Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2017 20:14

Alkateak gogorarazi duenez, “hiriko ekonomi jardueraren benetako motorra dugu, eta ahalik eta etekin handiena atera nahi diogu, hiriko enpresa eta antolakundeen laguntzarekin”

Gaur arratsaldean hiriko enpresetako eta profesionalen taldeetako berrogeita hamar ordezkari ingururentzako bilera deitu da Europa jauregian, biltzar jauregiaren potentziala ezagutzera emateko.

“Ezer gutxirako balio du Gasteiz green meeting edo biltzar berdeen egoitza bihurtzeko potentziala edukitzeak hiriko ekonomiaren eta berrikuntzaren eragile nagusiak kontuan hartzen ez baditugu. Gasteizek biltzarren helmuga gisa aurretik duen bide itxaropentsu horretan gure aliatuak izatea nahi dugu, bandera-ontzi honen iradokitzaileak bihur zaitezten, eta zuen antolakundeetan kontuan izan dezazuen. Berme bikoitza duzue: batetik, azken birmoldatzearekin dagoeneko biltzar turismoaren lehen mailan dagoen erakin bat, eta bestetik talde kualifikatu bat, erantzun profesionala eta zerbitzu lagungarriak eskainiko dizkizuena, lana erraztearren”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak bileran.

“Hiriko ekonomi jardueraren benetako motorra dugu, eta ahalik eta etekin handiena atera nahi diogu, zuekin batera. Gasteiz ahalegin handia egiten ari da turismo eta biltzar eskaintza sendotzeko, urtez urte eskakizunen eta, beraz, kalitatearen maila handituz baitoa. Gasteizen ekitaldi bat egitea kalitatearen bermea da beti, eta balio erantsia jasotzearena”, adierazi du Gorka Urtaranek.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:48

Gasteizko Udalak Errekaleorren argitegiaren inguruan Udalbaltzaren idazkariak ebatzitako gomendioa aintzat hartuko du, beti Industria sailaren segurtasun errekerimenduak errespetatuz. Horien ondorioz Iberdrolak auzoko energia elektrikoa moztu zuen segurtasun irizpideak kontutan hartuta, baita Udalaren txosten teknikoak ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:19

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek Gosearen kontrako II. Konferentzian hartuko du parte bihar, Madrilen. Biltzarraren bidez agerian jarri nahi da Udalek duten zeregina, eta elikadurarako eskubidea pertsonen oinarrizko eta funtsezko eskubidetzat indartzen duen lege-esparrua sustatzeko beharra.

López de Munain Udalak elikadurarako eskubidearen alde foroan izango da,  beste hauekin batera: Madrileko alkatea, Manuela Carmena; Bartzelonako Udaleko Gizarte Eskubideen zinegotzia, Laia Ortiz; Valentziako Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzia, Consol Castillo, eta FAOren Espainiako ordezkari berezia, Ignacio Trueba. Javier del Pino kazetaria arituko da moderatzaile.

Gosearen kontrako II. Konferentzian, esklusio-, premia- edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonei elikadura bermatzeko zereginetan Gasteizko gizarte-zerbitzuetan metatutako esperientziaren berri emango da: “aukera ona izango da Udalak alor horretan duen zeregina azaltzeko, eta egiten ari garen guztia ezagutarazteko, esaterako, udal prestazioen ordenantza berria lantzea edo beste entitate eta erakundeekin ditugun hitzarmenak gosearen tragediari aurre egiteko“.

Gasteizko Udalak zenbait zerbitzu eta baliabide ditu elikadurarekin lotuta: oinarrizko estaldura, Babesgabetuen gizarte jantokiarekiko hitzarmena, janaria etxera eramateko zerbitzua edo adinekoentzako jantokiak.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Udal Antzoki Sareko udako programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Osteguna, ekainak 1

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

Harrera ekitaldia Argentinako enpresariei

Udalak harrera-ekitaldia eskainiko dio Confederación Argentina de la Mediana Empresa erakundeari; alkateek eta enpresariek osatzen dute hori.

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, ekainak 1

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko Udalari AENOR egiaztagiria ematea, udal eraikinen energia-kudeaketa egokia dela-eta

Parte hartzaileak. Udal Administrazio zinegotzi Carlos Zapatero; Giroa enpresako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena; eta Euskadiko  AENOReko zuzendari Luz Emparanza

Eguna. Osteguna, ekainak 1

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:09

Gasteizko Udalak kode etikoa lantzeari ekingo dio ekainean, “herritarrei arreta ematean erabaki etikoak hartzeko gida izango den balio-multzoa identifikatzeko asmoz, hau da, herritarrei zerbitzu ematen dihardutenen orientabide izango diren balioen multzoa. Hori dela eta, kodea lantzeko faseren batean Udalean lan egiten dugunon laguntza eskatuko da”, nabarmendu du Gardentasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek.

