Prentsa Oharren banner

Gasteizek Malizhaeza kalea eraberrituko du, Armentia eta Lasarte lotzen dituen kalea, auzokoek hala eskatuta

 

Udalak onetsi egin du oinezkoentzako eremua handitzeko, argiztapena hobetzeko eta saneamendu-sarea berritzeko lanen lizitazioa.

 

Malizhaeza kaleko oinezkoen eta txirrindularien irisgarritasuna hobetzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du gaur udal gobernuak. Kalea Armentiaren eta A-3102 errepidearen (Lasarte ondoan) artean dago. “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-programaren baitako proiektu hau Herritarren Partaidetzaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatu dute. Datozen egunetan deituko den lehiaketa honetarako aurrekontu osoa 374.246 eurokoa da, BEZa barne, eta Udalak (220.811 euro) eta Amvisak (153.435 euro) ordainduko dute. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute, esleitzen direnetik.

Malizhaeza kalea eraberritzearen helburua bide hori berritzea da, ikastetxe bat eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako egoitza bat gertu ditu eta. Era berean, herritarren paseorako eta aisialdirako ohiko ibilbideetako bat da, Armentiako parkean eta Lasarteko atearen inguruan, eta horregatik oinezko, korrikalari eta txirrindulari asko elkartzen da bertan. Egun eremua hondatuta dago, zuhaitzen sustraiek kaleko espaloi estua altxatu baitute, eta zenbait lekutan ez dago pasatzerik. Espaloiaren ondoan, bi noranzkoko bidegorria dago maila ezberdinetan (egoera txarrean) eta bi erraietako galtzada.

Kalea nabarmen aldatuko da eraberritu eta oinezkoentzako eremua handitzen denean. Espaloia zabaldu eta berritu egingo da, egungo bidegorria oinezkoentzat bakarrik izatera pasako delarik. Hori dela eta, bizikletak galtzadatik joan beharko dute eta trafiko-aldaketak egingo dira ibilgailu motordun gutxiago pasatzeko bertatik. Ildo horretan, Malizhaeza kaleko zirkulazioa itxi egingo da (larrialdietako ibilgailuentzat, nekazaritzako ibilgailuentzat eta bizikletentzat izan ezik) kalearen mendebaldeko muturrean (Armentiako administrazio-batzarreko bidearekiko bidegurutzean), eta Uleta eta Tarazona kaleak lotzen dituen bidearekiko bidegurutzean. Horretaz gain, hobetu egingo da argiteria, kalearen ipar aldera aldatuta, eta Amvisak saneamendu-sarea berrituko du.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek azaldu duenez, proiektu honek “oso hondatuta dagoen eta arrisku-egoerak ere eragiten dituen kale bat eraberritzeko balioko du, izan ere espaloiaren egoera txarra dela eta, oinezko batzuk bidegorria erabiltzen dute, eta horrek elkarbizitza arazoak eragiten ditu. Garrantzitsuena da herritarrek ikusi egiten dutela udalak bere eskariei erantzuten diela”. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azpimarratu duenez, Malizhaeza kalerako aurreikusitako esku hartze honek “herritarrek aspalditik egindako eskari bati erantzuten dio, eta “Mejorando Vitoria Gasteiz Hobetuz” programaren bidetik hautatu da.

Sailetik mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria bultzatzeko ahaleginak egiten jarraitzen dugu. Batetik, eraberritu, duindu eta hobetu egingo dugu oinezkoek eta inguru horretako ikastetxera doazen haurrek asko erabiltzen duten oinezko bidea. Baina horretaz gain, leku gehiago emango diogu bizikletari, eta ibilgailu motordunen kopurua jaitsiko dugu bide horretan”.

MALIZHAEZA dosierra

 

Share