Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-03-15)

Prentsaurrekoa. ‘Poetak maiatzean’ Nazioarteko Poesia Jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; eta ‘Poetak maiatzean’ Nazioarteko Poesia Jaialdiko zuzendari Elisa Rueda

Eguna. Asteazkena, martxoak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Atariak ‘Oráculo de Belfos-bocateca poética’ erakusketa jarri du ikusgai, material birziklatuz egindako 56 aho adierazkorrez osatutakoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak ‘Oráculo de Belfos-bocatería poética’ erakusketa jarri du ikusgai, maiatzaren 1era arte. Gasteizko Udalak antolatu du Josean Morlesín artistaren eta Vicente Javier Fernández olerkariaren lanen erakusketa, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

Erakusketan 56 aho keinukari adierazkor eta deigarri jarri dira, pastaz modelatuak eta arrain-kontserben antzera ontziratuak, berreskuratutako itsaski-kutxa batzuetan aurkeztuak. Morlesínek berak azaldu duenez,  “erakusketaren gaia ahoak, muturrak dira, keinuak eta imintzioak egiten dituzten ahoak, giza pasioak irudikatzeko eta gizakiaren bizipenetatik ibilbidea egiteko asmoz. Ibilbide horretan lau sasoi eta hiru etapa —nerabezaroa, helduaroa eta zahartzaroa— islatu dira“. “Ahoteka” berezia da, errebelazio poetikoek inspiraturik, Delfosko —hortik izenburuko “belfos”=”abere ezpain”— orakulua balitz bezala gure bulkada natural kontrajarriei buruz aholku eta abisu emango diguna, “indarguneak versus ahulguneak” (karitatea vs. bekaizkeria) atalean, eta gure existentzia laburraz, “lau urte-sasoiak” eta “gizakiaren hiru adinak” ataletan. Lan bakoitzari lagunduz Vicente Javier Fernández olerkiak paratu dira, argazki-oinen antzera.

Hala artistek nola Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari  Iñaki Prusillak lanaren sentsibilizazio ahalmen handia azpimarratu dute. “Udalean uste dugu arteak gizarte berdea eta ingurumenaz kontzientziatua osatzen lagundu behar duela, haren alde lan egiten baitugu”, azaldu du Iñaki Prusillak. “Berez, instalazioak kutsu ekologiko handia du, pieza birziklatuz osatuta baitago”, erantsi du. Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak, berriz, nabarmendu du: “zentroan sinesten dugu ingurumen-hezkuntza ohiko zirkuluetatik haratago doala, eta artearen eta gizakiaren arteko harremanean ere islatu behar duela“.

Josean Morlesínek eskulan ugari egin ditu. Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko kidea da, ‘Ekilore’ kultur elkartearen fundatzaileetako bat, eta Homo Fabulans Kolektiboa kultur elkarteko lehendakaria. Hainbat erakusketa egin ditu, besteak beste, ‘Mitología vasca – herencia de nuestros ancestros’, ‘Drácula’ eta ‘Yo Príapo’ izeneko muntaiak. Vicente Javier Fernándezek vicentejavier-f.blogspot.com blogean argitaratzen ditu bere olerkiak, eta librodepalabrasprestadas literatur blogean haren lana aitortu dute. Biek Gasteizko Udalean egiten dute lan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Idazleekin solasean Jon Arretxerekin

 

Jon Arretxe idazlearekin solasean martxoaren 15ean Iparraldeko liburutegian

Udalaren Liburutegi Sareak antolatutako “Idazleekin solasean” izeneko programa abian da berriro 2017. urtean hiriko liburutegietan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da programaren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

Azken hiru urteetan liburutegietara gerturatu diren idazleek euskaraz egiten den literaturaren erkusgarri bikain bihurtu dute programa: Miren Agur Meabe, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Danele Sarriugarte, Lander Garro, Xabier Mendiguren, Katixa Agirre, Unai Elorriaga, Lourdes Oñederra, Gerardo Markuleta, Harkaitz Cano, Xabier Etxaniz Rojo, Jasone Osoro… den-denek bizipenak eta hausnarketak aletu dituzte solasaldietan liburuen eta literaturaren gainean.

Hurrengo hitzordua Jon Arretxe idazlearekin izango da, Iparralde gizarte etxeko liburutegian, martxoaren 15ean, 19:00etan. Sarrera librea da.

Jon Arretxek lotura berezia du gure hiriarekin. Bizkaian jaio zen (Basauri, 1963) eta Nafarroako Arbizu herrian du bizilekua, baina 15 urtean Gasteizen bizi izan da. Idazle eta bidaiaria, Sator lokatzak izeneko bere azken eleberriaren harira bere unibertso literarioari buruz hitz egingo digu.

Jon Arretxe saiatua da orain baino lehen ere inmigrazioaren azpimunduaren deskripzioa egiten, “ikusten” ez diren horien eguneroko bizimodua bistaratzen, eta Sator lokatzak liburuan ere hala egin du. Bilboko San Frantziskoko auzoan kokatzen da istorioa eta Toure igarle-detektibea da protagonista. Paperik gabekoen eguneroko bizimodu latza erakusten du, besteak beste, azken liburu honetan eta horri buruz eta bere literatur ibilbideaz ere hitz egingo digu idazleak.

Share

Gazte Hitzak 2017 lehiaketan parte hartzeko epea datorren astelehenean bukatuko da

Bernardo Atxagak eta Espido Freirek laguntza emango diete sarituei

Gazte Hitzak 2017 lehiaketan parte hartzeko epea datorren astelehenean bukatuko da. Gazte Hitzak Lehiaketa, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, bai Gasteizen jaio, bizi, bai ikasi edo lan egiten duten gazteei. Gaia librea da eta generoa fikzioa. Bi modalitate ezarri dira, euskara eta gaztelania eta bi sail modalitate bakoitzean: bata, 14 -18 urte bitartekoak eta bestea, 19-25 urte bitartekoak. Lanak papelean eman daitezke (Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Plaza Berrian, 1) edo posta elektronikoaren bidez bidal daitezke gaztehitzak@gmail.com helbidera.

Kontakizunak jasotzeko epea otsailaren 1ean hasi zen eta martxoaren 20an bukatuko da.

Sari bat emango zaio modalitate eta sail bakoitzari. Lehenik 300 euroko balioa duen balea, liburuetan gastatzeko; bigarrenik, norberaren narrazio propioa osatzeko Bernardo Atxagak (euskarazko modalitatean) eta Espido Freirek (gaztelaniazko modalitatean) emandako laguntza eta sormen literarioa, eta azkenik saritutako kontakizunak udaleko web gunean eta paperezko formaturen bitartez hedatuko dira.

Sarien banaketa:  maiatzaren 26an, 18:00etan, Aldabe gizarte etxearen antzokian; bertan, irabazleen izenak jakinaraziko ditugu.

Kartela: 1_Cartel A3 Gazte Hitzak 2017_ok

Gazte Hitzak, II. Ipuin eta kontakizun laburren lehiaketa oinarriak:EUS_Bases web Gazte hitzak 2017

 

 

Share