Prentsa Oharren banner

Gasteiztar bakoitzak urtean 3,11 euro bideratzen ditu lankidetza-proiektuetara, herrialde pobretuetako jendeak ura eskuragarri izan dezan

 Uraren Mundu Egunean, AMVISAk eta Udalak azken 5 urteon balantzea egin dute; haietan 3,9 milioi euro bideratu dituzte.

 

Azken 5 urteotan, Gasteizko Udalak eta AMVISAk, guztira, 3,9 milioi euro eraili dituzte herrialde pobretuetan uraren eta saneamenduaren arloko proiektuak egiteko; haiei esker, 33.286 pertsonak lortu dute edateko ura eskura izatea. Horrek esan nahi du gasteiztar bakoitzak urtean 3,11 euro eman dituela oinarrizko eskubide hori bermatzeko, zeina gaur, Uraren Mundu Egunean, gogorarazten baita.

Azken bosturtekoan, Udalak 2,2 milioi euro eman ditu, eta uren udal enpresak uraren fakturatik 1,7 milioi euro erabili ditu horretarako. Diru horrekin, 15 herrialdetan lagundu dira diruz proiektuak: Kolonbia, El Salvador, Etiopia, Guatemala, Ginea Konakry, Haiti, Honduras, Indonesia, Mauritania, Mozambike, Niger, Peru, Senegal, Hego Sudan eta Togo. Udal-lankidetzari esker, edateko uraren 28 sistema, 3.443 ur-hargune eta 735 komun instalatu dira guztira herrialde haietan. Halaber, lau larrialdi humanitariotan hartu da esku.

“Gasteizen, txorrota ireki eta kalitateko ura daukagu, egunean 24 orduz. Keinu hori, baina, ezin dute egin mundu osoan 2.200 milioika pertsonak; ezin dute txorrota ireki eta eskuak garbitu. Guretzat hain egunerokoa den horren atzean, inbertsio publiko handia dago, eta pertsona askoren lana, oinarrizko eskubide horri erantzuteko”, gogorarazi du AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

Uraren Mundu Egunak aintzatetsi nahi du urak alderdi guztietan duen balioa (osasunekoan, kulturalean, sozialean, ekonomikoan…), eta, 2021ean, gizaki guztiei ura eskuragarri izan dezaten bermatzea da erronka oraindik ere. Gasteizek eta hiriko erakunde eta gizarte-eragileek helburu horrekiko konpromisoari eusten diote.

“Gure konpromisoa da inor ez uztea atzean, eta laguntzea eskubide hori bermatzen herrialde pobretuenetako hiriko zein landa-eremuko komunitateei. Horretarako, gure aurrekontuen % 0,7 bideratzen dugu garapenerako lankidetzako proiektuak finantzatzeko, eta, besteak beste, ura eta saneamendua eskuragarri izateko eskubidea sustatzen dutenak lehenesten ditugu”, azaldu du Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak.

Ildo horretan, AMVISAk zein Udalak azken bost urteotan proiektuak diruz lagundu dituzten herrialdeetan “eguneroko arriskua da ura edatea eta gaixotzea edateko ona ez delako; emakumeek eta neskek egin behar izaten dute ura biltzeko zamaren parterik handiena, eta, hala, oinarrizko giza eskubideak urratzen zaizkie, hala nola hezkuntzarako eta osasunerako eskubideak”, Jon Armentiak salatu duenez.

Proiektu horiek guztiak egiteko, Udalaren ekintzak Euskal Fondoaren eta hamarnaka garapenerako gobernuz kanpoko erakunderen lankidetza izan du, zeinak arduratu baitira haiek egikaritzeko: SERSO, Medicus Mundi Araba, Nazioarteko Elkartasuna, Colombia Euskadi, Asociación Africanista Manuel Iradier, UNICEF, Asamblea de Cooperación Por la Paz, Alboan, Acción Contra el Hambre, Jóvenes y Desarrollo eta Manos Unidas.

Erakundeen ekarpena ez da finantzaketa hutsa izan. Finantzatzeaz gain, AMVISAk eta Udalak 12 azterlan tekniko egiten lagundu dute, uraren eta saneamenduaren alorreko jarduketen diseinua egokia, kalitatekoa eta jasangarria izan dadin, eta horrek hobetu ditu jarduketen funtzionaltasuna eta iraungarritasuna.

 

Garapen jasangarriko helburua

Nahiz eta ura eskuragarri izatea pertsona ororen duintasunerako funtsezko eta oinarrizko giza eskubidea izan, oraindik ere milaka pertsonak falta dute. Horregatik, ur garbia eskuragarri izatea da garapen jasangarriko 17 helburuetakoa.

  1. helburua da eskuragarritasun unibertsal eta ekitatiboa lortzea bai edateko urarena, denontzat arrazoizkoa den prezioan, bai saneamendu- eta higiene-zerbitzuena, batik bat emakume, neska eta egoera ahulean dauden pertsonentzat.
Share

Udalak 319.359 euroko dirulaguntza eman du uraren eta saneamenduaren alorreko lau lankidetza-proiektutarako

Tokiko Gobernu Batzarrak uraren eta saneamenduaren alorreko garapenerako lankidetza-proiektuetarako dirulaguntza-deialdia ebatzi du gaur.

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta AMVISAk 319.359 euro jarriko dituzte Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herritan uraren hornikuntza eta saneamendua bermatzeko. Elkarte hauen proiektuak onetsi dira: Medicus Mundi Araba, Alboan Fundazioa, Nazioarteko Elkartasuna eta SERSO Euskalherria.

Medicus Mundi Arabak 84.790 euro jasoko ditu Perun proiektu bat garatzeko, zeinen helburua baita Peruko  Purupurucha, Tastacha, Bellavista, Huamanga eta Ayacucho herrietan edateko ura eta biogestoreak dituzten komunak izan ditzatela.

Alboan Fundazioak 86.954 euro jasoko ditu Kolonbiako Restrepo eta Ginebrako landa-komunitateetako hornidura-sistema hobetzeko, edateko ura bermatuz 1.157 pertsonari.

Nazioarteko Elkartasunak 59.608 euro jasoko ditu Gineako Herico Centroko 3.052 pertsonak eta Pelleleko 280k ura izateko aukera bermatzeko, eta Herico Centroko saneamendua hobetzeko.

Azkenik, Serso Euskalherriak 88.005 euro jasoko ditu Honduraseko Jutiapako lau landa-komunitatetan edateko uraren oinarrizko zerbitzuko arazoak konpontzeko, eta ur-iturriak hobeto babesteko.

Elizbarrutiko Caritas

 Halaber Gasteizko Elizbarrutiko Caritasekin lankidetza-hitzarmena egitea onartu da, 54.000 eurokoa, laneratzeko programa bat eta lantegi okupazionalak eta laneratu aurrekoak egiteko.

Share