Ekainetik irailera arte, hainbat informazio- eta prestakuntza-ekintza egingo dira udal langileen iritzia jasotzeko, lan-esparruan gertatzen denaz, lankideekiko harremanez eta herritarrekiko harremanez.

Irailean, jasotako informazioaren analisia egingo da, eta jasotako erantzunen eta horiek abiapuntutzat harturik identifikatzen diren balioen inguruan eztabaidatuko.  Iraileko saioetan egindako lana paperera aldatuko da urrian eta azaroan, eta kode etikoaren proiektua landuko hartara. Organizazioari aurkeztuko zaio proiektu hori, aztertu eta hobekuntzak proposa ditzan. Adostasuna lortu ondoren, kodearen aurkezpen ofiziala egingo da abenduan.

Etika Komitea

Orobat lan egingo da prozesu osoan Gasteizko Udaleko Etika Komitea sortzeko, zein arduratuko baita kodea mantentzeaz eta eguneratzeaz, eta bitartekari-lanak egingo baititu hori interpretatzeko orduan sor litezkeen gatazketan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

Datozen egunetan Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia egingo du San Prudentzio hiribidean, trafiko lasaitukoa izan arren  ibilgailuen % 0,07k baino ez baitu orduko 30 km-ko muga errespetatzen.

Udaleko Trafiko Zerbitzuak zenbagailu batzuk jarri zituen maiatzeko lehen astean Armentiabidea eta Jose Maria Cagigal kaleen artean, irteera norazkoan zein sarrerakoan, eta neurgailuek herritarrek gehiegizko abiaduraz eta trafiko bolumen handiegiaz adierazitako kexak baieztatu dituzte.

Zenbatutako 87.180 ibilgailuetatik, Armentiabidetik San Prudentzio hiribiderantz sartu zirenen % 0,07k baino ez zuen ezarritako muga errespetatzen; gainera, % 0,06k 90 km/h-ko abiadura gainditu zuen, hots, 274 ibilgailuk —gidari horiek  bide segurtasunaren kontrako delituagatik salatu zitezkeen—.

Hiriko irteerarako noranzkoan (Santuaren estatuatik Armentiabidera) % 4,2k bete zituen mugak, gidarien erdiak orduko 41 eta 50 km arteko abiaduran zihoazen eta % 0,02k, hau da, 9 ibilgailuk, orduko 91 kilometroko abiadura gainditu zuen.

Datu horien aurrean, Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok “arduraz eta segurtasunez gidatzeko eta abiadura-mugak errespetatzeko” eskatu du. Hori dela eta, Udaltzaingoak radar mugikorra jarriko du kale horretan, “gidari azkarrenei atzera eragiteko eta bide-segurtasuna sustatzeko”. Gehieneko abiadura gainditzen duten gidariak administrazio-bidean salatu litezke, edo bide judizialean, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua egingo balute.

San Prudentzio hiribidetik egunean batez beste 6.700 ibilgailu igarotzen dira noranzko bakoitzean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

Saregune proiektua —Sartu Araba elkarteak garatzen du hori, Gasteizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmen baten bidez— OpenExpo 2017 biltzarrean aurkeztuko da bihar; teknologia irekien (datu irekiak, berrikuntza irekia, kode irekia eta software librea) sektoreko estatuko ekitaldi nagusia da. Biltzarreko hizlari nabarmengarrienen artean daude Raúl Pérez Caballero eta Ismael Chasco gasteiztarrak, Saregune proiektuko IKTen koordinatzailea eta kolaboratzailea, hurrenez hurren.

“Relaxing cup of café con leche while deploying my infrastructure”  mintzaldian, Saregunen informazioa, datuak eta erabiltzaileak automatizatu, autentifikatu eta kudeatzeko eredu arrakastatsua azalduko dute. Haiekin batera estatuko zein atzerriko beste 120 hizlarik hartuko dute parte biltzarraren programan, eta 200 enpresak baino gehiagok, besteak beste, “open source” filosofiako aktore garrantzitsuenak eta erraldoi teknologikoak (Microsoft edo Google). Madrileko La N@ve esparruan egitekoa den biltzar eta ferian 3.000 bisitaritik gora izatea espero da.

