Prentsa Oharren banner

Astelehenean hasiko da COVIDaren aurkako txertaketa udaltzaingoan eta suhiltzaileen zerbitzuan

Datorren astelehenetik aurrera, martxoak 1, Gasteizko Udaleko Laneko Osasunaren Atalak AstraZeneca txertoa jarriko die udaltzaingoko eta Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko 55 urtetik beherako langileei. Eusko Jaurlaritzako eta beste bi euskal hiriburuetako Osasun Publikoaren Zerbitzuekin koordinatuta dago ekintza, eta Osakidetzak zehaztutako txertaketa-estrategiaren parametroei jarraitzen die.

8:30an hasiko da txertaketa –borondatezkoa da–, orduko 10 pertsonako taldetan. Erreserbako langileak ere izango dira hutsegiteak bete eta dosirik ez galtzeko, eta horretarako egun bakoitzerako zerrendak prestatu dira. Aste honetan bertan Laneko Osasunaren Atalak txertoak jartzeko prestakuntza egokia jaso dute  telematikoki. Azken sei hilabeteetan COVID probetan positibo izan diren pertsonei gerora jarriko zaie txertoa.

Agirrelandako instalazioetan bertan egingo da txertaketa. Baldintzak betetzen dituen gela bat egokituko da, joan-etorrien logistika errazteko. Guztira, 379 udaltzaini eta 113 suhiltzaileri emango zaie txertoa.

Udal langileak txertoak jartzen hastea Eudelen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arteko akordioaren ondorioa da.

Share