Prentsa Oharren banner

Gasteizko herrietako azpiegiturak hobetuko dira ia zazpi milioiko inbertsioari esker, datozen bi urteetan

Udalak, Aldundiak eta Amvisak  11 toki-erakundek aurkeztutako proiektuetarako laguntza emango dute.

 

Herriz herriko erradiografian kontzeju guztiak inplikatu izana eskertu du udalak 

 

Bihar, maiatzak 15, San Isidro eguna dela eta, Gasteizko kontzejuen egoitzan egin da gaur alkatearen asteroko topaketa. Nieves Quintana ACOVIren lehendakaria eta Gorka Urtaranek elkartu dira, eta Gasteizko landa-eremuko beharren, gauzatutako ekimenen eta aurreikusitako-ekintzen berri eman dute.

Ildo horretan, alkateak eskertu egin du Udalaren Landa Eremuaren Zerbitzuak herriz herri egindako erradiografian udalerriko 63 kontzejuek izandako inplikazioa. Azterlan horri esker –egindako lehena–, Gasteizko landa-eremu guztietako bide, espazio publiko, saneamendu- eta hornikuntza- azpiegitura, ekipamendu, hondakinen kudeaketa, hiri-altzari eta garraioari buruzko datuak jaso dira, eta grafikoki dokumentatu.  Azterlan tekniko hori egin eta datuak geografia informaziorako sistema batean sartzeaz gain, administrazio-batzarren balorazioa eta ekarpenak jaso ditu udalak.  Informazio hori guztia kontuan hartuta, lehentasuneko jardueren gutxi gorabeherako aurrekontua  egin da.

Herri bakoitzak bere beharrak izanik ere, gehien errepikatzen diren lehentasunak oinarrizko azpiegiturak hobetzearekin (ura eta argindarra) eta espazio publikoko esku hartzeekin (zolatzeak, bide-sarea) lotuta daude.

Aldi berean, landa-eremuko mugikortasunari buruzko inkesta bat egin du Udalak, eta hortik ere ondorioak atera ditu. Azterlan hau administrazio-batzarrei itzultzeko fasean dago, eta horiekin batera aztertuko da mugikortasuna hobetzeko neurri berrien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa.

7 milioi 11 herritan

Mapa osatu horrekin, udalak eta administrazio-batzarrek bide-orria prestatu dute, hainbat finantzazio-bide kontuan hartuta. Alkateak iragarri duenez, Aldundiak, Udalak eta Amvisak  finantzatuko dituzte Gasteizko 11 herrik aurkeztutako proiektuetako ia 7 milioi euroko inbertsioak, datozen bi urteetan: Amarita, Aztegieta, Bolibar, Gaztelu, Eztarroa, Gamarragutxia, Gobeu, Otogoien, Otobarren, Foronda eta Lasarte herrietako oinarrizko azpiegiturak eta espazio publikoak hobetuko dira. Aldundiak 5,5 milioi euro jarriko ditu; Landa-Eremuaren Zerbitzuak 800.000 euro inguru, eta Amvisak 600.000 eurotik gora.

Landa-eremuko beste inbertsio batzuk

Inbertsio horiek udalak urtero egiten dituen beste laguntza-deialdiei eta nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko aurrekontuei gehitzen zaizkie. Aurrekontuan, aurten, honakoak sartu dira, besteak beste: herrietako obrak (40.000,  150.000 eta 100.000 euroko partidak), degradatutako espazioak berroneratzea (30.000 euro), natura-azpiegiturak (60.000 euro) eta toki erakundeetako lorategiak onik zaintzea (281.000 eurotik gora). Hondakinak biltzeko eta Salbatzailearen hilerria mantentzeko milioi bat eurotik gorako partida dago erreserbatuta.

Beste aldetik, alkateak adierazi du udalaren helburu estrategikoari dagokionez —landa-ingurunea eta herriak bultzatu eta babestea—, herrietan garatu gabe dauden lurzoru urbanizagarriko sektoreak oro har desklasifikatzea da irizpidea. Herrien tipologiaren eta kokalekuaren arabera aztertuko dira herri bakoitzaren premiak eta hirigintza-arauak eta parametroak. Gainera, nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileren eta -jardueren erregulazioa berrikustea planteatzen da, herrietako populazioa mantentzeko.

