Prentsa Oharren banner

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala izango denak badu osasun-parkea jada, udal sareko hamabigarrena

Urriaren 1ean hasiko da ikasturtea parte horietan, zeinetan 400 adinekok baino gehiagok egin baitzituzten jarduera fisikoko programak 2019an

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalak instalazioak prestatzen jarraitzen du, urtea bukatu aurretik irekitzeko asmoz. Barrualdean espazioak hornitzen jarraitzen dute; kanpoaldean, berriz, osasun-parkea instalatu da jada Vera-Fajardo Margolariaren kaleko zati batean, adinekoei egokitutako gimnasia aparatuz horniturik, ariketa fisikoa egiterik izan dezaten.

Parke berria udal sarearen hamabigarrena izango da. Banaka edo begirale profesionalen laguntzarekin erabili ahalko da, lantegi eta saio praktikoen programa baten bidez. Adinekoentzako zentro soziokulturalek urriaren 1ean jarriko dute abian programa, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin batera.

Ordubeteko saioak egingo dira hamar osasun-parketan, 10 pertsonako taldeetan; iaz 400 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte horietan, emakumeak gehienak (355).

Ariketaren bidez, adinekoen autonomia sustatzen laguntzen dute parkeek, haien adinerako egokia den jarduera fisikoaz informatu eta prestatzen, eta haiengan jarrera positibo eta irekia pizten, zahartzeari aktiboki aurre egin diezaioten“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoek eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jardueretan parte hartzen dutenek segurtasun distantzia gorde beharko dute elkarren artean, maskara nahitaezkoa izango dute —ariketa gogorra denean izan ezik— eta gel hidroalkoholikoa eraman beharko dute.

Programei berriro ekitea

“Pixkanaka urratsak egiten ari gara nolabaiteko normaltasunerantz. Une honetan irekita ditugu adinekoentzako jantokiak, baita informazio, ile-apainketa eta podologia zerbitzuak ere. Urrian, berriz, osasun-parkeak eta adinekoen zentroetarako diseinatu dugun programazioa jarriko dira martxan, gure erabiltzaileei 230 lantegi eta ia 2.700 leku eskainita“, adierazi du Armentiak.

2020-2021 jarduera-programa covid-19ak sortutako zirkunstantzia berezietara egokitu da: higiene eta osasun-segurtasunaren alorreko neurri zorrotzak hartuko dira, eta lantegi eta ikastaroetan parte-hartzaileen kopurua mugatuko.

 

Share