Prentsa Oharren banner

Espazio Publikoak hiriko zuhaitzak indartuko ditu kalitatezko landaketekin, aleen garapena errazteko eta kaleei ingurumen-onurak emateko

Udalak 280.000 euro baino gehiago inbertituko ditu gutxienez hiriko hamar gunetan



Gasteizko Udaleko Mugikortasun eta Espazio Publiko Sailak 282.139,87 euro inbertituko ditu aurtengo neguan auzoetako zuhaitzak hobetzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du lan horiek kontratatzeko espedientea, hiriko hamar gunetan zuhaitzak landatzeko.

“Gure hiriari zuhaitz gehiago gehitu nahi dizkiogu, gaur egun 112.000 unitate baino gehiago baititu. Baina, era berean, eta hau oso garrantzitsua da, ale berri horiek kalitate handiagokoak izatea nahi dugu, garatu daitezela eta tamaina handiagoa har dezatela, eta horrela ingurumen-onura handiagoak ekar diezazkiotela hiriari “, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.

Ildo horretan, planteamenduak bikaintasuna bilatzen du: zuhaitz-etorbide handiak lortzea, horien onurak onargarriak eta eraginkorrak izan daitezen. Horregatik, enpresa esleipendunak ondo prestatu beharko du lurra, kalitatezko zuhaitzak landatu beharko ditu eta mantentze-lanez arduratu beharko du 2 urtez. Udalak landatuko diren ingururako egokiak diren espezieak aukeratuko ditu.

Aurreikusitako jarduketen ardatzak honako hauek dira: Elorriagako Atea, Salburuako aerodromoa, Estrasburgo etorbidea, Lakua Arriaga ingurua, Ibaiondo kiroldegia, Wellington Dukearen etorbidea, Autobus Geltokia, Bastida plaza, Zabalgana etorbidea Antoniako biribilguneraino eta Oto hiribidea. Lanek bi hilabete eta erdiko epea izango dute.

 

Share

Aurrera jarraitzen dute Gasteizko markesina digital berriak jartzeko lanek

Gasteizko markesina digital berriak jartzeko lanak aurrera doaz. Gaur goizean, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok geltokien hedapenaren bilakaera ezagutu ahal izan du JCDecaux enpresaren ordezkaritzarekin batera, enpresa horretako zuzendari nagusi Carlos Barón buru zelarik.

Orotara tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jartzen ari dira Gasteizen, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere.

“Aukera modernoagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak dira, eta informazio gehiago eskaintzen dute. Azken batean, hiri teknologiko eta konektatuago baterantz goaz, etorkizuneko hirirantz”, esan du zinegotziak.

Dagoeneko markesina digital hauek muntatu dira:


Gasteiz hiribidea, 85

Gasteiz hiribidea, 70

Gasteiz hiribidea, 73

Gasteiz hiribidea, 54

Tomas Zumarraga Dohatsua / Argentina

Adriano VI.a, 1


Asteazkenean, hilak 22, beste bat muntatuko da Jesus Maria Leizaola plazan. Eta datozen asteetan beste batzuk muntatzen joango dira, progresiboki.

Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Munta handiko kontratua da: 28 milioi eurotik gora 13 urtetan, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne.

Udalak markesinen jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki du —Patxi Mangado arkitekto nafarrak egin zuen—, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita.

20 markesina berriek tamaina handiko LCD pantaila digital bana izango dute (82 hazbeteraino); pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

 

Share

Astelehenetik aurrera MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahalko da Tuvisako autobusetan

Datorren astelehenetik aurrera, irailak 20, MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahal izango da TUVISAko autobusetan. Txartel horiek udalaren garraio sozietateak kudeatutako eguneko eta gaueko linea konbentzionaletan bidaiatzeko balioko dute.

“Urrats berri bat eman dugu TUVISAren elkarreragingarritasunari dagokionez. Aurrerapauso garrantzitsua da, eta aurrera egiten jarraituko dugu garraio publikoa herritarrentzat erakargarriagoa izan dadin” azaldu du Tuvisako lehendakari eta eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

MUGI eta BARIK txartelak txartel anonimo gisa erabiliko dira TUVISAren autobusetan. Bidaiariek familia ugarien FN20 eta FN50 taldeentzako dauden tarifa hobaridunak baliatzerik izango dute. Gainerako erabiltzaileek BAT txartel orokorraren tarifa ordainduko dute – autobus-aldaketarako eskubiderik gabe–, eta horrenbestez nabarmen merkatuko zaie tarifa esku-dirutan ordaintzearekin alderatuta.

