Prentsa Oharren banner

Udalak salgai jarriko du Maite Zuñiga kaleko bizitegi-lursail bat

 

Tokiko Gobernu Batzarrak baldintza-agiria onetsi du Maite Zuñiga kalean bizitegi kolektiborako lursail bat besterentzeko; Baskonia-Alavés egoitzaren ondoan dago lursaila. Orotara 1.889 metro koadroko azalera du, eta horietako 750 dira eraikigarriak. Bizitegi-erabilera askekoa da lurzorua, eta “lorategi hiri mistoa” hirigintza-ordenantzaren araberako etxebizitzak eraiki ahalko dira bertan.

Lehia-saria 761.835 euro da, zergarik gabe, eta gora eginez hobetu daiteke eskaintzetan; lursailaren balioespen teknikoaren arabera ezarri da prezioa. Aurkezten diren proposamenen balioespen teknikoan prezio hobekuntzak, ordaintzeko baldintzak eta eraikitzeko epeak hartuko dira kontuan.

Irabazle gertatzen den proposamenak gehienez bederatzi hilabeteko epea izango du obra-lizentzia eskatzeko eta beste sei lanei ekiteko; lanek, berriz, gehienez bi urte iraungo dute.

Salmenta prozesu hori abian jarrita, Urtaranen gobernuak beste urrats bat egin du Gasteizko Udalaren egoera ekonomikoa orekatzeko, osasun krisialdiaren ondorioz diru-sarrerak 60 milioi euro jaitsiko direla aurreikusten baita. Egoerari aurre egiteko, lehentasunezkoak ez diren partidetan gastuari eusteko neurriak hartu dira, eta banku-entitateekiko zorraren ordainketa atzeratzeko. Orobat, ohikoak ez diren sarrerak lortu nahi dira udalaren ondarea saltzeko eragiketak azkartuz, gaur goizean onetsitako hau, esaterako.

 

 

Share