Prentsa Oharren banner

Ogasun Batzordeak 2022an zergak izoztea aldeztu du, eta OHZn hobari berriak jartzea

  • Tasa eta prezio publiko gehienetan % 1 eguneratuko dira tarifak
  • Kirol-instalazioen abonamendua eta Gizarte Politiken Sailaren zerbitzuen prezioak ez dira igoko

 

Ogasun Batzordean datorren urterako ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu ondoren, bost udal zergak izoztea erabaki da, hau da, OHZ, EJZ, EIOZ, ibilgailuen zerga eta gainbalioaren zerga. Horretaz gain, ondasun higiezinen zergan hobari berriak aurreikustea onetsi da: batetik, familia-errentaren araberako hobarien taula berria erabiliko da, zergak jaisteko bide ematen duten tarteak erantsiz urteko diru-sarreretan; bestetik, higiezinak birgaitzeagatiko hobariak handituko dira; azkenik, baliabide gutxien duten familia ugariei tratamendu hobea emango zaie.

Bost zerga horiek udalak jasotzen dituen diru-sarreren bi heren egiten dute. Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik adierazi duenez, zergak izoztea da “ modu zuzenena Gasteizek datorren urtean behar duen berpizte sozial eta ekonomikoari laguntzeko“.

Tasa eta prezio publikoei dagokienez, horietako gehienek % 1eko igoera izango dute, hau da, 2022erako aurreikusi den bizitzaren kostuaren gehikuntza baino nabarmen txikiagoa.  Besteak beste, zabor-tasa, TAO, haur-eskolak eta udalaren zentroetako jarduera eta ikastaroak sartzen dira horien artean.

Salbuespen gisa, izoztu egingo dira udalaren kirol instalazioen tarifak, Gizarte Politiken Sailak ematen dituen zerbitzuen prezioak (etxean laguntzeko zerbitzua, otorduak etxera banatzeko zerbitzua, jantokien prezio publikoa, etxebizitza komunitario edo egoitzen prezioa…), eta Folklore Akademiaren zein dantza kontserbatorioaren tarifak.

Beste bi berrikuntza ere onetsi dira 2022ko ordenantza fiskalen eztabaidan: udal zergen genero eraginaren azterlana egitea datorren urtetik aurrera, eta udalaren zergen alorreko arauak jasotzen dituen dokumentuaren irakurketa errazeko bertsio bat egitea, informazio hori guztientzako irisgarria izan dadin.

 

 

Share

2021eko ordenantza fiskalen eztabaidan, izoztu egin dira zergak, Ogasun Batzordean

2021eko ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu da gaur Ogasun Batzordean, eta izoztu egingo dira zergak, udal-gobernuak egindako planteamendutik ia batere urrundu gabe. Ostiralean izango den udalbatzaren osoko bilkuran berresten bada, ez zergek, ez tasek, ez prezio publikoek ez dute igoerarik izango datorren urtean, kasu puntual batzuetan izan ezik. Aurrera atera da Urtaranen gobernuak ibilgailuen zerga eta eraikuntza, instalazio eta obrena izozteko egindako proposamena. Ondasun higiezinen zergari, gainbalioaren zergari eta ekonomia-jardueren zergari dagokienez, berriz, luzatu egin dira aurtengo ordenantzak datorren urterako, eta, beraz, izoztuta geratu dira horiek ere.

Gaur goizeko eztabaidan sortu diren berritasunen artean, nabarmentzekoa da tratamendu-plantetan hondakinak utzi eta horiek tratatzeari dagozkien tasei buruzko akordioa. Izan ere, funtsean industria-hondakin gutxiago sortzera bideratutako igoerak izango baitituzte datorren urtean. Hain zuzen ere, % 4ko igoera izango dute Jundizko hiri-hondakin solidoen plantara iristen diren hondakinek; aldiz, Gardelegiko zabortegira iristen diren industria-hondakinen kasuan % 26,5era iritsiko da igoera.

Beste berritasun bat Luis Aranburu musika-eskolako eta Jose Uruñuela dantza-kontserbatorioko tasei dagokie. Izan ere, % 50eko beste hobari bat sartzea erabaki da, matrikularen prezioaren gainean, guraso bakarreko familientzat, beste zerga batzuetan ere aplikatzen diren genero-berdintasunaren arloko politikekin bat etorriz.

Gainera, tarifa berri bat sortu da bizikletentzako aparkaleku seguruei dagozkien prezio publikoetan; izan ere, egoiliarren urteko abonamendua 72,72 eurokoa izango dela erabaki da —egoiliarrentzat egokitutako aparkalekuetan bizikleta urte osoan aparkatzeko aukera emango du—.

Azkenik, tasa berri bat sartu da datorren urteko ordenantza fiskalen proiektuan: jabari publiko lokalaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa —energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioak—. Diru-iturri berri bat izango da tasa hori Udalarentzat, eta 300.000 euro inguruko kopurua jasotzea espero da.

Datorren urteko zergen proiektuak ez du barne hartuko, azkenik, udal gobernuak 2022 eta 2023rako aurreikusitako tasa eta prezio publikoen % 2ko igoera. Hala ere, Udalaren diru-sarreren eztabaidan koherentziaz jokatzeko premia gogorarazi du Ogasun zinegotziak. “Udal zerbitzuak mantendu nahi baditugu —hurrengo urteetan eskari handiagoa izango duten zerbitzu horiek—, diru-bilketa maila onargarri bati eutsi beharko diogu”, berretsi du Iñaki Gurtubaik.

Gizarte Kontseiluak helarazitako planteamenduei dagokienez, izango dute eraginik Udal Ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukeran. Orain arte gehienez 24 hilabeteko epea zegoen finkatua Udalarekiko zerga-zorraren ordainketa zatikatzeko; datorren urtetik, berriz, 60 hilabetekoa izango da epe hori.

Share