Prentsa Oharren banner

Gasteiz turismo berdearen erreferentzia gisa agertu da Fiturren, Turismoaren Mundu Erakundeari (UNWTO) Turismo Iraunkorraren Gutuna emanez

 

 

 

 

 

 

 

Euskadik 2016ko Fiturren duen standean eman zaio ofizialki Gasteizko Turismo Iraunkorraren Gutuna UNWTO-Turismoaren Mundu Erakundeko zuzendari idazkari exekutiboari. Adierazpen hori –alorrean erreferentziazko agiri nagusia– 2015eko azaroan Gasteizen egin zen Turismo Jasangarriaren Mundu Gailurrean sinatu zen, eta 1995ean Lanzaroten sinatu zen lehen gutunean hartutako konpromisoak berreskuratu eta garapen iraunkorrerako beste 17 helburu nagusi jasotzen ditu.

“Turismoaren Mundu Erakundeari Gasteizen onetsitako gutuna ematea oso garrantzitsua da munduan turismoarekin lotuta dauden aktore nagusien artean zabaltzeko, Nazio Batuen garapen iraunkorrerako helburuen barruan turismo-jardueretarako gida baita. Gure hiria turismo berdearen alorrean erreferentea bihurtzeko helburua lortzeko beste urrats bat da”, adierazi du Turismo zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteizek 2016ko Fiturren gaurko duen agendaren barruan, Hiri Napoleonikoen Federazioaren bilera dugu; Gasteiz federazioaren lehendakariordea da estatuan. Gasteizko Biltzar eta Turismo Zerbitzuak Gasteizko Napoleonen Asteari buruzko liburuxka landu du, zeinean ekitaldiaren programazioa ez ezik hiriko Napoleonen Ibilbidea ere azaltzen baita, eta harekin lotutako gune garrantzitsuenen mapa. Agiri hori zenbait hizkuntzatan argitaratuko da, alemanez esaterako, Berlinen martxoan egitekoa den turismo azokan presentzia berezia izango baitu, Europako Ibilbide Kulturalen barruan.

Bestetik, Gasteizko ordezkaritza turismo irisgarriaren alorrean espezializatutako enpresekin bildu da gaur goizean. Ezintasunak dituzten pertsonei egokitutako liburuxka turistiko berria aurkezteaz gain, esparru horretan prestakuntza handiagoa eta herritarrek parte hartzeko dinamikak sustatzearen alde agertu da Gasteiz. Azkenik, EAEko hiru hiriburuak biltzen dituen “Destinos Euskadi” elkarteak bilera egin du, aurten elkarrekin antolatuko dituzten promozio jarduerak zehazteko.

 

 

 

 

 

 

Share