Prentsa Oharren banner

Milioi bat eurotik gorako inbertsioa Lakua eta Arriaga auzoen artean oinezkoentzako lotura bat sortzeko Forondako Ateko erdibitzailean, eta Julian Arrese kalean aparkaleku berria egiteko

“Konpromiso bat genuen auzokoekin eta bete egingo dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak

 

DOSSIERRA

Urtaranen gobernuak Lakua eta Arriaga auzoen arteko oinezkoentzako lotura hobetuko du Forondako ateko erdibitzailean “pasealeku” urbanizatu bat sortuz; pasealeku horretan sartzeko, semaforoz araututako bi zebra-bide egongo dira. Horretaz gain, aparkaleku berria egingo du Julian Arrese kalean. Azpiegitura horrek Arriaga auzoko aparkalekuan (Forondako Atea) galduko diren plazak konpentsatuko ditu, bertan merkataritza-azalera bat eraikitzea aurreikusten baita.

“Konpromiso bat genuen auzokoekin, hobekuntza horiek eskatu zituztelako, eta bete egingo dugu. Auzoko beharrak ezagutzen dituztenekin aritu gara lanean, eta Forondako Atearen inguruan bide-segurtasuna hobetzeko eta aparkalekuan galduko diren plazak konpentsatzeko irtenbide on bat proposatu dugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak gaur goizean.

Gobernu Batzarrak lehiaketara ateratzea onetsi duen proiektuak 908.770,38 euroko aurrekontua du eta gauzatzeko epea 9 hilabetekoa da. Gainera, proiektuak Jose Maria Diaz de Mendibil kalean hasi eta Eskualdeetako Etxeetako iparraldeko fatxadatik igarotzen den oinezkoentzako ardatza egungo aparkalekutik luzatzea ere aurreikusten du. Horretarako, orain dagoenaren zabalera bereko zati bat zolatuko da eta inguruaren estetika mantenduko da (duen marrazki geometriko bereizgarriarekin) Forondako Atearaino.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako esku-hartzearen helburuetako bat da Arriagako egungo aparkalekuaren murrizketa konpentsatzea, merkataritza-azalera bat eraikiko baita bertan. Helburu horrekin, Udalak 124 ibilgailurentzako aparkaleku berria sortuko du orain erabili gabe dagoen ondoko lursail batean; plaza horietatik 7 mugikortasun murriztuko pertsonentzako izango dira. Julian Arrese kaletik sartuko dira ibilgailuak gune honetara. Kanpoko perimetroan zein barruan lorategi-eremuak, tamaina txikiko landaketak eta zuhaitz handiak jarriko dira.

Hala ere, bide-segurtasuna da proiektuaren funtsezko alderdietako bat. Zolaturiko pasealeku bat egingo da Forondako Ateko erdibitzailean Lakua eta Arriaga auzoak segurtasunez lotu ahal izateko. Oinezkoentzako bide berriak bi noranzko bidegorria ere izango du, eta orain auzotarrek bere egin duten lur-ibilbide bat dagoen lekuan eraikiko da. Hara iristeko, gainera, semaforoz araututako bi zebra-bide erabiliko dira (bai Lakuarantz, bai Arriagarantz).

Jarduketa osoan argiteria sare berri bat jarriko da, argi-puntu berriekin (aparkalekuan, oinezkoentzako ardatzean eta erdibitzailean) eta inguruko instalazioetan hobekuntzak egingo dira.

 

Share