Prentsa Oharren banner

Gasteizek birgaitzeko laguntzetarako plana hobetu du, diru-laguntzen ildo berriak sortuta

21 Zabalgunea sozietateak Erdi Aroko hirigunean gazteei alokatzeko etxebizitzen zozketarako deialdia egingo du 

21 Zabalgunearen kontseiluak zenbait proiektu onetsi zituen atzo, eta hartara hirigintza sozietatea birgaikuntza-agentzia gisa sendotuko da. Etxebizitzak eta eraikinak egokitzeko laguntza behar duten familiei sostengu handia ematen die horrek, birgaikuntzaren sektorea aktibatzen du, eta gizarteari baliabideak ematen hiriko auzoetan esku hartzeko.

Batetik, zenbait erabaki onetsi ziren lurzorua saltzeko (lursail bat Aretxabaletan, babes ofizialeko 60 etxebizitza egiteko), bai eta Pintore kalean lau etxebizitza eta Salburua eta Zabalganean 13 merkataritza areto saltzeko ere. Salmenta horietatik lortutako baliabideen bidez birgaikuntza politikari eutsi ahalko dio sozietateak.

 

Laguntza plan hobea

Bestetik, 21 Zabalgunearen kontseiluak 2017an birgaitzeko laguntzak emateko araudia onetsi zuen. Orain arte ematen zituen laguntzez gain, beste ildo batzuk sortu dira: begiratokiak birgaitu eta mantentzeko laguntzak, Gasteizko ezaugarria baitira (400.000 euro), eta leihoak konpontzeko laguntzak (400.000 euro). Orobat, laguntzak jasotzeko lehentasunezko alderdien barruan Zabalgunea sartu da. Beste aldaketa tekniko batzuk ere egin dira testuan.

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak positibotzat jo du lortutako akordioa, horri esker Gasteizek “orain arte zuena baino araudi hobea izango” baitu. “Hiriko hainbat lekutako etxebizitza askotan oinarrizko irisgarritasun eta erosotasun beharrak hobetzen lagunduko du araudiak”.

Alkateak laguntza horiek hiriaren ehun ekonomikoan izango duten biderkatze-efektua azpimarratu du. Hona hemen datu batzuk: iaz, 21 Zabalguneak 2,1 milioi euro eman zituen 5.707 etxebizitza birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzetan.

2016an emandako diru-laguntzei esker, 20.453.748,4 milioi euroko obrak egin dira. Alegia, emandakoa bider 10.  Gainera, ordainsariek sortutako BEZa 2 milioi euro baino gehiago izan da (2.152.972,19 €). Udalak lizentziengatik lortutakoa 318.360,29 euro da.

 

Gazteentzako etxebizitzen zozketa

Bestetik, Erdi Aroko hirigunean gazteei alokatzeko etxebizitzen zozketarako deialdia egitea onetsi zuen 21 Zabalgunearen kontseiluak. Sei elkarbizitza izango dira, zeinetan ordaindu beharrekoak ez baitu gaindituko bizikidetza unitateak urtean eskuratzen dituen diru-sarrera gordinen % 30eko muga. Zozketan parte hartzeko eskabideak Sozietatearen bulegoetan aurkeztu beharko dira, 2017 ekainaren 15eko 12ak baino lehen.

 

COSUBAPREren likidazioa

Orobat, COSUBAPRE sozietatea likidatzea erabaki zuen 21 Zabalguneak. Sozietatea 2005ean sortu zen, lurrak erosteko, eta besteak beste, bi funts erosi zituen Nebera gainean, merkatuko balioa baino 30 aldiz garestiago. Oraingo alkateak aurreko agintaldian salatu zuen hori, ez zuelako egokitzat jotzen Udalak bi sustatzaile pribaturekin batera parte hartzea landa lursail horien erosketan, lursailak birsailkatuko zirelakoan, salerosketa eskrituretan jasota zegoenaren arabera.

2012an, Gorka Urtaranek orduko alkateari eskatu zion esku har zezan, eta aipatutako sozietatea era antolatuan desegin. Auzia Estatuko Kontuen Epaitegira ere bidali zen, baina ez zuen aurrera egin, preskribatuta zegoelako.

 

 

Share