Prentsa Oharren banner

Udako igerilekuetan gehienez ere bost ordu egoteko muga ez du aplikatuko Udalak jende gutxi aurreikusten duen egunetan

  • Muga indarrean dagoen ala ez egunean bertan kontsultatu ahal izango da web orrian edo instalazioetako sarbideko pantailetan

Udako kanpaina hasi zenetik ia hiru aste igaro direnean, Udalak erabaki du ez aplikatzea 5 orduko muga pertsona eta egun bakoitzeko, eguraldiaren aurreikuspenagatik edo egutegiagatik beharrezkoa ez den egunetan.

Orduen muga malgutzeko, erabiltzaileen etorreraren aurreikuspen eguneratua hartuko da oinarri. Eguraldia edo egutegia dela eta, instalazio bakoitzean aldi berean 3.000 pertsona baino gutxiago egongo direla aurreikusten bada, erabiltzaileak egun osoan egon ahal izango dira Mendizorrotzen eta Gamarran. Horrela, gehiago disfrutatu ahal izango dute udako instalazioez jende kopuru handia aurreikusten ez den egunetan.

Gainerakoan, mantendu egiten dira osasun-agintariek ezarritako gizarte-urruntzearen neurriak eta kirol-espazioetako edukiera-mugak. Hori dela eta, instalazio bakoitzean gehienez ere 3.000 pertsona egon ahal izango dira, eta 5 orduz eguneko, aurreikuspenen ondorioz malgutu ezin denean.

Kanpainak bilakaera ona izan du orain arte, jendetzarik gabe eta leku libreekin bai Mendizorrotzen bai Gamarran, eta, horri esker, posible izan da neurri hori hartzea. Erabaki hori hartu da egiaztatu delako egungo sistemak errotazio egokia bermatzen duela jende gehien biltzen den egunetan.

Orduen muga indarrean dagoen edo ez jakiteko, egunean bertan ikusi ahal izango da Udalaren webgunean edo instalazioetako sarbideetan instalatutako pantailetan.

Gehieneko egonaldia behin eta berriro gaindituz gero (mota horretako lau arau-hauste edo gehiago egiten direnean), erabiltzaileari astebetez debekatuko zaio igerilekuetan sartzea, astelehenetik igandera. Lehenago, ordutegi-muga gainditu dutela ohartaraziko zaie pertsonei instalazioetatik irtetean, eta, muga hori hiru aldiz gainditu ondoren, telefonoz eta idatziz jakinaraziko zaie ez dituztela igerilekuak behar bezala erabili eta sartzea debekatu ahal izango dietela.

Share