Prentsa Oharren banner

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 94 lantegi eta 1.137 leku eskaintzen dituzte udako jardueren programazioan

Osasun parkeetako 200 adinekok haien ariketa-errutinak erakutsi dituzte Mendizorrotzeko futbol-zelaian

Uda iristear da eta adinekoentzako zentro soziokulturalek udako jarduera-programa abian jarriko dute berriz ere; oraingo honetan, 94 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte, eta 1.137 leku egongo dira guztira.

Eskaintza zabal horretan, era guztietako ikastaroak egongo dira, hala nola, kultura lantegiak, TikTok koreografiak, eta ohiko informatika ikastaroak, norberaren zaintzari edo ariketa fisikoari buruzkoak, edo osasun parkeak, besteak beste.

“Adinekoak fisikoki zein mentalki hobeto sentitzea eta harreman berriak hastea nahi dugu; horri esker bere autonomia mantendu edo hobetuko dute, lagunduta sentituko dira eta bakardadeari aurre egin ahal izango diote, bakarrik sentitzen badira”, azaldu du Jon Armentiak, Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotziak.

Programazioaren % 70 aire zabalean egingo da eta % 30 herritar guztientzako izango da “adina kontuan hartu gabe, oso garrantzitsua baita belaunaldiek kezkak eta jarduerak partekatzeko aukera izatea”, esan du zinegotziak.

Teknologia berriekin lotutako jarduerek ere garrantzi berezia izango dute, esaterako, ordenagailuak eta telefono adimendunak erabiltzen ikasteko ikastaroak, izapideak on line egiten ikastekoak eta abar; eskaeraren % 13 osatzen dute.

Jon Armentiaren esanetan “informatikaren gaia azpimarratzen dugu, informazioaren teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen direlako gure gizartean. Argi geratu da pandemiaren ondorioz bizi dugun gizarte- eta osasun-egoera honetan”.

Ariketa fisikoa Mendizorrotzen

Jon Armentia zinegotziak Mendizorrotzeko futbol-zelaian eman du programazio horren berri; izan ere, 200 adinekok hara eraman dituzte osasun-parkeetan egin ohi dituzten ariketa-errutinak, adinekoen zentroek antolatzen dituzten jardueren adibide gisa, eta Deportivo Alavesen omenez, aurten mendeurrena ospatzen baitu.

“Denboraldi honetan babazorroek osasuna kendu eta eman digute, nahiz eta, azkenean, lehen mailan mantentzearen pozak une txarrak ahantzarazi dizkigun. Taldeari aitortu beharreko gauza da hori, are gehiago 100 urterekin osasun ona duela kontuan hartuta. Beraz, zorionak”, gehitu du Jon Armentiak.

Osasun-parkeetan 60 urtetik gorako pertsonak elkartzen dira, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere indartzeko. Erabiltzaileak nahi dutenean joan daitezke parkeetara edo entrenatzailea dagoen ordutegian, aparatuak erabiltzen eta ariketa-errutinak egiten ikasi nahi badute. Saio horiek doakoak dira.

Urte batzuetatik hona, nabarmen igo da parke horien erabiltzaile kopura eta egun 600 baino gehiago dira.  Pandemia egoeran adinekoek jarduera segurutzat daukate aire zabalean egiten delako. Gainera, erabiltzaile askorentzat mugitzeko, sozializatzeko, eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzeko aukera bikaina dira.

Gasteizek 12 osasun-parke ditu, eta joan den astean Maider Etxebarria alkateordeak iragarri bezala, legegintzaldi honetan beste bi jarriko dira, Sansomendin eta Txagorritxun. Aparteko inbertsio planaren barruan izango da, zeina 2020ko aurrekontuaren likidazio positiboarekin gauzatu ahal izango baita.

Izen-emateak

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako udako ikastaro eta lantegietan izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da. Ekainaren 2ra arte, interesdunek 1.137 lekuetako bat betetzeko aukera izango dute, eta izena ematen den hurrenkeran esleituko dira.

Horretarako, adinekoentzako zentro soziokulturaletara, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio zerbitzuetara eta herritarrei laguntzeko bulegoetara jo beharko dute. Udalaren webgunean eta 010 telefonoan ere erregistratu ahal izango dira.

Ekainaren 5ean, bete gabe geratu diren plazetan izena emateko epea zabalduko da.

Programazio guztia COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak errespetatuz egingo da eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Share