Prentsa Oharren banner

Gasteizek 210.000 euro jarriko ditu Oihaneder Euskararen Etxean jarduerak programatzeko

Gasteizko Udalak 210.000 euro inbertituko ditu Oihaneder Euskararen Etxean 2016 urteko euskarazko kultur jardueren programazioa egiteko. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du jarduera-programarako kontratazio dosierra, zeinaren kudeaketa urtebeterako esleituko baita, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Gasteiz euskalduna, eleaniztuna eta kohesionatua nahi dugu, gizarte kohesiorik gabe ez dagoelako hizkuntza politika iraunkorrik egiterik. Eta euskara ondo zaintzen duten politikak garatu behar ditugu, Gasteizen nahi dugun normalizazioa lortzeko”, gogoratu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. “Ildo horretatik, kultur zentro horretan egin daitekeen lana garrantzitsua da”, haren ustez.

Euskararen Etxean antolatzen diren ekintzak Montehermoso kulturunean egiten diren jarduerekin koordinatu beharko dira. Euskara da proiektuaren ardatza, eta Urtaranen gobernuak hizkuntzarekin zerikusia duen arte-adierazpen ororen erakusleihotzat jotzen du. “Sortzaileak elkartzeko lekua izan nahi du, prestakuntza-leku bat, euskaraz zertzen den kulturaren esparruan lan egiten dutenentzako erreferentzia-leku bat. Sorkuntzak, kulturak eta euskarak bat egingo duten lekua izan behar du”, azaldu du Prusillak.

Euskarazko kultur sorkuntza sustatzearen aldeko apustu hori Udalak kultura sustatzeko bideratzen duen politika orokorraren baitan txertatu behar da —egokitzat jotzen den autonomia aitortzen zaiolarik—, ez dadin bikoizketarik eta disfuntziorik gerta. Era berean, Oihaneder euskarazko kultur sorkuntzarako eta euskaldunentzako erreferentzia-leku bihurtzeak ez du izan behar hainbat udal zerbitzuk eta elkarte euskaltzalek bai gizarte etxeetan bai hiriko beste hainbat lekutan euskaraz burutzen dituzten jardueren kaltetan.

Share