Share

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak BEIri buruzko informazio kanpaina bati ekingo dio irailean, foiletoak banatuta eta herritarrekin bilduta

Gasteizko Udalaren Mugikortasunaren eta espazio publikoaren Sailak Autobus Elektriko Inteligenteari buruzko informazio kanpaina bati ekingo dio irailean. Ekimenaren xedeak dira herritarrei lehen eskutik BEIren ezaugarri zein abantailen berri ematea, herritarren zalantzak argitzea, eta euren iradokizunak jasotzea.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok gaur goizean azaldu duenez, Udaleko langileak eta zinegotziak berak bilerak izango dituzte herritar interesatuekin irailetik aurrera. “Egutegi bat osatuko dugu auzo-elkarteekin, BEIren ibilbidean dauden enpresetako langileekin, adinekoekin, era guztietako elkarteekin, eta abarrekin… Xedeak proiektuaren gorabehera eta xehetasunak azaltzen jarraitzea, eta herritarrek egin nahi dizkiguten ekarpen guztiak jasotzea dira”. Autobus elektrikoak 14 auzo batuko ditu, 2. linea baliatuta, eta goi-mailako teknologiadun 13 ibilgailu elektriko berriren bitartez. Maiztasuna hobetuko du, eta garraiobide iraungarri, berritzaile eta segurua izango da, edonork erabiltzeko modukoa. Udalak 9,1 milioi inbertituko ditu proiektuan.

Gaur goizeko saion, zinegotziak bileretan banatuko diren esku-orriak eta foiletoen diseinua erakutsi du, eta gaineratu du uda pasa berritan gasteiztarren postontzietan banatuko direla. Agiri oso grafiko eta erraz ulertzekoak dira, zeinetan sartu baita informazio lagungarria BEIren erabiltzaileentzako, ea baita oinezko, ibilgailu-gidari eta txirrindularientzat ere. “Egoki iruditu zaigu BEIren abantailak azaltzea eta hura erabiltzeko informazio lagungarria banatzea, bai eta mezu bat helaraztea agian garraiobide hau erabiltzeko aukera pentsatu er ez duten pertsonei”, esan du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Halaber, Raimundo Ruiz de Escudero azaldu du elkarte edo kolektiboren batek BEIri buruzko bilera horietan parte hartu nahi badu, ez duelahttps://bei.eus/eu/ webguneko formularioa bete eta Udalari eskatzea baino.

 

 

 

 

 

Share

(PDFaz eguneratuta) Segurtasun-sistema inteligenteak izango dituzte BEIren ibilgailuek, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu

BEI Segurtasun Sistemak Dosierra

Gasteizen BEI martxan jartzea gero eta gertuago dago. 9 milioi euroko udal-inbertsioarekin, puntako teknologiako 13 ibilgailu elektrikok hiriko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean zerbitzua emango, 3 milioi erabiltzaile izateko potentzialarekin. Mugikortasun-sistema iraunkorra izango da autobus elektriko inteligentea; berritzailea, eskuragarria eta segurua. Gainera, segurtasun-sistema inteligenteak izango ditu, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu.

Irizar E-Mobility euskal enpresak egindako 13 unitateek izango dituzten zenbait berritasun aurkeztu dituzte gaur goizean Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta TUVISAko lehendakari Raimundo Ruiz de Escuderok eta Udalaren garraio-sozietatearen kudeatzaile María José Ajuriaguerrak, BEIren lau ezaugarri nagusietako biri, irisgarritasunari eta segurtasunari, dagokienez.

Izan ere, segurtasun- eta gidaritza-sistema aurreratuak izango dituzte ibilgailuek. Horien artean, nabarmentzekoa da talken prebentziorako ‘Mobileye’ sistema, zeinek, inteligentzia artifiziala dela medio, egoera arriskutsuez ohartaraziko baitie gidariei, modu akustiko eta bisualean. Ingurune dinamikoa etengabe ikuskatzen duen kamera-sistema bati konektatuta egongo da aparatua, eta piztu egingo da, eta soinu-alerta bat igorriko, aurrez aurreko talka egiteko nahiz oinezko edo ziklistak harrapatzeko arriskua egokitzen delarik. Praktikan, istripua gertatu baino lehen abisatuko du, eta, horrenbestez, gidariari denbora emango, erreakzionatzeko.

