Prentsa Oharren banner

Gasteizek 23.000 euroko laguntza emango dio teknologia birziklatzean oinarritzen den laneratze programa bati

 

Prestaturik elkartearekin sinatutako hitzarmenak ordenagailuak eta gailu mugikorrak konpontzeari buruzko prestakuntza eta enpresako praktikak uztartzen ditu

 

Ekonomia Sustapenerako Sailak eskatuta, Udal gobernuak lankidetza-hitzarmen bat onetsi du gaur Prestaturik elkartearekin, 2021ean enplegurako prestakuntza programa bat finantzatzeko. Programa hori immigranteei dago zuzenduta, haien gizarteratze prozesuaren barruan. Programaren helburua da pertsonei informazioa eta laguntza ematea, baita enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzea ere, gailu elektronikoak konpontzeko gai izan daitezen. Udalak 23.000 euro emango dizkio proiektu horri, eta EAJ-PSEren udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak 2021erako egindako aurrekontu akordioaren emaitza da.

Programa 256 ordukoa izango da, eta hainbat ikasgai izango ditu, esaterako, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak eta gailu mugikorrak mantentzeko eta konpontzeko ikastaroak; modulu osagarriak ere eskainiko dira, hala nola, gizarteratzeari, ingurumenaren arloan sentsibilizatzeari, genero-berdintasunari eta ekintzailetza sustatzeari buruzkoak. Horretaz gain, proiektuak enpresetan praktikak egitea aurreikusten du.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “langabezian dauden immigranteen potentziala sustatzea oso erronka garrantzitsua da. Hori lortzeko, prestakuntza oso tresna indartsua da, pertsona horiek eransten duten giza kapitala eta kapital soziala eta ekonomikoa aprobetxatzeko aukera emango digulako. Etorkinen enplegagarritasuna areagotzeari ateak irekitzen dizkiogu hirian”.

Bestalde, Garbiñe Ruiz zinegotziaren esanetan, “Elkarrekin taldetik hitzarmen hau bultzatzen jarraitzen dugu; izan ere, iaz oso emaitza onak eman zituen, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Ekonomia zirkularrean enpleguak sortzea, proiektu honen kasuan bezala, gure udalerriak erreferentziako Green Capital izaten jarraitzea ahalbidetzen duen lan-ildoa da”.

 

 

 

Share