

Gaur, asteazkenarekin, aurkeztu dute plana alkateorde Maider Etxebarriak eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek; hain zuzen ere, “pandemiak kaltetutako sektoreen iradokizunetan oinarritzen da” plana. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak adierazi duenez, programak hiru ardatz nagusi ditu, sailak agintaldi honetan bere estrategia politikoaren erdigunean jarri dituen arloei erantzuten dietenak: merkataritzari eta ostalaritzari, enpresa-ehunari eta turismo-sektoreari laguntzea. Zinegotziak azaldu duenaren arabera, laguntza horiek “beste erakunde batzuetakoekin osagarriak” izango dira, eta Udalak “laster” argitaratuko ditu betekizunak eta epeak zehazten dituzten deialdiak, teknikariek oinarriak amaitu bezain laster.

Laguntza-plan honen hiru ardatzetako lehena merkataritza eta ostalaritzari zuzentzen zaie, pandemiak gehien kaltetutakoen artean baitaude. Zehazki, urte hasiera honetan, Udalak 660.000 euro bideratuko ditu bi sektoreen defentsara, hau da, iazko aurrekontuan esleitutako zenbatekoa bikoiztuko du. Zenbateko hori hiru programatan banatuko da. Alde batetik, hirian merkataritza-enpresa txikiak eta ostalaritza-establezimenduak ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak, 300.000 euro. Bigarrenik, murgiltze digitalarekin lotuta iaz sortutako dirulaguntzak mantenduko ditu Gasteizek. 60.000 euro jarriko dira digitalizazioan laguntzeko, alegia, sareko merkataritzarekin, telelanarekin edo web korporatiboen egokitzapen edo garapenarekin lotutako ekipamendu eta software informatikorako inbertsioak ordaintzeko.

Lehen ardatz horren berritasun nagusia ehungintzara bideratutako aparteko laguntzak dira. Ildo horrek 300.000 euro izango ditu eta arropa eta osagarrien denden eta zapata-denden gastu arruntera bideratuko da. Onuradunek zenbait betekizun bete beharko dituzte: besteren artean, lokalaren antzinatasuna eta plantillaren bolumena baloratuko dira. Laguntzak 600 eurokoak izango dira gutxienez, eta alokairu edo hipoteka gastuak zein autonomoen kuota ordaintzeko balioko dute, besteak beste. “Saldoa soberan badago, eskatzaileen artean banatzeko aukera aztertuko da, partida agortu arte”, adierazi du Salazarrek.

Era berean, zinegotziak adierazi du merkataritzari eta ostalaritzari dagokion kapituluak barne hartuko dituela hiriko taberna eta jatetxeen 2021. urte osoko terraza eta zaborren tasen salbuespenak; EAJ-PSE udal gobernuak berriki iragarri duen neurri horrek 820.000 euroko eragina izango du udal kontuetan. “Ostalaritzak salbuespena eskatu zigun, haien izenean defendatu genuen, eta Ogasun Sailak mahai gainean jarri du sektoreari laguntzeko, alkateak iragarri zuen bezala.

Sailen arteko lankidetzaren adibide garbia da “, azpimarratu du Salazarrek.

 

Ekonomia zirkularreko ildo berria

Laguntza-planaren bigarren ardatzak tokiko enpresa-ehuna izango du helburu, eta lau neurri barne hartuko ditu. Kapitulu honetan sartzen dira 50 langile baino gutxiagoko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak, 140.000 euro, zeinak 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioengatik eskatu ahalko baitira; ekintzaileentzako bekak, 84.000 euro, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat; ikus-entzunezkoen sektorerako laguntzak, 100.000 euroko aurrekontuari eutsiko diotenak, zinema, telebista eta plataforma digitaletarako proiektuak, film laburren ekoizpena eta gidoien idazketa sustatzeko, eta 50.0000 euroko laguntza-ildo berria, ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko.

 

Turismoa

Hirugarren ardatzak iaz hasitako estrategia indartuko du, Gasteizen turismo-produktuak sustatzen eta sortzen lan egiten duten autonomoen eta enpresen jarduera babesteko. 2021eko laguntza-programan 100.000 euroko aparteko laguntza berriak jasoko dira sektore horretarako. Lerro horren helburua da bidaia-agentzien, gidarien, kongresuen antolaketari lotutako enpresen eta hotel-establezimendu txikien gastu arrunta ordaintzen laguntzea. Gutxieneko zenbatekoa 600 eurokoa izango da.

Laguntza-lerro bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du jendaurrean. Deialdi horiek, gainera, udalaren webgunean eta Ekonomia Sustapenaren Sailaren buletinetan iragarriko dira.

AyudasPE2021

 

Share