Oharkabean erreitik ateraz gero, BEIren ibilgailuek ohartarazi egingo diete gidariei, baita gainerako ibilgailuekiko segurtasun-tartea gordetzen lagundu ere. Orobat ohartarazi diete gehiegizko abiaduraz, eta automatikoki ezagutuko trafiko-seinaleak. Gainera, autobusek kamera digitalak izango dituzte atzerako ispiluen ordez, eta horrek ikuseremua hobetuko du, eta aukera emango BEIren inguruan jartzen diren erabiltzaile guztiak ikusteko, inongo oinezko ez dadin egokitu gidariak ez ikusteko moduan.

Ibilgailuetan ez ezik, seinaleztapenean eta bide-marretan ere egin ditu hobekuntzak Udalak, BEIren ibilgailuen segurtasuna areagotzeko. Hain zuzen ere, garraio publikoaren sistema berri hori igaroko den 61 bidegurutzeetatik 14etan, lehen semafororik ez zegoen lekuetan, izango da aurrerantzean. Eta bidegurutze horietatik 29tan lehen baino semaforo gehiago izango dira.

Aldi berean, oinezkoek lehentasuna izango ez duten igarobideak identifikatu dira, marka berde eta zuriekin, eta sakagailua duten 40 seinale jarri, itsuei BEIren presentziaz ohartarazteko. Era berean, argi-abisuak jarri dira, eta seinaleztapen osagarria izango da bizitegi-kaleetan, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten. Eta BEI datorrela ohartarazteko kanpaia-hotsa tranbiek erabiltzen duten bera izango da.

 

Tartea murriztea

BEIren ibilgailuek izango duten beste hobekuntza bat gidatze automatikoko sistema izango da, zeinek aukera emango baitu autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzeko. Ibilgailu arruntetan, 12 eta 19 zentimetro artekoa izan ohi da tarte hori. “Erabiltzaileei, autobusera igotzeko orduan, askozaz ere zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen digu horrek”, azaldu du TUVISAko kudeatzaile María José Ajuriaguerrak.

Ate guztietatik sartu ahal izango da BEIra. Eta horrek ere laburtuko du bidaiariak hartu eta uzteko denbora.

 

 

Share

Udalak 1.500 metro koadro espaloi konponduko ditu, ia 80.000 euroko inbertsioa eginda

Oinezkoen mugikortasuna hobetzea da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren ildo estrategikoetako bat agintaldi honetarako. Eta, ildo horretan, espaloiak konpontzea da urtero egiten den jardunetako bat. Hiriko 1.500 metro koadro espaloi konponduko dituela iragarri du gaur udal gobernuak, ia 80.000 euroko inbertsioa eginda. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratua, urtebeteko epean gauzatzeko (urtebetez luza daiteke).

2-3 cm lodiko asfalto urtu beltzez konponduko dira, eta leku batzuetan asfalto leunduz. “Lan horiek  gure espazio publikoaren kalitateari eragiten dioten zuzenean, hobeto egiten baitute oinezkoen mugikortasuna” azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Share

Milioi erdi euro Gasteizko zuhaitzak inausteko eta horien mantentzea hobetzeko

Datorren urtean, Gasteizko Udalak milioi erdi euro inbertituko du zuhaitzak mantentzeko lanetan, bereziki inausketetan. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontraturako lehiaketa; hiri-bilbean landatutako zuhaitzen ingurumen kalitatea, osasuna eta estetika bermatzea da horren helburua, baita auzokoek eskatutako inausketak egitea ere.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren asmoa da zuhaitzak egoki haztea; dauden espazioen erabilera-beharrei egokitzea; adarren erorketa prebenitzea, kalte egin baitezakete; adarrek eraikinak eta zerbitzuak uki ditzaten eragoztea, eta oinezkoen zein ibilgailuen igarotzeari traba egin diezaioten eragoztea. “Zuhaitzak irizpide tekniko eta zientifikoei jarraituz kudeatzen dira, eta herritarren eskaerak kontuan hartuz. Zuhaitzak hobeto haz daitezen nahi dugu, eta auzo batzuetan sor dezaketen enbarazua murriztea” azaldu du Espazio Publikoaren zinegotzi arduradun Raimundo Ruiz de Escuderok.

Enpresa esleipendunak lan hauek egin beharko ditu: 2-5 urteko zuhaitzen forma eta egitura kontrolatu, 12-15 metro duten zuhaitzen adaburuak txikitu, adaburuak txikitu kasu berezietan, adar lehor eta hautsiak kendu, eta, oro har, zuhaitzak mantentzearekin lotutako bestelako lanak.

Zuhaitzak mantentzeaz arduratzen den enpresak hamar pertsonak osatuko taldea izan beharko du, taldeburuaren lanak egingo dituzten bi pertsonak barne. Lan horien egoki betetzeko ibilgailuak, makineria eta lanabesak ere izan beharko ditu.

