Prentsa Oharren banner

Zuhar Iruretagoienaren ‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Ekainaren 20ra arte izango da ikusgai lehen solairuko aretoan

 

Zuhar Iruretagoienaren ‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean. Apirilaren 23tik, ostirala, ekainaren 20ra bitartean izango da ikusgai lehen solairuko aretoan. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Zuhar Iruretagoiena egilea bera izan dira prentsaurrekoan. 

2020ko deialdian aukeratutako lau proiektuetako bigarrena da ‘Si cae caballo, cae imagen’. “Deialdi honen bitartez, gure artisten ekoizpena herritarrengana hurbiltzen dugu. Egungo egoeran, are garrantzia handiagoa hartzen du ekimen honek, izan ere tokiko kultura-sektoreak nabarmen pairatu baititu pandemiaren ondorioak. Aurten aurkezten ditugun lanek lotura argia dute osasun krisiarekin eta horrek gizartean dituen ondorioekin”, azpimarratu du Estibaliz Cantok.

‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketan, gizarte bati, ikusizko imajinarioari eta askatasun galerari buruzko hausnarketa egiteko aukera irekitzen du Zuhar Iruretagoienak. Mundu klasikoan boterearen eta subiranotasunaren irudia zaldi-estatuak adierazten badu ere, western zinemak askatasuna fikzionatu behar duen duen mundu postmodernoaren irudia eraikitzen du.

Gaur egungo osasun krisiak kolokan jarri ditu gizarte garaikideko kontu asko. Ildo horretan, krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berri horiek agerian jarri nahi ditu proiektuak, zaldiaren figura baliatuta analogia bat sortuz.

 

Egilea

Zuhar Iruretagoiena Arte Ederretako doktorea da, EHUn, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Arte digitaletako masterra du  (Bartzelona). Bere ibilbide artistikoan hainbat sari lortu ditu, besteak beste, Ertibil Bizkaia, Gipuzkoako artista berriena, Caja Madrileko “Generaciones” edo Guggenheim Horma.

Hainbat tokitan erakutsi ditu bere lanak: The Gabarron Foundation (New York,) Cristobal Balenciaga Museoa (Getaria), Rekalde aretoa (Bilbo), C-ART Galerie Prantl & Boch Bregenz (Austria), KM (Donostia) edo Bilboko Guggenheim museoan, besteak beste.

Egun, bateratu egiten ditu Arte Ederretako Fakultateko irakasle lana eta artista- eta sortzaile-lanak.

Artistak berak adierazten duenez, azken lanetan praktika-artistikoari proiektu-kontzeptutik eta ez piezen kontzeptutik heldu beharra taxutu da. Praktikari proiektu- eta prozesu-kontzeptutik ekiteak metodologia aldatzea ahalbidetu dio, eta horrek hobeto erantzuten die unean uneko  interes pertsonalei.

Proiektu-kontzeptuak praktika artistikoa ikuspegi zabalagotik jorratzeko aukera ematen dio, non azken pieza edo lanaren muntak garrantzia galtzen duen, eta sorkuntza-prozesuak esperimentazio- eta ikerketa-praktika gisa duen potentzial guztia hedatzen duen.

Share