Prentsa Oharren banner

Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu AMVISAk

5.394.851 euro inbertituko ditu auzo hori eta hiriko beste gune batzuk hobetzeko.

AMVISAko Administrazio Kontseiluak Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu gaur. Hiriko beste zona batzuk hobetzea ere barne hartzen dute lan horiek. Balgorza-Arana aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lan horiek, 5.394.851 euroan; gauzatzeko epea hiru urtekoa izango da.

Judimendin, hornidura-sareko fibrozementu edo burdinurtu griseko hodien ordez, burdinurtu nodular eta polietileno edo mahuka-hodiak jarriko ditu AMVISAk. Saneamendu-sarean, berriz, mahuka-sistema erabiliko da, honen bitartez ez baita zangarik ireki beharrik, kolektoreen narriadura dela eta altxatu beharra dagoenean izan ezik.

Judimendi auzoko hogei bat kaletan egingo dira lan horiek. Herrandarren kalean, esaterako, Done Jakue hiribidetik Olagibel kalera doan kolektorearen edukiera hidraulikoa hobetuko da, baita Urriaren Hamabiaren kalearekiko bidegurutzeko zati batekoa ere.

AMVISAren lehendakari Marian Gutiérrezek azaldu duenez, “ Judimendik —eta beste auzo batzuek, Txagorritxu edo Pilarrek, esaterako— oso ur-sare zaharra dute, eta. konpondu ezean, etorkizunean arazoak sor ditzake. Horregatik egin ditugu obra hauek eta inbertsio handia,  hobetu egingo baita sarearen efizientzia eta bizilagunei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea”.

Herritarrei enbarazurik ez sortzeko, zangarik gabeko teknologiak erabiliko dira, ahal den neurrian, obrak egiteko (relining, sliplining, mahuka); hau da, ordeztu nahi den hodiaren barruan beste bat sartzea. Eragozpen gutxiago sortzeaz gain, gauzatze epeak laburragoak dira, eta errentagarriagoak.

Beste auzo batzuk

Hiriko beste gune batzuetan ere egingo dira hornidura-eta saneamendu-sarea hobetzeko lanak: zehazki, Aranbizkarreko, Aranako, Sansomendiko, Mendizorrotzeko eta San Kristobaleko 11 kaletan. Gaur esleitutako kontratuak lan hauek ere barne hartzen ditu.

Share

AMVISAk Europako funtsak eskuratzeko proiektu batean parte hartuko du, teleirakurketa-sistemak instalatzeko

AMVISAren administrazio kontseiluak Europako funtsak eskuratzeko proiektu partekatu batean parte hartzea onetsi du gaur, hornikuntza- eta saneamendu-sareetan teleirakurketa eta telekontroleko sistemak instalatzeko.

AMVISArekin batera, proiektuan parte hartuko dute Bilboko eta Bizkaiko Ur Partzuergoak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Urak eta Itelazpik, horiek ere Next Generation funtsen planean lehiatu nahi dute eta.

Horretarako, uren udal enpresak kanpoko aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko hitzarmen bat izenpetzea onetsi du, 4 urterako. Hitzarmen horri esker, proiektua zein dirulaguntza-deialditara aurkeztu definitu ahal izango da, laguntzak eskuratzeko aukera gehiago izate aldera.

Parte hartzen duten aldeen artean finantzatuko dute aholkularitza-gastua –160.000 euro–, eta AMVISAk % 13a ordainduko du.

Share

AMVISAk informazioa eta aholku ematen ari da nekazaritza-eremuko abonatuei, ura arduraz kontsumitu dezaten

Informazio-gutunak bidali dizkiete eguneko 400 litrotik gora kontsumitzen dituzten etxebizitzei.

 

AMVISAk informazio-gutunak bidali dizkiete nekazaritza-eremuko abonatuei, zeinetan aholku praktikoak eskaintzen baitizkiete ur-instalazioan balizko arazoak hauteman eta konpontzeko, hartara murrizteko –ahal den neurrian behintzat– neurriz gaineko kontsumoa.

Udalaren ur-enpresa informazio-kanpaina zuzentzen ari da eguneko 400 litrotik gora kontsumitzen dituzten etxebizitzetara; aintzat hartu behar da kontsumo hori nabarmen areagotzen ohi dela udan. Eguraldi ona, baratze eta berdeguneen ureztapena, etxeko igerilekuen instalazioa eta jarduera ludiko eta aisialdikoetan ur-tutua neurriz gaineko erabilera tarteko, ikaragarri hazten da ur-kontsumoa, eta horrek mehatxatu egiten du uraren kontsumo arduratsua.

Ura xahutzeko arrisku horrek bi etxebizitza-motari eragiten die batez ere: nekazaritza-eremuan daudenei eta familia bakarrekoei, zein, sarri askotan, herrietan baitaude.

“Iaz antzeko informazio-kanpaina bat egin genuen, baina orduan hiriko familia bakarreko etxeei zuzendua; aurten, berriz, nekazaritza-eremuko herrietarantz jo dugu. Ingurumen-arrazoiak alde batera, bestelako argudiorik era badugu kontsumoa arrazoizkoa eta neurrizkoa izan dadin, hartara herri horietan zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri ko ez delarik”, dio AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

2019Ko datuen arabera, AMVISAk hornitutako nekazaritza-guneko herrietako batez besteko eguneko kontsumoa 357 litrokoa izan zen, hirigunekoaren bikoitza eta gehiago. Alabaina, soilik udako datuak kontuan hartuz gero, hazkuntza % 150ekoa da.

 

 

Share

Suhiltzaileen Zerbitzuak 30 metroko autoeskailera duen kamioi berria gehitu dio flotari

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak autoeskaileradun kamioi bat gehitu berri dio ibilgailuen flotari. Scania markako kamioia da, 30 metroko altuerara irits daitekeen eskailera artikulatua duena, eta Herritarren Segurtasunaren Sailak 750.079 euro jarri du erosteko.

Ibilgailu berria 10 metro pasatxo luze da, eta 360 CV-ko potentzia du. Marian Gutiérrez zinegotziaren hitzetan, horrek “zerbitzuaren gaitasun operatiboa handitzea ahalbidetuko digu, esku-hartzeetan erantzun hobea ematea eta gure profesionalei segurtasun handiagoa eskaintzea“.

Kamioi berriaren eskailera 75 graduraino artikulatu daiteke azken zatian, eta horri esker “lan egiteko gutxieneko distantziak askoz onuragarriagoak izan daitezke“; saskiak 500 kilogramorako edukiera du, eta lau pertsonarentzako lekua.

Autoeskaileradun kamioia gehituta, suhiltzaileen flota berritzen jarraitzen da, horixe baita Herritarren Segurtasunaren Sailaren helburuetako bat agintaldi honetarako. Ildo horretatik, duela hilabete baino gutxiago bi ibilgailu berri iritsi ziren Agirrelandako suhitzaileen etxera, prebentzio, ikuskapen, prestakuntza eta mantentze lanetarako zein esku-hartzeetan laguntzeko erabiliko direnak; 41.000 eurotik gora inbertitu dira horietan.

Share