Prentsa Oharren banner

Olarizu egunean mugarriak bisitatzeko tradizioari eutsiko dio Gasteizek, baina aurten zenbait mugekin, osasun-prebentziogatik

 

Udalbatzak irailaren 14an, astelehena, egingo du Gasteizko udalerriko mugarrien zatia, Olarizuko jaiaren inguruko mugarrien bisita tradizionalari dagokiona, baina aurten hainbat berezitasunekin egingo du, bizi dugun salbuespen-egoeran segurtasuna bermatzeko.

Aurten ez da egingo Olarizuko zelaietan milaka gasteiztar bildu ohi dituen erromeria, baina Udalak eutsi egin dio urtero udalerria mugatzen duten mugarrietako batzuetara bisita egiteko ohiturari, udalerriko administrazio-batzar eta herrietako ordezkariekin batera.

Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, aurten ez da Plaza Berritik goizeko bederatzietan aterako ohiko segizioa; aitzitik, bisita Miñanogutxiko kalean hasiko da zuzenean, eta bertara joango dira Udalbatzako ordezkariak beren ibilgailuetan, hartara distantzia soziala bermatzeko. 10 pertsona joango dira, ez gehiago, zein bere maskara jantzita.

Aurtengo ibilbidea

Miñanogutxiko herrira iristean, 185. zenbakiko mugarrira doan bide bat hartuko dute, hain zuzen ere 2019an aztertu zen azkenera; horixe da, beraz, aurten bisitatuko duten lehena. Toki horretan Luku herriko eta Arratzua-Ubarrundiko Udaleko ordezkariak izango da, baita Gasteizko udalerrikoa den den Miñao herrikoak ere.

“Minako Arana” terminoan dagoen 185. mugarri horretan hasiko da bisita: Bilboko errepidea zeharkatuz, “Angelu” terminora iritsita, Santa Engrazia ibaia gurutzatu baino lehen, 186. eta 187. mugarriak bisitatuko dituzte bidaideek. Santa Engrazia ibaia eta Vasco-Navarro trenbide ohia zeharkatuz ostean, 188. mugarria bisitatuko da, non Miñaoren jurisdikzioa amaitzen den, eta Amaritakoa hasten.

“Aretxaburua” barrutitik igaroko dira, eta Lukutik Amaritara doan bidezidorra eta bi herri horiek lotzen dituen bidea zeharkatuz, 189, 190, 191 eta 192 zenbakidun mugarriak bisitatuko dituzte. Norazkoa aldatu eta iparraldera eginez, “Aretxaburua” terminoko nekazaritza-lurretatik irten eta larretatik eta menditik jarraituz ,”Txulitarana”, “Padurea”, “Campana” eta “Isasia” barrutietan barrena, 220. mugarrira iritsiko dira, tartekoak ere gainditu. Handik Uribarri Ganboa herria ikusten da. Iparraldean, hauxe da Gasteizko udal-mugartearen puntu urrunena da, hortxe Luku herriaren jurisdikzioa amaitzen da, eta Uribarri Ganboarena hasi.

“Isasia” terminoaren gailurretik, Uribarri Ganboako urtegira begira, Udalbatzak jaisten jarraituko du “Aldatza” terminoan barrena, eta 230. mugarrira iritsiko da. Berriro ere noranzkoa aldatuko dute, orain hego-ekialdera, eta “Aldatza” barruti horretan behera jota, “Alto Arrestia” eta “Saldesia” izenekoak gaindituko dituzte, eta baita 231, 232, 233 eta 234 zenbakiko mugarriak ere. Mugarri horretan amaitzen Uribarri Ganboaren jurisdikzioa, eta hasten da Arroiaberena.

Segizioak Lukutik Arroiabera doan bide zaharretik joko du, eta aurrerago baita Amaritatik Arroiabera doan bidetik ere, “Sullubarri” terminoan sartuta. Bertan –orain Zadorra ibaiaren inguruan–, 242 zenbakirainoko mugarriak bisitatuko dituzte, hurrenez hurren; azken mugarri horretan Mendibil herriko ordezkariak bilduko zaizkie, eta Arroiabe eta Amaritakoekin egingo dute aurrera.

Zadorraren eta “Miguraldea” terminoaren ertzetik jarraituko dute, harik eta Mendibileko barruti hesitura iristean 243. mugarrira iritsi arte. Ondoren, Zadorra ibaia utzi eta “Muskurio” eta “Amaritabea” terminoetatik igarota, Mendibil herritik Amaritara doan errepidearen inguruan, 247. mugarria bisitatuko dute.

Zinegotziek lur partikularren jarraituko dute bidea, Amaritako errotaren presaren ingurura iritsi arte, eta tarte horretan 248 eta 249 zenbakiekin adierazitako mugarriak bisitatuko dituzte. Hortik, Santa Engrazia ibaiaren ertzetik, “Irizaya” izeneko terminoan eta Zadorra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino, Erretana herriko barruti hesitua amaitu arte jarraituko dute, 250. mugarrira iritsiko dira, non Amarita eta Mendibil herrien ordezkariak erretiratuko diren, eta Erretana eta Dura herrietakoak agertuko.

Gamarragutxia herrira bidean, “Irizaya” terminotik barrena, 251. eta 252. mugarriak bisitatuko dituzte ibiltariek, eta Bilbo eta Bergara lotzen dituen errepidera iritsiko dira, Durako geltoki ohiaren orubetik igarota. Errepidearen pare-parean dagoen 253. mugarria bisitatuko dute, “Sanpauloa” terminoan. Bertan, Erretanako jurisdikzioa amaitzen da, eta Gamarra eta Gamarragutxikoak hasten dira. Urtero bezala, Udaleko mendizainek ikuskapen-bisita bat egingo dute aurretik.

Share