Prentsa Oharren banner

Udalak gizarte baliabideen kudeaketa eta kontrola hobetzeko protokolo berria ezarri du

Diruzko gizarte-laguntzen inguruko iruzurrezko ekintzak eragozteko 2005eko maiatzean onetsitako udal-protokoloaren ordezkoa da

Udalak gizarte-prestazioen kudeaketa eta kontrola hobetzeko protokolo berria landu du, Gasteizen duela hamar urte onartutakoa ordezteko. Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu duenez, protokolo berriak balioko du “gizarte baliabideak zuzen kudeatzeko, administrazio lana arintzeko, erabiltzaileek administrazio publikoak dagoeneko duen dokumentazioa aurkeztu beharrik ez izateko eta, gainera, iruzurra eragozteko, erakundeen eta zerbitzu eskudunen arteko koordinazio handiagoaren bidez eta kontrol eta kudeaketarako  bitarteko egokiak jarriz”.

Gaur aurkeztu zaie agiria talde politikoei. Besteak beste, kudeaketa indartu eta prozedurak hobetzen dituzten neurriak  jasotzen ditu, “pertsona guztiei ahalik eta arreta onena ematea, profesionalek informazio eta bitarteko nahikoak edukitzea eta izan daitezkeen irregulartasunak zorrotzago jarraitzea” bermatzeko, azaldu  du Nerea Melgosak. Saileko langileekin batera landu da dokumentua, eta haien oniritzia du.

Hobekuntza hauek dira nabarmengarrienak:

  • Gizarte entitateen datuak automatizatzea: gizarte entitateekin (Gurutze Gorria, Elikagaien Bankua) datuak trukatzeko prozesuak automatizatuko dira, eta Cáritasekin berriro elkarlanean hasteko asmoa dago. Entitate horiekiko hitzarmenak orain arte elikadurari buruzko datuak trukatzera mugatzen ziren, baina berraztertu eta zabaldu egingo dira.
  • Administrazioen artean informazio osoagoa: beste administrazio batzuekin informazioa trukatzeko fitxategietan, pertsona batek jasotzen dituen prestazio guztien datuak trukatuko dira, ekonomikoak zein ekonomikoak ez direnak. Herritarrek eskatuta prestazioei buruz egiten diren ziurtagirietan prestazio ekonomikoen gaineko informazioa (orain arte bezala) eta ekonomikoak ez direnen gainekoa (jantokia eta elikadura prestazioa) zehaztuko da.
  • Datu fidagarriagoak: informatika-aplikazio bat garatuko da, eta bertan informazio guztia sartuko da, gizarte langileek egin beharreko kontsultak errazteko, hau da, datu eguneratu guztiak pantaila bakarrean ikusterik izan dezaten.
  • Benetako beharrei doitutako prestazioak: lankidetza hitzarmenak izenpetuko dira oftalmologo eta odontologo elkargoekin, oinarrizko zerbitzuen aurrekontuak eta benetako beharrak doitzeko (adibidez, ikusmen-urritasuna zuzentzeko).
  • Lanbiderekiko koordinazioa hobetzea: dagoeneko abian da teknikarien lan-taldea.
  • Errolda: Errolda Zerbitzuarekiko akordioa hobetzea, erroldatze soziala, etxebizitza komunitarioetako erroldatzea eta abar aztertzeko.
  • Ogasun Sailarekin batera lan-talde bat sortzea, kontrol-neurriak koordinatzeko.

Gizarte Politiken zuzendari Sara Buesak zehaztu duenaren arabera, gizarte baliabideen kudeaketa eta kontrola hobetzeko protokoloa 2015eko urrian onetsi zen, eta diruzko gizarte-laguntzen inguruko iruzurrezko ekintzak eragozteko 2005eko maiatzean onetsitako udal-protokoloaren ordezkoa da.

