Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 otsaila 2019 11:23

 

Ibilbidea antolatu dute hiriko 18 tokitan izango diren instalazioez, proiekzioez eta ikuskizunez gozatzeko

Estatuko nahiz nazioarteko artista entzutetsuek hartuko dute parte

Informazio guztia https://v-g.eus/umbrafestival web orrian.

Gasteizko Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Gasteizko Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko leku publiko eta eraikin ezagunak, otsailaren 21ean, 22an eta 23an, eta, horrela, hiria eta lurraldea erreferente izango dira turismo, kultura eta teknologia arloan. Lehen aldiz egingo den jaialdian, 18 argi instalazio, proiekzio eta ikus-entzunezko ikuskizunez gozatzeko gaueko ibilbidea antolatu dute.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestutako ekitaldi honekin batera, kulturarekin lotutako eta profesionalentzako programa bat izango da.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Cristina González Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Saileko diputatuak eta Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak aurkeztu dute gaur jaialdiaren programa prentsaurreko batean, ekitaldia antolatuko duen zuzendaritza taldeko Joaquín Pérez-Goicoechea, Rafael Gallego eta Carlos Torrijosekin batera.

Umbra Light jaialdia otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da, 19:00etatik 23:00etara.

Inaugurazio ofiziala otsailaren 21ean, osteguna, izango da, arratsaldeko zazpietan, Espainia plazan, eta Gasteizko udaletxearen fatxada argiztatuko dute. Ordutik aurrera, ikuskizunak aurrera egingo du Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko aire zabaleko hainbat eremu publiko, eraikin historiko eta berdegune lotuko dituen ibilbidearen bidez.

Ibilbideak 18 geraleku izango ditu eta horietan instalazioak, argiztapenak, proiekzioak eta ikus-entzunezko ikuskizunak izango dira: katedral berriko lorategiak, Florida parkea, Foru plaza, Espainia plaza, San Migel eliza, Probintzia plaza, XI. mendeko harresia, Frai Zacarias eraikinaren ondoko lorategiak, Oihaneder jauregia, ur biltegia, Kontrast Afrika murala (Eskola kalea), Gasteizko garaipena murala (Santa Maria kalea), Eskoriatza-Eskibel jauregia, Santa Maria plaza, Santa Mariako kripta, Denboraren harira murala (Burulleria plaza) eta Alamedako markesaren plaza.

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, nabarmendu duenez, “oso hiri erakargarria dugu, eta jendeak gero eta gehiago atsegin du, eta horrelako ekimenek erakusten dute erakunde guztiek batera lan eginda gai garela ekitaldi handiak arrakastaz antolatzeko”. Alkateak gasteiztarrak eta beste hiri batzuetako herritarrak gonbidatu ditu hiru egunetan hiria argiz eta kolorez beteko duten saioetara hurbiltzera.

Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, bere aldetik adierazi duenez, Umbra Light jaialdiak “hirian eta lurraldean mugimendua sortuko du behe denboraldian; turismo sektorean urtarokotasuna murrizten lagunduko du, eta eragin positiboa izango du gure hotel eta landetxeetan, taberna eta jatetxeetan, eta merkataritzan. Jaialdia aurten egingo da lehen aldiz, baina gure asmoa da jarraipena izatea”.

Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak, nabarmendu duenez, jaialdiari esker “hiriko eguneroko tokiak beste era batera ikusiko ditugu, leku horiei beste modu batean begiratuko diegu eta harritu egingo gara. Eta jakina, orain eta etorkizunean Gasteizek, Arabak eta Euskadik izan behar dituzten balio gakoak jorratu eta indartuko ditugu: natura eta ingurumena, ondarea eta artea, teknologia eta berrikuntza, eta gizarte konpromisoa”.

Programazioa eta programa osagarria

Umbra Light jaialdian ikusgai izango diren instalazio, argiztapen eta proiekzio gehienak (14) ekitaldi honetarako sortu dituzte berariaz; izan ere, light art delakoan edo argiztapenean esperientzia handia duten estatuko nahiz nazioarteko artista ugari erakarri ditu ekitaldiak. Besteak beste, Frantziako, Alemaniako, Argentinako eta Espainiako artistek hartuko dute parte, baita bi euskal artistak ere.

Gasteizen ikusi ahal izango dira, hain zuzen ere, lehen aldiz Espainian, Frantziako zenbait artistek Londreseko Lumiere eta Lyongo Le Fête des Lumières nazioarteko jaialdi entzutetsuetarako sortutako argi instalazioak, bai eta nazioarteko beste jaialdi askotan parte hartzen duen artista alemaniar baten lana ere. Lan guztiek jorratzen dituzte kultura, natura eta ingurumena, teknologia eta berrikuntza eta gizarte konpromisoa.

