Prentsa Oharren banner

Musika tresnen bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera

Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak bildutako tresnak Siriara eramango dituztenei agur egiteko ekitaldian izan da alkatea.

 

Gaur eguerdian aterako da Gasteiztik musika tresnen II. bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera, Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak antolatutakoa; Jesús María Alegría ´Pinttu´ da horren buru. Gasteizko alkate Gorka Urtaran Siriara bidaiatuko duten pertsonei agur egiteko ekitaldi xumean izan da; herritarrek dohaintzan emandako musika-tresnez betetako furgoneta batean joango dira.

Elkarteak bildutako musika-tresnek ia tona bat pisatzen dute, eta Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei arreta ematen dien musika-eskola batera eramateko asmoa dute. Goizean goiz bukatu dute elkarteko boluntarioek furgoneta kargatzen; orain arte Simon Bolibar plazako lokal batean gorde dira instrumentuak. Ondoren, musika emanaldi laburra egin dute Gasteizko Mugarik Gabeko Musikarien musika-eskolako kideek eta Gani Mirzo musikari kurduak, zeina Gasteizko elkartearen ordezkaria baita Ekialde Ertainean.

Ekitaldiari amaiera emateko, Mikel Delika musikari gasteiztarrak —duela gutxi Urrezko Zeledona jaso du— “Agur jaunak” jo du, eta alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde Iñaki Gurtubaik hiriaren bandera bat eman diote Gani Mirzori, Gasteizen elkartasunaren ikur gisa.  Tresnak Mirzo&Music Center zentrora —Khanasore (Siriako Kurdistan)— eramango dituzte, bertan Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei errehabilitazio terapeutikoa eskaintzen baitiete. Gasteizko GKEak antolatzen duen bigarren bidalketa da. Lehena Siriako umeentzat izan zen, gerraren soinuak ahantz zitzaten.

Mugarik Gabeko Musikariak elkartea irudiak grabatzen ari da dokumental bat egiteko asmoz, tresnak jasotzen direnetik Sirian entregatu arte. Aurreko bidalketan ere grabatu zuten dokumental bat, zeinarekin sariak irabazi baitituzte aurkeztu duten giza eskubideen jaialdi guztietan.

 

 

 

Share