Prentsa Oharren banner

Udal langileek parte hartuko duten loaren kalitateari buruzko ikerketa hil honetan hasiko da

  • BioArabak eta Osakidetzak Gasteizko Udalaren eskutik burutzen duten Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo da

 

Ekainaren 4an, ostiralean, irekiko da epea loaren efizientziari buruzko ikerketa aitzindari batean parte hartu nahi duten udal langileek boluntario gisa izena eman dezaten. Epea ekainaren 16an amaituko da, eta 202 pertsonaz osaturiko lagin bat lortu nahi da, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo den ikerketa burutu ahal izateko.

Loaren alorrean aditu diren medikuek gomendioak emango dizkiete banaka eta modu interaktibo eta birtualean parte-hartzaileei, txat baten bidez, eta gomendio horiek lo-defizita duten pertsonen loaren kantitatea zein kalitatea hobetzen duten egiaztatzea izango da ikerketaren helburua. Parte-hartzaileen loari buruzko datuak bi modutan bilduko dira: modu objektiboan, jarduera-eskumuturreko baten bidez, eta modu subjektiboan, astero loari buruzko galderak eginez, web-galdetegi baten bidez.

Laginarekin honako ezaugarri hauek dituzten pertsonen talde adierazgarri bat osatu nahi da: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonak, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Lagina 101 pertsonako bi lantaldetan banatuko da. Aldez aurretik ikerketaren ezaugarrien berri emango zaie eta jarduera-eskumuturrekoak jasoko dituzte; izan ere, eskumuturrekoek hainbat datu bilduko dituzte, hala nola loaldian egiten dituzten mugimenduak, guztira lo egiten duten edo esna dauden denbora, eta loaren efizientzia.

Parte-hartzaileen erdiak —ausaz hautatua— kontsulta birtuala izango du astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko mediku-taldearekin, zuzeneko online txat baten bidez, programatutako ordu-tarte batean, zalantzak argitu eta banakako aholku eta gomendioak emateko.

Parte-hartzaileen beste erdiak ez du ¨live-chat¨ sistema baliatuko mediku-taldearekin komunikatzeko. Haien kasuan, astero aztertuko dira jarduera-eskumuturrekoen datuak, baina loarekin lotutako gomendiorik eman gabe.

Urtebetez iraungo dute datu-bilketak eta gomendio-bidalketak. Ondoren, azken neurketa bat egingo da, eta lortutako emaitzak alderatuko, behin betiko azterketari forma emateko. Horren guztiaren helburu nagusia da loaren inguruko laguntzaile birtual bat garatzea, zeinek gomendio banakatuak emango baititu, loaldia areagotu eta efizientzia hobetzeko.

“Gero eta hobeto dakigu gaizki lo egiteak ondorio negatiboak dituela osasunean, errendimendu kognitiboan eta produktibitatean. Udal langileek parte hartuko duten ikerketa honekin pauso garrantzitsu bat emango da loaren kalitatea hobetzeko; horrek onura pertsonalak ekarriko dizkie parte-hartzaileei, eta ikerketaren emaitzek onura komunitarioa izan dezakete guztiontzat”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintzetako bat da. eta protagonista izan zen atzo Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren azken jardunaldian, Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionalaren buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egeak egindako aurkezpenari esker.

 

Share