Prentsa Oharren banner

Xtraclubek otsailaren 22an irekiko du epea gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jardueretan izena emateko

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubaren 2021eko udaberri-uda denboraldirako programazioa jarri du abian. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 35 jarduera eskainiko ditu orotara, formatu ezberdinetan: lantegiak, gaikako ikastaroak, abentura irteerak, erakustaldiak eta kultur bidaiak. Guztira 724 leku dira, 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat. Otsailaren 22an irekiko da izena emateko epea, 8:30ean.

Gazteria Zerbitzuaren helburua da 12-18 urte bitarteko gazteei asteburuetan eguneko aisialdirako eskaintza egitea, aisialdi positiboa sustatzeak gazteen identitatea eraikitzen lagunduko duelakoan, baita arrisku-jokabideak prebenitzen ere. Aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzen da, eta gazteei sozializaziorako eta elkartzeko aukera ematen.

Denboraldi honetarako programatutako jardueren artean, argazkilaritza, dantza urbanoa eta kantua lantzeko ikastaroak mantendu dira, eta berritasun gisa, komikiei buruzko lantegia (manga, DC eta Marvel) antolatu da. Orobat, 13 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jarduerek naturaren erdian aritzeko aukera eskaintzen dute: hipika hondartzan eta Valderejon, surfa, raftinga, parkourra, zuhaitz zirkuituak, via ferratak, mendi ibilerak, bizikletaz ibiltzeko bide berdeak…

Hiriko irteerek  (kartak, ihes-gela, bolatokia, puzgarrien ginkana) eta hiritik kanpoko kultura bidaiek ere (Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, ibilaldiak euskal kostaldetik…) presentzia nabarmena izango dute.

Aurtengo beste berritasun bat XTRA OPORRAK dira, aire zabaleko jarduera multzoa, Aste Santuko oporretarako.

Jarduera horietaz gozatu ahal izateko, Covid-19aren aurreko kontingentzia plan bat landu da, zeinak Xtraclub programako aisialdi eta denbora libreko jarduerak segurtasunez egin ahal izateko protokoloak eta prebentzio-neurriak biltzen baititu.

Web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub) dago eskuragarri Xtraclub programazioari eta Covid-19aren aurreko kontingentzia planari buruzko informazio guztia.

Internetez (www.vitoria-gasteiz.org/berdintasuna), telefonoz (010 eta 945 161080) edo zuzenean (OMIJen, gizarte-etxeetan eta udal kiroldegietan) eman ahalko da izena.

Xtraclubeko jardueretan parte hartzeko baldintzak:

– Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; doan lortu daiteke herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.

– Otsailaren 22tik aurrera eman ahalko da izena, gehienez ere hiru jardueratan. Leku hutsik geratzen bada, 2021eko martxoaren 9tik aurrera hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera emango da.

 

Share