Beti esaten dugu Gasteiz hiri bat baino gehiago dela, lan handia egiten duten 63 herrik osatzen dutela. Gure betebehar eta konpromisoa da horiek babestea, hobetzen jarraitzeko eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko” adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Halaber azpimarratu du “gure udalerriko landa-eremua aukeraz betetako lekua da, bizitza beste modu batera sentitu eta bizitzeko tokia. Bertan bereziki zaintzen da gure natura ondare ederra; haiek ekoizten dituzten elikagaiak gertukoak dira, 0 kilometrokoak, eta horregatik, gaur inoiz baino gehiago, gure ekoizleen, nekazari eta abeltzainen lana funtsezkoa da. Iaz bezala,  gasteiztarrak Gasteizko 63 herriak ezagutu eta bisitatzera animatzen ditut, hori bai, haien laboreak, bideak eta ingurunea errespetatuz”.

 Gorka Urtaranek udalaren sostengua eta aitorpena adierazi du udalerriko herrien eta lehen sektorearen inplikazioagatik, “haiek baitira gure ondasun preziatuenetako baten benetako babesleak: gure natur ingurunea. Urtero egin da ohiko harrera-ekitaldia udaletxean San Isidro eguna dela eta, baina, aurten, bigarrenez, osasun krisiak zaildu egin du topaketa egitea. Hala ere, zuekin egon nahi izan dugu eskertzeko zuen konpromisoa eta bereziki nola inplikatzen ari zareten osasun krisi honen kudeaketan”.

 

Share

Alkateak Gasteizko 63 herriak ezagutzeko gonbit egin du, ingurunea errespetatuz beti

 

Gorka Urtaranek Udalaren sostengua eta aitorpena adierazi dio Gasteizko Kontzejuen Elkarteari (ACOVI) haren egoitzara egindako bisitan, aurten ez baita San Isidro egunean egin ohi den ekitaldirik izan.

San Isidro eguna dela eta, alkate Gorka Urtaran eta Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landa Gasteizko Kontzejuen Elkarteak (ACOVI) Elorriagan duen egoitzara hurbildu dira, eta Udalaren sostengua eta aitorpena adierazi diote udalerriko herrien eta lehen sektorearen inplikazioagatik, “haiek baitira gure ondasun preziatuenetako baten benetako babesleak: gure natur ingurunea. Urtero urtero egin da ohiko harrera-ekitaldia udaletxean San Isidro eguna dela eta. Osasun krisiak topaketa egitea zaildu du, baina zuekin egon nahi izan dugu, zuei zuzenean eskertzeko —eta zuen bitartez, nekazaritza eremuko bizilagun guztiei— zuen konpromisoa eta bereziki nola inplikatzen ari zareten osasun krisi honen kudeaketan“.

Alkateak bereziki eskertu du “ACOVI ematen ari den laguntza koronabirusarekin lotutako informazioa, protokoloak eta beste helarazteko, Udalaren, administrazio-batzarretako lehendakarien eta auzokoen artean mezulari lanak eginez“. Alkateak, orobat, eskerrak eman dizkie udalerriko nekazaritza eremuko emakumeei,beti zaudetelako auzokoei laguntzeko sare horien atzean, komunitatea eraikitzen, eta adinekoak zein une bakoitzean behar handiena duten bizilagunak zaindu eta laguntzeko auzolana sustatuz“.

ACOVIren zuzendaritza-batzordearekiko topaketa dei bat egiteko baliatu du Gorka Urtaranek. “Gure udalerriko nekazaritza eremua aukerez betetako lekua da, bizitza beste modu batean sentitzen eta bizitzen baita toki horietan. Bertan bereziki zaintzen da gure natura ondare ederra; haiek ekoizten dituzten elikagaiak gertukoak dira, 0 kilometrokoak, eta horregatik, gaur inoiz baino gehiago, gure ekoizleen, nekazari eta abeltzainen lana funtsezkoa da. Gasteiztar oro Gasteizko 63 herriak ezagutu eta bisitatzera animatzen ditut, hori bai, haien laboreak, bideak eta ingurunea errespetatuz”.

 

Bide batez, Udalak udalerri osoarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du alkateak, zeina hainbat ekimenetan islatzen baita, hala nola toki-erakundeetako azpiegituren analisia —oso aurreratua—, laster egitekoa den zentro sozialetarako dirulaguntzen deialdia, eta baso eta mendien kudeaketari eustea; gainera, nekazaritza eremuko mugikortasunari buruzko azterlana egingo dela iragarri du, udalerri osoari koherentzia emateko.

 

 

 

 

 

 

Share