Prentsa Oharren banner

Leku gehiago egongo dira “Kirol bidean” kanpainan

  • 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean kirola egitea sustatzeko ekimen horrek 118 plaza gehiago izango ditu

 

Astelehenetik aurrera Udalak 118 leku gehiago eskainiko ditu “Kirol bidean” kanpainaren baitan udaberri-udarako antolatutako jardueretarako. Joan den asteazkenean indarrean sartutako osasun-neurri berriei esker, plaza gehiago egongo dira honako jarduera hauetan: arroilak, espeleologia, zaldi erronka, ferrata bidea, kayak zeharkaldia, bizikleta+SUP/kayak eta eskalada haitzetan.

Maiatzaren 31ko 26/2021 Dekretua indarrean jartzearekin batera, desagertu egin ziren aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona-taldeei jarritako mugak, ordura arte taldeak ezin baitziren 6 pertsona baino gehiagokoak izan.  Aldaketa horri esker, Udalak 118 leku gehiago eskaini ahal ditu ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburuetan egingo diren 28 saioetarako.

Izena emateko epea ekainaren 7an zabalduko da, 8:30ean, eta Udalaren web orrian edo aurrez aurre Gizarte Etxeetan eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan egin ahal izango da.

Izen-emate berri horiek COVID-19ari aurre egiteko osasun neurrien aldaketen menpe egongo dira, taldeko pertsona kopurua mugatu baitezakete. Kasu horretan, izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie inskripzioa ezeztatzeko eta dirua itzultzeko.

“Kirol bidean” kanpainaren helburua da ariketa fisikoa sustatzea Gasteizko gazteen artean (12 eta 30 urte bitartekoak), batez ere, 12 eta 18 urte bitartekoen artean, kirol desberdinak eginez oinarrizko maila batean. Jarduerak Arabako natur inguruneetan egingo dira, eta guztiak dira ohikoaz bestelako esperientziak, edukiari zein aritzeko inguruneari (mendia, itsasoa, airea) dagokienez. Kirol erakundeetako (klubak eta federazioak) eta enpresa espezializatuetako begirale kualifikatuak izango dira gidari.

Informazio gehiago eta izen-emateak: Kirol bidean kanpaina (udaberri-uda)

Share