 

Share

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da, 500 zuhaitzetatik gehienak landatu baitira ibilbidean zehar

Dagoeneko 400 altzifreen % 80  landatu dira, batez ere markesinen ondoan.

 Datozen astean hasiko dira loreak eta zuhaixkak landatzen.

 

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da. Izan ere, Gasteizko Udala, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, erritmo onean ari da BEI martxan jartzen denetik ibilbidean izango dituen 500 zuhaitzetako gehienak landatzen. Datozen asteetan hasiko dira proiektuan aurreikusitako 15.000 zuhaixkak eta lore-landareak landatzen. 

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok proiektuaren egoeraren berri eman du gaur goizean. “Hiriko kaleetan ikus daitekeenez, landatzea aurreikusitako 405 altzifeen % 80 baino gehiago eta astigar zurien % 75 baino gehiago landatu da” azaldu du zinegotziak. Ahalegin berezia egin da altzifre-multzoak BEAren geltokietatik hurbil jartzeko. Eta  horien ikusgarritasun eta inpaktu bisuala handitu egingo da hazten eta handitzen doazen heinean.

Halaber, datozen asteetan, ibilbidearen iparraldeko eremuan aurreikusitako landare-zerrendak, lore-landareak eta zuhaixkak landatzen hasiko da Gasteizko Udala.

Korridore berdeak nabarmendu egingo du garraio publiko sistema berri iraunkorrago, irisgarriago, berritzaileago eta seguruago horren identitatea. 9 milioi euroko udal inbertsioarekin (landaketak barne), puntako teknologia duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean emango dute zerbitzua, 3 milioi erabiltzaile potentzial dituelarik ibilbidean zehar.

Baina, horretaz gain,  bere ezaugarriengatik da ‘green’ autobus elektriko adimentsua: ez du kutsatzen, ez du emisiorik, efektiboa da, errei esklusiboetatik zirkulatuko duten ahalmen handiko ibilgailu elektrikoek osatzen dute, kutsadura akustikoaren maila txikiak izango ditu…

Korridore berdeak BEIren izaera iraunkorra sendotuko du. “Ezagutzeko moduko elementu bat ezarri nahi izan dugu, zuhaitz- eta landare-landaketa. Altzifreak izango dira nasen ondoan eta ibilbide osoan, lore-eremuak, zuhaixkak eta bestelako zuhaitz handiak. Sistema oso bat eratuko da hartara. Zehazki, 405 altzifre izango dira, ehunetik gora astigar zuri eta haritz, eta 15.000 inguru zuhaixka eta lore-landare. Nabarmen berdetuko da” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok“Landaketa hauei esker hobetu egingo dugu BEIren ibilbideko landaretza, eta egin behar izan den obra zibilaren eragina arindu”

 

Altzifre multzoak

Garraiobide horren ibilbidean barrena izango diren markesinen inguruan egingo da landaketa-ahaleginik handiena —guztira, 10 kilometroko trazadura izango du ibilbideak, eta Gasteizko 14 auzo lotuko ditu—. Nasen ondoan, ahal den neurrian, lore- eta landare-parterreak izango dira, eta hainbat altzifre. Multzo apaingarri txiki horiek —guztira 405 altzifre izango dira— koherentzia estetikoa emango diete autobus elektriko adimentsuaren geltokiei, ingurumena aintzat hartzeaz gain. Baina geltokietatik kanpo ere izango da altzifrerik. Espezie horretako aleak landatu dira ibilbidean zehar ere, hainbat lekutan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Zaramaga kalean, Euskal Herriko Bulebarrean…

Beste elementu deigarri bat, landare-zerrenda bikoitz bat izango da, hiriaren iparralde osoa zeharkatuko duena, BEIren erreien ondoko erdibitzaileetan barrena. Oteizaren ‘Omenaldia Galindezi’ eskultura dagoen biribilgunetik —Telefónica eta Txagorritxuren eraikinaren parean— Jacinto Benavente kaleraino, “zuhaixka loredunen (teucrium fruticans eta viburnum tinus) zerrenda ‘berde’ bat sortuko da, 20 zentimetrotik metro eta erdira artekoa, gora eta behera egingo duena; ibilbideari jarraitutasun ‘berde’ iraunkorra ematea ahalbidetuko duen uhin bikoitz bat”. Zerrenda horrek altuerarik txikiena izango duen lekuetan, lore-eremu baten itxura hartuko du; hain zuzen ere, zebrabideetan eta ikuspen handiagoa behar den lekuetan.

