Prentsa Oharren banner

Gaur irekiko da Jabetze Feministarako eta haur eta gazteentzako Eskoletako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea

 77 proposamen eskainiko dira datorren ikasturteko programazioan, eta, berrikuntza gisa, streaming bidez jarraitu ahalko dira hainbat jarduera

 

Udalak feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa deitu du bigarren aldiz.

 

Informazio liburuzka (pdf) 

Gaur irekiko da Jabetze Feministarako Eskolako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea. 77 proposamen eskainiko dira datorren ikasturteko programazioan, eta, berrikuntza gisa, streaming bidez jarraitu ahalko dira hainbat jarduera

“Jabetze Feministarako Eskolak, orain arteko hamaika edizioetan, feminismoa hedatu du gure udalerrian, ordutik hona antolatutako ehunka prestakuntza- eta kultura-proposamenen bidez. Horien bitartez,  urtero-urtero, milaka emakume jabetu dira genero arrazoiengatik bizi duten zapalketa-egoeraz, baina baita beren gaitasun eta interesez ere.  Horretaz gain, bertatik bertara ezagutu dituzte bestelako zapalkuntza-motek –hala nola sexu-orientazioak eta genero-identitateak, kultura-testuinguruak, dibertsitate funtzionalak, adinak edo gizarte-mailak – eragindako pertsonen errealitateak. Halaber, emakume askok erreferenteak eta lankide inspiratzaileak aurkitu dituzte eskolan, eguneroko liberazio txikien edo erresistentzia latzen protagonistak, esaterako aurtengo  Herri Handi zikloan ezagutuko ditugunak” adierazi du Berdintasuneko  zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Eskolak Emakumeen Etxean du egoitza, Etxanobe jauregian. Bertan, gainera, jabetze kolektiborako prozesuak sustatzeko ekimenak egiten dira, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antola daitezen eta beren boterea areagotu dezaten, hau da, emakumeek baliabide material eta sinbolikoak erabili eta kontrolatzeko. Horren adibide dira Eleen ganbara, Sorgineneako liburutegia eta eskolan denbora igaro ahala egonkor bihurtu diren taldeak.  “Azken finean,  Emakumeen Etxeak helburu du emakumeek beraiei zuzenean eragiten dieten erabakietan zeresana izatea, berdintasun-politiketan eta gizartearen eraldaketan parte hartzea dela medio. Eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Etxe hau sortzeko prozesu luzean lagundu ziguten guztiei eta, bereziki, Sorginenea-Tu casa feminista elkarteari, Emakumeen Etxean abian jarri eta lehen hamahiru urteetan kudeatzeagatik” nabarmendu du zinegotziak.

Aurten, 11. ikasturtea egingo du Eskolak, eta programazio anitza eta berritzailea prestatu du.

  • Herri Handi. Herri handiaren hitzaldiak infernu txiki baterako

Zikloaren bigarren edizioa erresistentzian ari diren herriei eskainita dago. Nikaraguako, Saharako, Palestinako, Erdialdeko Amerikako eta Ekuadorreko aktibista feministek hainbat arlotan dituzten borrokak azalduko dituzte, testuinguruen arabera: ekonomiaren eta ingurumenaren arloko justizia; gorputz-lurraldearen eskubidea; abortuaren zigorgabetze soziala eta legala; egia-, justizia- eta erreparazio prozesuak eta berriz ez errepikatzeko bermea; sistema sionistaren aurreko erresistentzia, palestinarren kasuan; edo Edo Estatu baten eraikuntza, sahararren kasuan.

  • Feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterrekin lankidetzan: EHUko Berdintasun Eragileak.

Udalak bigarren aldiz jarri du martxan lehiaketa hau,  eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko. Aurkezlearentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin.

Lehiaketaren oinarriak helbide hauetan eskura daitezke:

  • vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista (euskaraz)
  • vitoria-gasteiz.org/escuelafeminista ( gaztelaniaz)

Aurten hiru ikerketa-proposamen aukeratuko dira (iaz bakarra izan zen). Hautatutako hiru proiektuek 4.800na € jasoko dute (iaz 4.500 euro) Ikasturtean zehar ikerketa-lanak garatu ondoren, hitzaldi batek emango dio hasiera lanak aurkezteko ekitaldiari:  “La transversalidad del principio de Igualdad en la investigación”. Asun Ventura Franch-ek emango du (Zuzenbideko doktorea, Valentziako Unibertsitatean).

Baietz ulertu

Proposamenen % 33,77 euskaraz dira, hau da, % 9,1 igo da aurreko edizioaren aldean. Halaber, Baietz Ulertu zigilua sortu da, eta euskaraz diren hainbat jardueren ondoan ageri da liburuxkan. Zigiluak adierazten du jarduera horretan ez dela jendaurrean euskaraz hitz egin beharko, baina bai ulertu.

Berrikuntza hauek ere izango dira aurten:

  • Aurrez aurreko hitzaldiak streaming bidez ere jarraitu ahalko dira, horretarako egokitutako webgunearen bidez: vitoria-gasteiz.org/EEF-endirecto (gaztelaniaz) eta www.vitoria-gasteiz.org/JFE-zuzenean (euskaraz).
  • COVID-19aren transmisioa prebenitzeko, pandemia aurretik irekiak ziren jardueretan parte hartzeko –antzerkiak, kontzertuak, hitzaldiak, dokumentalak, zineforumak, inaugurazio- eta amaiera- ekitaldiak) gonbit-txartelak beharko dira. Ikastaro, lantegi eta irakurketa klubetarako ere izena eman beharko da.

Irekiak diren jardueretarako gonbit-txartelak ekitaldi bakoitzaren data baino 20 egun lehenagotik erreserbatu ahalko dira, webgune hauetan:

  • vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista (euskaraz)
  • vitoria-gasteiz.org/escuelafeminista (gaztelaniaz)

 

Share

2021ean berdintasun proiektuetarako laguntza-deialdiaren barruan 60.000 euro ematea onetsi da  

 

Udal gobernuak Emakumeen Etxearekiko konpromisoa berretsi du, eta Etxanobe jauregia Sorgineneari uzten jarraituko du

Udal gobernuak Berdintasun Zerbitzuak landutako bi erabaki onetsi ditu gaur. Batetik, 2021ean Gasteizko udalerrian genero-berdintasunaren alorreko jarduerak eta proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarri orokorrak onetsi ditu Udalak.

Laguntzetarako 60.000 euro erreserbatu dira. Horien bidez, emakume-elkarteak, talde feministak eta LGBTI kolektiboak sendotzen lagundu nahi du Udalak, ikuspegi feminista edo genero-ikuspegi argia duten proiektuak finantzatuz, eta, aldi berean, entitatean bertan emakumeen partaidetza aktiboa sustatzeko eta beren jarduera eremuan —kirola, hezkuntza, arlo soziala, kulturala eta beste— genero-berdintasunerako proiektu edo jarduerak egiteko sortutako espazio bat duten entitate mistoen proiektuak sustatu.

Etxanobe jauregiaren erabilera lagapena

Bestetik, 2021ean Etxanobe jauregia Sorginenea elkarteari lagatzen jarraitzea onetsi du udal gobernuak, bertan Emakumeen Etxea proiektua garatzeko, ahalduntze kolektiboa praktikan jartzeko espazio fisiko eta sinboliko inklusibo, ireki eta plural gisa ulertuta.

Erabilera lagapena orain arte ezarritako baldintza beretan egingo da, hau da, Santa Maria kaleko eraikina Jabetze Feministarako Eskolarekin partekatuz.

Share