Bi dokumentuen arteko alde nagusia da “protokoloaren ardatz nagusitzat prestazioen kudeatu eta kontrolajarri direla, bi osagai horien gainetik iruzurra nabarmentzen duen formulazioa egin beharrean”, azpimarratu du Sara Buesak. Izan ere, iruzurrezko egoerak antzematea kudeaketa eta kontrola hobetzearen emaitza izango da. Halakorik gertatuz gero, Gizarte Politiken Sailak badu jarraibiderik herritarren salaketak bideratzeko edo behar ez bezala jasotako prestazioak itzultzeko, besteak beste. Orobat, iruzurrezko jardueren eraginari buruzko ebaluazio-txostena egiten da urtero.

Protokoloa  Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren eskumeneko diren gizarte-prestazioak tramitatu eta kudeatzeko prozesuan aplikatuko da. Zehazki, Gizarte Politiken Saila Gizarte Larrialdiko Laguntzekin eta udal prestazioekin lotutako prozedurez, izapideez, jarraipenaz eta kontrolaz arduratzen da.  Prestazio horiek eskuratu ahal izateko, arautzen dituen legedian ezarritako betekizunak bete behar dira aurretik, zeinak tramitatzeaz arduratzen diren gizarte zerbitzuetako langileek egiaztatzen baitituzte.

Udal sailen arteko egiaztapenak

Gizarte Politiken Saila, gizarte-prestazioak tramitatzeaz arduratzen den aldetik, protokoloa ezartzen du, eta zerikusia duten gainerako udal sailekin koordinatzen da, baliabide publikoak, gizarte-prestazioak kasu honetan, hobeto kudeatzearren.

Errolda Atalaren bitartez, hainbat datu egiaztatzen dira: pertsona batek zenbat denbora daraman erroldatuta, EAEko bizitzen daraman denbora, erroldako ofiziozko bajen kopurua, mugimendu gehien duten bizilekuak, etab.

Ingurumen Sailarekin, esate baterako, etxebizitzen bizigarritasun, higiene eta osasungarritasun baldintzak egiaztatzen dira. Ogasun Sailarekin ere datu ugari egiaztatzen da: ondarea, ibilgailuak, ondasun higiezinak eta higigarriak, lizentziarik gabeko apopilo etxeak eta ostatuak, erabiltzailea EJZn alta emanda dagoen, itzultzeko prozeduretako ordainagiriak, eta beste. Enplegu Sailarekin, salmenta ibiltariko lizentziak egiaztatzen dira; Herritarren Segurtasunaren Sailarekin, aitortu gabeko egoerak eta gertaerak egiaztatzeko ikerketa zehatzak bideratzen dira.

Beste administrazio batzuekiko eta elkarteekiko egiaztapenak

Beste erakunde publiko batzuekiko eta hirugarren sektoreko entitateekiko hitzarmenen bidez, Gizarte Politiken Saila batzuetan datuen lagatzailea da, eta bestetan, hartzailea.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin koordinatuz, lan-bizitza egiaztatzen da; Gizarte Segurantzaren Institutuarekin, erakunde publikoek kudeatutako prestazioak; Jabetza Erregistro Nazionalarekin urtean bitan trukatzen dira fitxategiak, eta aldian aldiko kontsultak egiten dira. Aldundiarekin, berriz, errenta-aitorpenei edo banku-kontuei buruzko informazioa trukatzen da.

Gurutze Gorriarekin, Caritasekin eta Elikagaien Bankuarekin hilero trukatzen dira fitxategiak, ematen diren prestazioak eta harrerarako laguntzak eta elikadurarako laguntzak egiaztatzeko; hori hobetzeko asmoa  dago.

Gizarte Politiken Sailak, bestalde, berak tramitatu eta kudeatzen dituen gizarte-prestazioei buruzko informazioa ematen die beste erakunde batzuei, haiekin sinatutako hitzarmenak direla medio. Arabako Foru Aldundiari GLLak eta udalaren laguntzak zein adinekoentzako zerbitzuekin lotutakoak egiaztatzeko informazioa ematen dio. Eusko Jaurlaritzari, gizarte larrialdiko laguntzei buruzko informazioa igortzen dio hiru hilean behin; Gurutze Gorriari, Caritasi eta Elikagaien Bankuari, azkenik, hilero ematen die informazioa Sailaren prestazioez.

 

Share