 

Share

Urtaranen gobernuak hiriko garraio publikoa babesteko 2,8 milioi euroko laguntza lortu du estatuko ezohiko funtsetatik

Urtaranen Gobernuak estatuko funtsetatik 2,8 milioi euroko laguntza lortu du hiriko garraio publikoa babesteko eta, zehazki, COVID-19ren pandemiak TUVISAn eragindako diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko. Garraio publikoaren zerbitzua ematen duten toki-erakundeei zuzendutako diru-laguntza horien ebazpena gaur goizean argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE).

“Gasteizen, bidaiarien kopurua % 50 inguru jaitsi zen (8 milioi pertsona) 2020an. Beherakada horrek, jakina, sarrerak nabarmen murriztu zituen ticket salmentetan. Laguntza hau albiste bikaina da gure hiriarentzat eta Tuvisarentzat”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidenteak. Gasteizko Udaleko garraio enpresak 2.844.271,24 euroko diru-laguntza jasoko du.

Share

Lakua eta Arriaga auzoen artean oinezkoentzako lotura bat sortzeko Forondako Ateko erdibitzailean eta Julian Arrese kalean aparkaleku berria egiteko kontratua esleitu dute

“Konpromiso bat genuen auzokoekin eta bete egingo dugu”, esan du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak. 

9 hilabeteko epea izango dute lanek.

 

Dosierraaparkalekua oinezkoentzako loturakLAKUA-ARRIAGA

Urtaranen gobernuak Lakua eta Arriaga auzoen arteko oinezkoentzako lotura hobetuko du Forondako ateko erdibitzailean “pasealeku” urbanizatu bat sortuz; pasealeku horretan sartzeko, semaforoz araututako bi zebra-bide egongo dira. Horretaz gain, aparkaleku berria egingo du Julian Arrese kalean. Azpiegitura horrek Arriaga auzoko aparkalekuan (Forondako Atea) galduko diren plazak konpentsatuko ditu, bertan merkataritza-azalera bat eraikitzea aurreikusten baita.

“Konpromiso bat genuen auzokoekin, hobekuntza horiek eskatu zituztelako, eta bete egingo dugu. Auzoko beharrak ezagutzen dituztenekin aritu gara lanean, eta Forondako Atearen inguruan bide-segurtasuna hobetzeko eta aparkalekuan azken astetan galdu diren plazak konpentsatzeko irtenbide on bat proposatu dugu”, adierazi du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak gaur goizean.

Gobernu Batzarrak lehiaketara kontratua esleitzea onartu du. Opacua S.A. enpresak egingo ditu lanak, 693.391,79 eurotan, BEZ-a barne, eta 9 hilabetetan.

Proiektuak Jose Maria Diaz de Mendibil kalean hasi eta Eskualdeetako Etxeetako iparraldeko fatxadatik igarotzen den oinezkoentzako ardatza egungo aparkalekutik luzatzea ere aurreikusten du. Horretarako, orain dagoenaren zabalera bereko zati bat zolatuko da eta inguruaren estetika mantenduko da (duen marrazki geometriko bereizgarriarekin) Forondako Atearaino.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako esku-hartzearen helburuetako bat da Arriagako egungo aparkalekuaren murrizketa konpentsatzea, merkataritza-azalera bat eraikiko baita bertan. Helburu horrekin, Udalak 124 ibilgailurentzako aparkaleku berria sortuko du orain erabili gabe dagoen ondoko lursail batean; plaza horietatik 7 mugikortasun murriztuko pertsonentzako izango dira. Julian Arrese kaletik sartuko dira ibilgailuak gune honetara. Kanpoko perimetroan zein barruan lorategi-eremuak, tamaina txikiko landaketak eta zuhaitz handiak jarriko dira.

Hala ere, bide-segurtasuna da proiektuaren funtsezko alderdietako bat. Zolaturiko pasealeku bat egingo da Forondako Ateko erdibitzailean Lakua eta Arriaga auzoak segurtasunez lotu ahal izateko. Oinezkoentzako bide berriak bi noranzko bidegorria ere izango du, eta orain auzotarrek bere egin duten lur-ibilbide bat dagoen lekuan eraikiko da. Hara iristeko, gainera, semaforoz araututako bi zebra-bide erabiliko dira (bai Lakuarantz, bai Arriagarantz).

Jarduketa osoan argiteria sare berri bat jarriko da, argi-puntu berriekin (aparkalekuan, oinezkoentzako ardatzean eta erdibitzailean) eta inguruko instalazioetan hobekuntzak egingo dira.

 

Share