Prentsa Oharren banner

Marcelo Mercadante eta haren Sexteto Porteño protagonistak izango dira Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloko lehenengo ongintzazko kontzertuan

Ekainaren 19an izango da hitzordua, Martin Ttipia plazan

 

Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloak bere lehenengo ongintzazko kontzertua aurkeztu du: ekainaren 19an 18:30etik aurrera izango da, Martin Ttipia plazan. Marcelo Mercadante —Europako bandoneon-jolerik onena, askoren iritziz— Sexteto Porteño bere taldeak lagunduta igoko da eszenatokira, Gasteizko ikusleek bere egiten jakitea goza dezaten.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Canto, Laboral Kutxako arduradun Kepa Ortiz de Urbina, Itxaropena elkarteko lehendakariorde Larraitz Uribesalgo eta Jazz Uhinak Hirian Barrenaren antolatzaile Joseba Cabezas egon dira ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan. 

“Gasteizko Martin Ttipia plaza magiaz eta xarmaz beteriko txokoa da, eta lehenengoz egingo da kontzertu bat bertan. Toki paregabea da hain egun garrantzitsu baterako. Pandemiak kultura zein hura gauzatzen den tokiak pentsarazi dizkigu. Gasteiztarrak animatzen ditugu proposamen honetara batu daitezen, musikazaleak gozaraziko ditu eta”, nabarmendu du Cantok. “Emanaldiak amaiera ezin hobea emango dio Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloaren 15. urteurrenari, zeina Gasteiz Hiri Hezitzailea jarduera-programaren barruan baitago eta azaroaren 24tik maiatzaren 18ra bitartean egin baita Jesús Guridi kontserbatorioan, ‘Le retour du jazz’ izenarekin”, gehitu du.

Kontzertuak omenaldi egingo dio Astor Piazzola badoneon-joleari, jazzaren eta tangoaren arteko fusioaren historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa izan baitzen, haren jaiotzaren 100 urte betetzen direnean. Sarrera-txartelen salmentarekin lortutako dirua, Itxaropena elkartearentzat (ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen Arabako elkartea) izango da.

Halaber, aurreko egunean (ekainaren 18an), kontzertua hasi aurretik, Jazz Uhinak Hirian Barrenak ‘2020-2021eko Ohorezko Makila’ emango dio Xabier Añuari, jazz-programak egiten aitzindari eta dibulgatzaile handia baita, eta Gasteizen saskibaloiaren sustatzailea eta nazioarteko saskibaloiko entrenatzaile ohia.

 

Kontzertua bera

Marcelo Mercantek Gasteizko kontzertuan bere obran dauden bi mundu batuko ditu: jazza eta tangoa, musika instrumentala eta kanta.

“40ko hamarkadan musikak dantzagarri izaten jarraitzeak berebiziko garrantzia zuen orkestra handi eta haien zuzendarientzat, eta kontzeptu horren barruan moldatzaile eta konpositoreek esku hartu, eta egin eta desegiten zuten, eta arrisku handiak aurkitu eta hartzen zituzten, euren errepertorio instrumentalean zein kanta-formatukoan”, adierazi du emanaldiaren antolatzaile Joseba Cabezasek.

“50eko hamarkadaren bukaera aldean, Astor Piazzola jenioa honetaz ohartu, eta aldarrikatu zuen: mundua eta gizartea aldatzen ari ziren, eta Buenos Aireseko musikak ere aldatu beharra zuen. Arrazoia zuen, noski, eta beraren musikak ordura arte pentsaezin ziren hainbat tokitara eraman zuen tangoa; mundukoago bihurtu zuen, nolabait”, gehitu du.

Sarrera-txartelak 15 euroan erosi ahal izango dira, maiatzaren 31tik aurrera (astelehena), www.ondasdejazz.com webgunean.

Informazio gehiago

 

 

Share