Prentsa Oharren banner

Udalak opor-jardueren programa berreskuratu du eta 2.210 plaza eskainiko ditu guztira 2021ean

Izena emateko epea apirilaren 6an hasiko da

 

Gasteizko Udalak opor-jardueren programa berreskuratu du; iaz bertan behera utzi behar izan zuen pandemia zela eta. 2021. urtean 2.210 plaza eskainiko ditu: 1.797 leku 4 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat, eta beste 413 “Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetarako”; azken hauek Kirol Zerbitzuak herritar ororentzat antolatzen ditu. Jarduera hauei hiriko guraso-elkarteek antolatzen dituztenak gehitu behar zaizkie.

“Pozgarria da programa hau berreskuratu ahal izatea; hori bai, osasun-agintariek ezarritako neurri guztiak betez. Horrela, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzen dugu”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi den Estíbaliz Cantok.

Eskaintza 8 programatan banatuta dago eta 2021eko ekainaren 21etik abuztuaren 27ra bitartean egingo da, guztira 10 aste: “Jolas txokoak” (640 plaza), “Udako ludotekak” (477 plaza), “Green Summer Camp” (200 plaza), “Abentura udalekua” (90 plaza), “Udako txokokluba” (110 plaza), “Jarduera nautikoetako campusa” (184 plaza), “Udalekuak hondartzan” (96 plaza) eta “Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak” (413 plaza).

“Eskaintza zabal hau udal sailen planifikazio bateratu eta koordinatuari esker antolatu dugu. Elkarrekin ari gara lanean Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioekin lotura zuzena duten hezkuntza-helburuak lortzeko, hots, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, jasangarritasuna eta abar”, gehitu du Cantok.

Programa honetan izena eman nahi dutenek apirilaren 6tik 18ra egin ahalko dute. Zozketa maiatzaren 10ean egingo da eta izen-ematea maiatzaren 10etik 18ra formalizatu beharko da. Maiatzaren 21ean libre geratutako plazak argitaratuko dira, eta maiatzaren 26tik ekainaren 6ra bitartean eskatu ahal izango dira.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokienez, maiatzaren azken astean hasiko da izena emateko epea, eskainitako lekuak bete arte.

Opor-plazetarako eskabideak aurkeztu zein formalizatzeko hainbat bide daude: gizarte etxeetan, aurretiaz hitzordua eskatuta (8:30etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera); herritarren argibideetarako telefonora deituz (010 edo 945 16 11 00); edo Udalaren web orriko (www.vitoria-gasteiz.org) egoitza elektronikoan.

Informazio gehiago

 

 

 

Share