Gasteizko Umbra Light jaialdia antolatu duen zuzendaritza taldeko Carlos Torrijosen esanetan, “oso harro gaude gaur aurkezten ari garen programa honetaz, estatuan nahiz nazioartean ospe handia duten artistek parte hartuko dutelako eta instalazio gehienak gure hiriko guneetarako prestatu dituztelako berariaz, argiaren bidez leku horiek eraldatzeko. Artista ugarik agertu dute parte hartzeko interesa. 70ek baino gehiagok erantzun zioten deialdiari. Ziur gaude aukeratutako instalazioek ikusleak harrituko dituztela eta gozaraziko dietela”.

Gainera, bestelako ekintza osagarriak ere izango dira: dibulgazio jarduerak, Arabako Astronomia Elkartearen eskutik, neguko zerua gauez behatzeko, otsailaren 22an eta 23an, eta profesionalentzako sinposioa: Abangoardia argiak, otsailaren 21eko goizean, Villa Suso jauregian.

Horrez gain, hiriko leku estrategikoetan (Loma Jenerala plaza eta Aihotz plaza) kokatutako bi informazio gunetan, gidari turistikoek orientazioa eta laguntza emango diete bisitariei (jaialdiaren programa, ordutegiak, ibilbidea…).

Plano 2019_03_02 ( RP)

2019_02_05_UMBRA_ Programa Def

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2018 13:28

 

 

 

 

 

  • 66 lokaletan jardungo da planaren bitartez, hobekuntz estetiko, egokitzeko lan eta esku-hartze artistikoen bitartez
  • 18 denda eta 31 ostalaritza establezimendu irabazi ditu Gasteizek 2018ko lehen erdian

Gasteizko alkateak Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean lonja hutsen kopurua murriztu eta merkataritza berrindartzeko esku-hartze plan bat aurkeztu du. Ekimen horren lehen helburua zenbait merkataritza gune estrategikotan dauden lokal batzuen itxura narriatu eta hondatua ekiditea da, hartara berriro jarduerarik hartu ahal dezaten. Horretarako, 2018ko bigarren seihilekoan eta 2019ko lehenengoan 66 lokaletan jardungo dute. Zehazki, hobekuntza estetikoko ekimenak, lokala egokitzekoak, esku-hartze artistikoak eta erakusleihoak ekimen kulturaletan integratzekoak burutuko dira.

Planean aurreikusten da, besteak beste, hobekuntza estetikoa. Horren bitartez hiriaren erdigunean dauden udal jabetzako 28 lokaletan jardun nahi da. Lonja horietako erakusleihoak garbitu eta beraietan biniloak paratuko dira, hartara nabarmen hobetuko delarik lokalen kanpo-itxura. Binilo horiek irizpide artistikoekin diseinatuko dira.

Gainera, esku-hartze artistikoak egin nahi dira baita Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean dauden jabego pribatuko 34 lokal hutsetan, horien irudia eguneratzen lagunduko dutenak. Kasu honetan, Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolarekin lankidetzan aritzeko aukera planteatu da, lonjetako erakusleihoetara artea eramateko asmoz, hartara beren lanak erakusteko aukera emanez eskola horietako ikasleei, bai eta jarduera galdua zuten lekuak berriro aurkitzeko gonbitea eginez herritarrei.

Beste lan-ildo bat lokal hutsak kultur jarduerekin betetzea da. Lehen urrats gisa, argazkigintzaren alorrean erreferentziazkoa den ekimen baten baitan ibilbide bat sortu nahi da lonja hutsetako erakusleihoetan barrena. Erakusketa horretan tamaina handiko binilotan inprimatutako argazkiak erabiliko dira, eta berariaz hautatutako komisarioek arduratuko dira horien diseinuaz.

Laugarren lekuan, Enplegu plan baten bidez, Erdi Aroko hirigunean dauden udal jabegoko lau lokal konpondu eta txukunduko dira,erakargarriago izan daitezen jarduerak hartzeko. Igeltserotza- eta margotze-lanak izango dira, eta horien bitartez lokalak merkatuan jarri nahi dira.

Aldi berean, merkataritza-nahasturaren azterketa egingo da erdialdeko merkataritza guneetan. Orain arte azterlan hori Zabalgunean eta Erdi Aroko hirigunean egin izan da soilik, zeinetan kale kale zedarritu da lonja bakoitzaren egoera. hemendik aurrera, azterlana beste kale batzuetara zabaldu nahi da (Badaia, Lovaina plaza, Magdalena, Prado, Becerro Bengoa, Gorbeia, Gasteiz hiribidea, Ricardo Buesa, Bastiturri eta Antso Jakituna); hartara, Gasteizko erdialdeko merkataritzaren argazki osoagoa lortuko dugu.

Hain zuzen ere, datu positiboak eman ditu alkateak merkataritza eta ostalaritzako lonjen irekiera eta itxierari buruz. Urte honetan, Gasteizek 18 denda eta 31 ostalaritza-establezimendu irabazi ditu. Datu horiek merkataritza-jarduera –zeinean establezimendu ireki eta itxien artean negatiboa izan den– gorantz ari dela erakusten dute. Ostalaritzari dagokionez, 2018an bikoiztu egin da saldo positiboa, 15 enpresa berrirekin.

 

 

 

Share