Prentsa Oharren banner

Larrialdietarako Arabako Funtsak 30.000 euro bideratu ditu Haitiko lurrikarak eragindakoei laguntzeko.

  • Elikagaiak eta premia-premiazko higiene-produktuak banatuko zaizkie 300 pertsonari.

 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eratutako Larrialdietarako Arabako Funtsak 30.000 euro bideratuko ditu,   Nazioarteko Elkartasuna -Solidaridad Internacional elkartearen bitartez, abuztuaren 14an Haitin izandako lurrikarak kaltetuei laguntzeko. Richterren eskalan 7.2ko intentsitatea izan zuen lurrikdarak.

Lurrikaraz geroztik, Haitik, eta bereziki nekazaritza eremuek, egoera humanitario eskasa bizi dute. Gainera, lurrikara gertatu zenean, Haiti segurtasun-larrialdi egoeran zegoen, uztailaren 7an errepublikako lehendakaria hil zutenetik. Lurrikarak larriagotu egin ditu arazo guztiak. UNICEFen arabera, 212.000 pertsona urik eta saneamendurik gabe geratu dira, edateko uren 56 sistemetan izandako kalte larrien eta beste 1800ek izandako kalte txikien ondorioz. 60 instalazio sanitariotan kalteak izan dira, eta horietako 28tan oso larriak.

Ereiteko garaia urrian hasi behar denez, lehenetsi egin behar da larrialdi- laguntza, pertsona ahulenak, bereziki bost urtetik beherakoak, eta haurdun eta bularra ematen duten emakumeak babesteko.

Lurrikarak gehien kaltetu dituen hiru departamentuetan bikoiztu egin da elikadura-segurtasun falta larrian dauden pertsonen kopurua, eta dagoeneko 754.000 pertsona inguru dira.  Komunikatzeko zailtasunak daude azpiegituren egoeragatik, azpiegitura faltagatik eta segurtasun-arazoengatik, eta hori dela eta nekazaritza eremuak dira kaltetuenak, ezin baitituzte oinarrizko zerbitzuak eskuratu.

Nazioarteko Elkartasuna–Solidaridad Internacional elkartearen laguntzak honakoak ditu hartzaile: haurdun dauden edo bularreko haurrak dituzten emakumeak, haur txikiak dituzten familiak, adinekoak, mugitzeko zailtasunak dituztenak, gaixoak, zaurituak edo hildakoak dituzten familiak eta etxea suntsitu zaienak.

Laguntza honen bitartez, elikagaiak eta premia-premiazko higiene-produktuak emango zaizkie Levy-Mersan 1. sekzio komunaleko  300 laguni –zehazki Camp-Perrin, Hegoaldeko departamentukoak– . Mendian isolatuta dago, eta zaila da bertara iristea.

 

 

 

 

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak 150.000 euro bideratuko ditu covid-19ak eragindako herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera

 

  • Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, GKEek Sirian, Kongon, Ruandan, Ginean eta Burkina Fason egingo dituzte proiektuak

Larrialdietarako Arabako Funtsak, zeina Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak osatzen baitute, 149.800 euro bideratuko ditu covid-19aren pandemiak eragindako eta garapen-bidean dauden herrialdeetan bost lankidetza-proiektu garatzera. Orobat, funtsa eratzeko hitzarmenari ekarpen berriak egitea onetsi dute bi erakundeek: Gasteizko Udalak 132.000 euro jarriko ditu; Arabako Foru Aldundiak, 125.000 euro.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Foru Aldundiko Gizarte Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendariak aurkeztu dituzte orain arte onetsitako proiektuak, eta Araban egoitza dutelarik proiektuak eta horiek finantzatzeko eskaerak aurkezten dituzten erakundeei laguntzeko garaian funtsaren “arintasuna” eta “eraginkortasuna” nabarmendu dute.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiaren esanetan: “Garapenerako lankidetza, eta Larrialdietarako Arabako Funtsa oraingoan, funtsezko elementua da pandemiak zenbait herrialdetan izan ditzakeen ezusteko ondorioei aurre egin ahal izateko, bertako pobreziak eta desberdintasunak covid-19ari erantzuteko gaitasuna murrizten baitute. Orain inoiz baino gehiago azpimarratu beharra dago osasunerako eskubidea eskubide unibertsala dela, eta Gasteizek eta Arabak tokian bertan eta nazioartean defendatzen dute”.

Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendaria: “Gure bi administrazioek une zail bati aurre egin behar dioten une honetan egiten dugu ahalegin hau, COVID-19k Arabako ekonomian duen eraginaren ondorioz diru-sarrerak bat-batean jaitsi direlako. Baina badakigu herrialde txiroenei ematen diegun laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dela, gaixotasunak epe ertain eta luzera izango duen eragin handiena jasango baitute”.

Funtsak proiektu hauek finantzatuko ditu:

  • Janariak, higiene- eta prebentzio-materiala eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak Labé eskualdean (Fouta Djallon, Gineako errepublika). Herrialde hartako agintariek aitortu dute ez daudela prestatuta pandemiaren aurka egiteko, ez dutelako ez osasun-materialik ez azpiegiturarik. “Asociación unión y apoyo del hablante de Pilar (Hayal Pilar)” elkarte arabarrak eskatu du laguntza, bazkideak Labé eskualdekoak baitira. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Esku-hartzea Burkina Fason, Bam probintzian, bereziki Kongoussi hirian. Herrialde horretako osasun-azpiegiturak oso egoera txarrean daude. Aipatutako eskualdean, zehazki, herrialdeko beste toki batzuetatik lekualdatutako pertsona ugari dago. ADRA entitateak tokiko antolakunde bat du lekuan bertan; prebentzio-materialak jarriko ditu, eta egoera larrian dauden 300 etxegunetarako babes-ekipoak eta janaria erosiko ditu. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Espainiako UNICEFentzako laguntza. Siriako UNICEFen bitartez ura, saneamendua, higienea eta babes-materiala helaraziko ditu, Siriari laguntzeko makroprograma baten barruan. Orotara 30.000 euroko ekarpena jasoko du horrek.
  • Manuel Iradier elkarte afrikanistaren proposamena, Uvira hirian (Hego-Kivu, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean) izandako uholdeen eragina arintzeko proiektu bat garatzeko. Pax Christi Uvira GKEarekin batera lan egingo du; erakunde horrek 17 urteko ibilbidea du, eta besteak beste, lekuz aldatutako pertsonekin, errefuxiatuekin eta larrialdi-egoeran dauden pertsonekin lan egin dute, batzuetan Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzarekin. Janaria, jantziak, etxeko tresnak eta covid-19ari aurre egiteko higiene- eta prebentzio-materiala jarriko dute. 30.000 euroko zuzkidura jasoko du proiektuak.
  • Ruandan esku hartzea, Kamonyi barrutian (Hegoko probintzian). Pandemiak eragin badie ere, esku-hartzea ez dago horrekin lotuta zuzenean. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, eurien sasoiak euri-jasak, uholdeak, haizete bortitzak eta lur-jausiak ekarri ohi ditu, gero eta larriagoak, klima-aldaketaren eraginez. Medicus Mundik koltxoiak, mantak eta esterilak, teilatuetarako xaflak, iltzeak, ur-deposituak eta ura edateko on bihurtzeko eguzki iragazkiak eramango ditu. Horretarako, 29.800 euro emango dizkio Larrialdietarako Arabako Funtsak.

Share