Prentsa Oharren banner

Udalaren kirol instalazioetako mantentze- eta kudeaketa-lanak egiteko kontratuak esleitu ditu Gobernu Batzarrak, 7,4 milioi euroan

Guztira 7,4 milioi euroko balioa duten hainbat kontratu esleitu ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaur egin duen bileran, hiriko zenbait kirol-instalazio onik zaindu eta kudeatzeko.

Zehazki, Gasteizko udal-igerilekuak kudeatu eta mantentzeko zerbitzua eskaintzeko kontratu berria esleitzea onartu du udal-gobernuak, lau urteko aldirako —6,1 milioi euro ordaindu beharko ditu Udalak zerbitzu horren truke—.

Udal-jabetzako 26 igerilekuren —18 estali eta 8 estali gabe— funtzionamenduaz, kontserbazioaz eta segurtasunaz arduratu beharko du esleipendunak, baita suhiltzaileek probak eta entrenamenduak egiteko Agirrelandan duten igerileku edo ur-tangarenaz ere.

Giroa enpresak zainduko ditu igerileku-ontziak, ura arazteko sistemak eta bestelakoek, hala nola seinaleztapena, eskailerak, podiuma, salbamendu-flotagailuak eta instalazioa osatzen duten gainerako elementuak. Era berean, bera arduratuko da igerilekuak hustu, bete, martxan jarri nahiz ixteko egin beharreko maniobra eta lanak egiteaz.

Bestalde, Gamarrako parkea garbitzeko kontratua ere esleitu du Gobernu Batzarrak, bi urterako —670.063 euroko inbertsioa—.

Instalazioaren garbiketa integralari dagozkion lanak, berriz, Uni2 enpresak egingo ditu: sarrerak, pasealekuak, lorategiak, kirol- eta jolas-esparruak eta abar garbituko ditu.

Futbol-zelaiak

Azkenik, Udalaren futbol-zelaietako zerbitzu osagarrien kontratua 2017ra luzatzea onetsi du Gobernu Batzarrak, 613.687 euroko kopuruan.

Lankide-Laziturri aldi baterako enpresa-elkartearekin sinatutako kontratu horrek honako hauek hartzen ditu: futbol-zelaiak ireki eta ixtea, sarrera-kontrolak, zaintza, garbiketa eta belar naturala onik zaintzea.

Share