Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 urria 2015 13:16

Atzo 33 urteko gizon bat atxilotu zuten ausarkeriaz eta edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, ez baitzen prebentziorako alkoholemia-kontrol batean gelditu. Udaltzaingoak jakinarazi duenaren arabera, atzo (astelehena) goizeko zortziak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, Ramiro Maeztu kalean jarritako prebentziorako alkoholemia-kontrol batean. Agente batek proba egiteko eskatu zion gidari bati, baina hark ez zion kasurik egin: zakar azeleratu eta ihes egin zuen, eta poliziak alde batera baztertu behar izan zuen harrapatu ez zezan.

Beste agente batek jarraitu zion ibilgailuari; hura kontrako noranzkoan joan zen kale batzuetatik, baina Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean gelditu behar izan zuen, ihesean gurpilak hondatu baitzituen. Gidariarengana hurbiltzean agenteek argi nabarmendu zuten edari alkoholdunen pean zegoela; gainera, ibilgailutik atera behar izan zuten, ez zuelako nahi. Bide-segurtasunaren kontrako bi deliturengatik atxilotu zuten:  ausarkeriaz gidatzeagatik eta alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Egindako alkoholemia probaren arabera, jaurtitako arnasako litro bakoitzeko 0.50 eta 0.47 miligramo alkohol zuen; horrenbestez, aginduzko argiketa idatzi zuten, guardiako epaitegira bidaltzeko.

Zubian, orobat, Udaltzaingoak bi gizon eta emakume bati egin zizkieten atestatuak bide-segurtasunaren kontrako delituengatik,  alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Aginduzko probetan emaitza hauek eman zituzten jaurtitako arnasako litro bakoitzeko: 0.95 miligramo alkohol handiena eta 0.81 txikiena. Ondorioz, beharrezko argiketak idatzi eta guardiako epaitegira bidali zituzten.

Atxilotuta agente bat iraindu eta hari eraso egiteagatik

Atzo 36 urteko gizon bat atxilotu zuten ustez agente bat mehatxatu, iraindu eta eraso egiteagatik. Arratsaldeko zortziak aldera, Gurutze Zuriko kaleko ostalaritza establezimendu baten jabeak 092ra deitu zuen, Udaltzaingoa bertara joan zedin, mozkor batek enbarazu egiten baitzien bezeroei. Zenbait agente bertaratu eta gizona lasaitzen saiatu ziren, baina hura agenteak mehatxatzen eta iraintzen hasi zen, eta haietako bati ukabilkada bat eman zion aurpegian; horrenbestez, atxilotu eta Agirrelandako bulegoetara eraman zuten. Gaur goizean epailearen aurrera eramango dute.

Hamabi zauritu hamar istriputan

Zubian 41 trafiko istriputan esku behar izan du Udaltzaingoak orotara, eta hamabi zauritu izan dira, hamar istriputan. Unibertsitateko ibilbidearen eta Korazonisten kalearen arteko bidegurutzean, auto batek beste bat jo zuen atzetik ostiralean, 21:00etan. Kolpea hartu zuen ibilgailuaren gidaria (25 urteko emakumea) zauritu zen, baina ez zuen mediku asistentziarik behar izan.

Larunbateko goizaldean, ziklomotor batek izan zuen istripua Juan Garai kalearen eta Arriagako atearen artean, gidariak (17 urte) ibilgailuaren kontrola galdu baitzuen; lurrera erori eta arin zauritu zen, beraz, anbulantzia batek artatu zuen bertan. Larunbatean, goizeko hamarrak aldera, Florida kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko biribilgunean, auto batek bidea emateko seinalea errespetatu ez eta biribilgunearen barrutik zihoan bizikleta bat harrapatu zuen. Ondorioz, txirrindularia (76 urte) arin zauritu zen, eta Santiago ospitalera eraman zuten.

 Ordubete geroago, Jesus Guridi kalean, furgoneta batek aparkatzen ari zen ibilgailu baten kontra jo zuen, gidaria despistatu egin baitzen. Kolpearen ondorioz, gidaria eta bi bidaiari (47, 44 eta 42 urte) arin zauritu ziren, eta Santiago ospitalera eraman zituzten.

 Igandean, 16.00ak aldera, hiru ibilgailuren arteko istripua izan zen Honduras kalean: gidari batek, despistaturik, aurreko ibilgailuaren kontra jo zuen, semaforo gorrian geldi baitzegoen, eta horrek aurrekoaren kontra. Lehen gidaria (26 urte) arin zauritu zen; bertan eman zioten arreta, eta gero Txagorritxu ospitalera eraman behar izan zuten.

Egun berean, 21.00ak aldera, ziklomotor baten eta ibilgailu baten arteko istripua izan zen Konstituzio plazako 1.aren parean. Autoaren gidaria errei batetik bestera aldatu zen, bidegabe, eta motorraren gidariak (30 urte) galgatu behar izan zuen haren kontra ez jotzeko. Ondorioz, lurrera erori eta arin zauritu zen; Txagorritxu ospitalera eraman zuten. Minutu batzuk geroago, bizikleta batek beste istripu bat izan zuen Micaela Portilla eta Laskarai kaleen artean. Badirudi txirrindulariari (25 urte) zela apurtu zitzaiola Laskarai kaleko zintarria jaistean, eta lurrera erori zen. Zauri arinak hartu zituen, eta Santiago ospitalera eraman zuten.

Atzo, 15.15 aldera, beste istripu bat izan zuen txirrindulari batek (31 urte): oinezkoen pasabide batetik igarotzean kontrola galdu, lurrera erori eta zintarriaren kontra jo zuen. Osasun langileek lekuan bertan eman zioten arreta, eta gero Santiago ospitalera eraman zuten.  

Txirrindulari bat alkoholaren eraginaren pean

Beste txirrindulari bat (62 urte) alkoholaren eraginaren pean gidatzen ari zen Arriagako atetik, lurrera erori eta arin zauritu zen. Alkoholemia proba egin eta jaurtitako arnasako litro bakoitzeko 0.86-0.83 miligramo alkohol eman zuen, beraz, salaketa administratiboa jarri zioten.

88 urteko oinezko bat, berriz, arin zauritu zen Arriagako atearen eta Santo Domingo plazaren artean harrapatu baitzuten. Zauritua Santiago ospitalera eraman behar izan zuten. Udaltzaingoko argiketa taldea istripuaren arrazoiak aztertzen ari da.

Udaltzaingoak 51 salaketa izapidetu zituen: 4 lapurretagatik, 37 ebasketagatik (20 diru-zorro eta mugikorrengatik eta 8 bizikletengatik), 4 kalteengatik, 2 partikularren arteko erasoengatik, 1 iruzurragatik, 1 genero-indarkeriagatik, 1 erresistentziagatik eta agenteei desobedientziagatik, eta 1 agintarien kontrako erasoagatik. Polizia judizial gisa 26tan jardun zuen, besteak beste, auto bat eta bizikleta bat berreskuratzeko.

 

Share