Prentsa Oharren banner

Udalak bi web-aplikazio aurkeztu ditu: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz

Berrikuntza teknologiko horien bidez, udalaren instalazioen erreserbak kudeatu daitezke, eta kontsultak egin daitezke edozein gailu elektronikotik, erraz eta arin

 

Gaur goizean, bi berrikuntza teknologiko aurkeztu dira prentsaurrekoan: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazioak, zeinak gaurdanik erabilgarri baitaude. Haien bidez Udalak aurrera egiten du bere eraldaketa digitalean eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuan.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek esku hartu dute.

“Gasteiztarrengandik gertuko administrazio baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko eta belaunaldi berrien beharrizanei zein gainerako pertsonen beharrizanei erantzuteko”, adierazi du Etxebarriak.

“Eraldaketa digitalak, zeina lortu nahi baitugu legegintzaldi honen hasieratik, garrantzi handiagoa hartu du pandemiaren ondorioz. Osasun-krisiak ahalegin handiak inbertiarazi dizkigu Udala herritarrekin komunikatzen den era hobetzen”, gehitu du.

Borja Rodriguezek, bestalde, baliabide horien berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinek eskaera handia baitute herritarren partetik.

VGReservas

  1. urtean, 31.965 erreserba egin ziren, guztira, Udalaren instalazioetan. Horietatik, 19.359 kudeatu ziren Udalaren webgunearen bidez (www.vitoria-gasteiz.org), hau da, guztizko kopuruaren % 60, eta goranzko joera nabaria du.

“Horregatik, VGReservas web-aplikazioa sortu dugu, erabiltzailearen esperientzia nabarmen hobetzeko. Haren bidez, gure gailuetako edozeinetatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erreserba dezakegu, esaterako, saskibaloi-kantxa bat partida bat jokatzeko, edo gela bat etxejabeen komunitatearen bilera egiteko. Eta modu erraz eta intuitiboan egin dezakegu hori guztia”, gaineratu du.

Web-aplikazioak aukera ematen du bilaketak egiteko eta erreserbak gogokoetan gordetzeko (hori oso erabilgarria da hurrengo erreserbetan denbora aurrezteko), bai eta ikono bat gehitzeko gailuaren hasierako orrian, hartara zerbitzura era erosoagoan iristeko.

 

GeoVitoria-Gasteiz

GeoVitoria-Gasteiz zerbitzuak, berriz, 94.815 bisita izan zituen 2020an, eta 40.843 bide kalkulatu zituen, guztira. VGBus aplikazioaren estatistikei dagokienez (GeoVitoria-Gasteizekiko loturarekin funtzionatzen du), 390.689 bisita izan zituen 2020, eta hori Udalaren webgunearen trafikoaren % 4 da.

Aplikazioak hainbat zalantza argitzeko balio du, hala nola: “Non dago gizarte-etxe bat?”, “Nola iritsi naiteke hara etxetik?”, “Non dago kale jakin bat?”, “TAO eremua da?”, “Egongo al da laster gure etxetik gertu Puntu Berde Mugikorra?”, “Zer autobus- edo tranbia-linea hartu behar dut ibilbide jakin bat egiteko?” eta abar.

GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazio berriarekin, aurrerantzean, edozein gailutatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erantzun ahal izango zaie horrelako galdera guztiei.  Eta, horretaz gain, Udalaren webgunean orain arte eskainitako abiaduran baino azkarrago egingo da, eta, horrenbestez, itxarote-aldiak laburragoak izango dira.

Honako berrikuntza nagusi hauek eskaintzen ditu aplikazioak, lehen eskaintzen zen zerbitzuaren aldean: erabiltzaileak gailuaren hasierako pantailan instalatu ahal izango du aplikazioaren ikonoa, eta gogokoak markatu ahal izango ditu, hurrengo aldietan berriro behar baditu ere. Gainera, ibilbide bat bilatzean, erabiltzailea non dagoen markatzen du, mugikorraren GPSa erabiliz. Oinez, bizikletaz zein hiri-garraioz egiteko ibilbideak kontsultatu daitezke.

“Hiri-garraioari dagokionez, funtzionaltasun berri oso interesgarri bat du: aplikazioak erakutsiko digu zenbat falta den autobusak gure geltokira iristeko. Halaber, linea bakoitzaren ibilbideari buruzko informazio guztia izango dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

 “GeoVitoria-Gasteiz ezinbesteko tresna da, bakoitzari bere mapa edukitzeko aukera ematen baitio, beti eguneratua eta zenbait bistaratzerekin. Kale izendegi gisa zein satelite bidezko mapa gisa erabil daiteke”, gehitu du.

Nahi dugun bistaratze-modua aukeratu ostean, erakuts dezake non dauden Udalaren baliabideak, eta gainerako edukiekin lotu: kale-izendegi ofiziala, atariak zehaztuta; bizikleta-bideen mapa; trafikoaren dentsitatea; trafiko-gorabeherak eta abar.

Gainera, beste zenbait aukera ere eskaintzen ditu: informazioa “bildumetan” taldekatu daiteke, esaterako, “aparkaleku publiko guztiak”; gertuko baliabideak bilatu inguruetan, eta informazioa partekatu kontaktuekin.

 

 

 

Share