Prentsa Oharren banner

Gasteizek Milan eta Valladolidera eraman du bere turismo eta biltzar eskaintza

Euskadiko hiriburuak stand propioa du Intur ferian, barruko turismoa erakartzeko, eta Milango Master Meeting ekitaldian, berriz, biltzarren eskaintza aurkezten ari da

 

Gasteizko Biltzar eta Turismo Zerbitzua turismo promozioarekin eta biltzar jarduerarekin lotutako bi hitzordu garrantzitsutan parte hartzen ari da aste honetan: Milango Master Meeting eta Valladolideko Intur feria. Aukeraz betetako bi eremu garrantzitsuren aldeko apustua egiten da horrela: hazten ari den turismo merkatua (Gaztela eta Leon) eta nazioarteko biltzarren zirkuitua.

 

“Garatzeko bide ematen digun heinean, turismo eta biltzarren merkatua handitzeko aukera dugun lekuetan egon nahi dugu. Aste honetan bi promozio ekintza garrantzitsu egiten ari gara, datorren urtea oso garrantzitsua izango baita gure biltzar etxea nazioarteko mapan jartzeko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

 

 

Promozioa Intur ferian

 

Gasteizek stand propioa du Valladolideko Intur ferian, azaroaren 26tik 29ra arte. Gasteizek eta Arabak dituzten baliabide nagusien berri ematen ari dira bertan, bereziki abendurako antolatutako jarduerak azpimarratuz. Zehazki, Ardoaraba feria sustatu nahi da, ekitaldi hori “barruko turismoarentzat” oso erakargarria izan baitaiteke.

Gaztela eta Leonetik gero eta turista gehiago hurbiltzen da Gasteizera. Horren erakusgarria da aurten % 8 handitu izana autonomia erkidego horretako turisten kopurua. Hori dela eta aurreikusi zen Inter feriara joatea 2015erako ekintza planaren barruan.

 

 

Aurkezpena Milango Master Meeting-en

 

Aldi berean, Gasteiz Milango Master Meeting ekitaldian parte hartzen ari da azaroaren 26an eta 27an. Spain Convention Bureau-arekin batera egiten ari den promozio zuzeneko ekintza horretan biltzar eta pizgarrien turismoari begirako eskaintzaren aurkezpen berezia egingo da, Europa biltzar etxe berritua buru delarik.

Milanen bildutako sektoreko 80 enpresak baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da. Horretaz gain, Gasteizko eskaintza gastronomikoa eta Arabako Errioxako ardoa aurkeztuko dira.

 

 

2015eko abenduko turismo programazioa

 

Gasteizko Udalak, bestalde, zenbait berrikuntza proposatzen ditu datorren hilerako turismo kanpainan. Horien artean nabarmengarriena abenduko zubian antolatu den familientzako bisita antzeztua da, orain arte bakarrik udako kanpainan eskaini baita.  Horretaz gain, “Floridako jaiotzaren istorioak” izeneko bisitak ditugu, umeek jaiotza monumental hori ezagutu dezaten, bereziki. Santa Isabel hilerria ezagutzeko bisita ere antolatu da, gasteiztarrak zein bisitariak hiriaren historiaz betetako leku horretara hurbil  daitezen. Orobat, Erdi Aroko hiriguneko ohiko bisitak eskainiko dira.

Ekitaldi gastronomikoen alorrean, Ardoaraba eta Goxo-Goxo azokak azpimarratu behar dira abenduko zubian, Almendraren Azokaren edizio bereziaz osatuak. Abendu osoan, bestetik, pintxoen ibilbidea eta “Dastatu Gasteiz” ibilbidea mantenduko dira, bai eta ardo dastatzeak eta sukaldaritza lantegiak ere.

 

Eguberriei dagokienez, publiko ororentzako eskaintza zabala dago: azokak, Erdi Aroko hiriguneko bisitaldi gidatuak, horma-irudien ibilbideak, kultur jarduerak, izotz-pista eta abar. Eguberrietako argiak abenduaren 4an (ostirala) piztuko dira, 18:00etan.

 

Argibide gehiago: Abenduko zubiko eta Eguberrietako kanpaina

Share