Prentsa Oharren banner

IGIk etapa berri bati ekingo dio, ingurumen berrikuntzarako agentzia gisa, eta Kontseiluak Luis Andrés Orive izendatu du zuzendari

 

“IGI Udalaren eguneroko jardunean integratu nahi dugu, operatiboagoa izan dadin”, esan du ikastegiko lehendakari Borja Belandiak

Gaur goizean, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren Kontseiluak bilera egin du Gasteizko udaletxean, eta Luis Andrés Orive zuzendari izendatu du etapa berri honetarako. IGIko teknikari taldeak udal gobernuak jarraitu nahi duen filosofiaren ildo nagusiak azaldu dizkie talde politikoei, zentroak 20 urte bete dituen honetan. “Azken batean, IGI berrikuntza agentzia bihurtu nahi da, puntako alorretan (ingurumena, mugikortasuna eta energia-eraginkortasuna) ikertzeko zentroa. Udal sailak eta IGI elkarri hurbiltzea da asmoa, Udalaren eguneroko jardunean integratu eta operatiboagoa izan dadin”, azaldu du IGIko lehendakari Borja Belandiak. Horretarako, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak azken bi hamarkadetan egindako lana eta nazioartekotzeko duen ahalmena baliatu beharko ditu.

IGI+20ren ardatz funtzional berriak informazioa eta berrikuntza zein azterlan prospektibo eta aplikatuak izango dira, bai eta hezkuntza, sentsibilizazioa eta parte hartzea ere. Besteak beste, gai hauek landuko ditu: mugikortasun iraunkorra, klima aldaketaren kontrako borroka, ekologia eta paisaia plangintza, laborategi berdeak (‘green lab’) eta Eraztun Berdearekin lotutako sentsibilizazioa. IGIk ibilbide luzeko proiektuak planteatzen dituenez, Borja Belandiaren ustez “kontseilukide guztien artean adostu beharrekoak dira”. Gaurko saioan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikariek arlo funtzionalak, jarduera ildoak eta datozen urteetarako plan eta proiektu estrategikoetako batzuk azaldu dituzte.

Gorka Urtaran alkateak ere aipatu zuen udal politikaren inguruko eztabaida orokorrean IGIren “funtzioak berritu eta eguneratzeko garaia” dela, eta horri buruzko helburuak iragarri zituen: “IGI berrikuntza-polo bihurtzea, ingurumenaren, mugikortasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloko ikerketa eta berrikuntza zentroa izan dadin. Beste zentro teknologiko zein berrikuntza eta ikerketa zentro batzuekin elkarlanean jardun behar du, hala nola Neiker, Tecnalia, unibertsitatea… Hartara, ikerketaren emaitzak udalean puntako ingurumen politikak garatzera bideratu ahalko ditu”.

Orobat gehitu zuen: “gure iritziz, IGI berria alorreko teknikari eta aditu onenetako batek zuzendu behar du, Luis Andrés Orivek”, orain arte ikastegiko arduraduna izandakoa, Juan Carlos Escudero, ahaztu gabe.  Azken hori Koroatzearen auzoa berriztatzeko plana abian jartzeko lanak koordinatzeaz arduratuko da, bai eta beste proiektu garrantzitsu batzuez  ere.

Aurrekontua

Gaur goizeko kontseiluan, halaber, 2016ko ekitaldirako aurrekontuaren aurreproiektua aurkeztu dute. Aurrekontua 2,4 milioi euroraino igotzea (zehazki, 2.403.910,20 euro) aurreikusi da. 2015ean, berriz, IGIk 1.832.500 euroko aurrekontua izan du. 2014an, 1.750.000 eurokoa izan zen.

Share