Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 apirila 2019 11:28

-Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean jasotako neurrietako bat da, eta egitura guztiak onik uzteko eta irisgarritasunaren aldetik egokitzeko balioko du

-Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du, eta Udalari gutxienez 70.000 euroko kanona ordaindu euskarriak publizitaterako ustiatzearen truke

-Kontratuak 28 milioi eurotik gorako prezioa du, inbertsioa eta hiri-altzariak 15 urtez mantentzea barne

 Hiru enpresa aurkeztu dira hiri-altzariaren kontratu berriaren lizitaziora: JCDecaux, Promedios eta Induze. Bukatu da eskaintzak aurkezteko epea. Kontratua otsailaren 22an onetsi zuen Urtaranen Gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarrean. Gasteizko markesinak berritzeko eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzeko, kontratuak barne hartuko du tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jartzea eta geralekuko 40 argibide-gune berri jartzea, besteak beste.

Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Gutxienez 70.000 eurokoa izango da, baina lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru hori gainditu ahalko dute eskaintzan. Horren truke, markesinen eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarien publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne; gauzatzeko epea 15 urtekoa da. Inbertsioak zazpi hilabeteko epean egin beharko dira.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Geralekuko 40 argibide-gune berri instalatzea ere barne hartzen du kontratuak, baita kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea ere. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina, hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 4 argibide-taula elektroniko; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Onik uzteak lan hauek hartuko ditu barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako ezaugarriak dituen pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geralekuak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Halaber, enpresa adjudikaziodunak pantailadun 20 markesina berriez hornitzeaz gain, gaur egungoetako 40 ordeztuko ditu —BEAren markesina berriak jarriko ditu haien ordez—. Horretaz gain, lekuz aldatuko ditu autobus-geralekuko 30 zutoin.

BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen adjudikaziodunaren ardura izango da, eta berez garbitzen diren zortzi komun jarri beharko ditu, TUVISAko gidarientzat. Gainera, pantaila sarean erakundearen komunikaziorako tarteak utzi beharko dizkio Udalari.

Nabarmendu beharra dago adjudikatzeko irizpideetan proposamen tekniko eta ekonomikoaz eta ingurumen- eta irisgarritasun-irizpideez gain beste alderdi batzuk hartuko direla kontuan, hala nola kontratuaren luzapena laburtzea, Udalari publizitate-tarteak uztea, eta pantaila kopurua handitzea.

Abuztuan lizitatu zuen Udalak kontratua, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Enpresa hark ez zituen betetzen eskatu beharreko gutxieneko betekizunak, Udal Zerbitzu Teknikoen arabera. Horren ondorioz, adjudikazioa hutsik geratu zela deklaratu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresak errekurtso berezia jarri zuen bera prozeduratik kanpo uztearen aurka. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi zuen enpresaren errekurtsoa ezestea, eta zuzentzat jo zuenadjudikazioa hutsik geratu zela deklaratzeko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakia.

Share