Saregune OpenExpo 2017 biltzarrean egotea proiektuak jaso dituen beste aitorpen batzuei gehitzen zaie, esaterako, RAISE4e-inclusion proiektuaren europar lehiaketa, teknologia berrien bitartez inklusioaren alde ari diren pertsona dinamizatzaileen jardunbide egokien arloan.

“Gasteiztarrok harro egon behar dugu Saregunek teknologia irekien biltzar garrantzitsu batean protagonismoa izateaz. Horrek erakusten du oso eremu zehatz batetik, gure Erdi Aroko hirigunetik, eredugarriak izan gaitezkeela milaka aditurentzat eta teknologia berrien bitartez gizarte berrikuntzan diharduten enpresa puntakoenentzat”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Joan den maiatzaren 19an onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak Sartu Araba elkartearekiko hitzarmena berritzea, 2017an Saregune proiektua garatzeko. Udalak 60.000 euro jartzen ditu hainbat jarduera garatzen laguntzeko: banakako prestakuntza, oinarrizko aplikazioei buruzko ikastaroak eta IKTekin lotutako beste jarduera osagarri batzuk.

Duela 10 urte baino gehiago, Saregunek teknologien erabilera libre eta doakoa bultzatzen du Santa Maria kantoiko aretoetatik, Erdi Aroko hiriguneko eta hiri osoko gizartea eta komunitatea dinamizatzeko lanabes gisa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:49

 

 

 

 

 

 

Ekainaren 3an, Gasteizko Big Band Festival jaialdiaren XIV. (edo 3,14) edizioa izango da; aurten Andre Maria Zuriaren plazan egingo da, eta lau bandak joko dute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok,  Gasteiz Big Bandaren zuzendari Jimmy Bidaurretak eta  Big Band Berriaren zuzendari Guillermo Lauzirikak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Big Band Festival jaialdiak ezaugarri propioak ditu, irisgarria eta parte-hartzailea da, eta gure hiriko kultura giroan sendotuta dago; gainera, jazzarekin lotura duten musiken udako denboraldiari ematen dio hasiera.

Antolatutako proposamen artistikoak eta partaidetza aktiboa direla kausa, arrakastaz konektatzen du era guztietako publikoarekin, haur, gazte zein heldu izan.

Banda antolatzaileek  13.00etan (Big Band Berri) eta 19.30ean (Gasteiz Big Band) joko dute. Ilunabarrean beste bi formatu berri —baina HANDIAK horiek ere— aurkeztuko dira:  21.00etan, Batuklada, material birziklatuak baliatzen dituen perkusio taldea (bidoiak π-ren laguntzarekin diseinatu dira), eta 21.30ean, SWING MACHINE ORCHESTRA, zeina big band baten antzekoa baita, baina harizko tresnak erabiltzen dituena, eta generoaren klasikoak indar beraz interpretatzen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:01

 

 

 

 

 

Hezkuntza Zerbitzuak —Estíbaliz Canto zinegotzia da horren arduraduna— bi hamarkadatik gora daramatza Guraso Eskolak programa sustatzen, Gasteizek Hiri Hezitzailea den aldetik bultzatzen dituen prestakuntza eta partaidetza balioak baititu oinarritzat. Iritzi berekoak dira seme-alabak eskola adinean dituzten zenbait familiak, zeinak, heztea  eta ikastea sinonimo direlako ideiatik abiatuta, sistematikoki biltzen baitira urritik maiatzera bitartean seme-alabekiko harremanetan sortzen diren arazo komunak lantzeko, elkarrizketan eta hausnarketa partekatuan oinarriturik.

Gaur egun 40 guraso eskola ari dira lanean, eta 560 pertsonak hartzen dute parte. Haien bozeramaileek “positibotzat” jo dute amaitu berri den ikasturtea, eta irailerako erronka berriak ezarri dituzte.

Badirudi 2016-2017 ikasturteak asebete dituela 31 ikastetxetan osatutako 40 eskoletan parte hartu duten 560 gurasoek. Oro har, familiak kezkatzen dituzten gaiak landu dituzte: komunikazio arazoak, anai-arreben arteko harremanak, ohiturak, etab. Gaurko munduan teknologia berriekin lotuta sortutako arazoak ere landu dituzte, bai eta aniztasunezko heziketa, bullyinga edo norberaren kontrola ere.

Hala ere, asebetetasuna ez da erabatekoa. Guraso Eskolen eledunek ikasturteko azken bileran adierazi dutenez, “eskoletako familiek ere denbora eta kontziliazio arazoak dituzte, eta horren eraginez parte-hartzea txikiagoa eta asistentzia irregularragoa da”. Hori dela kausa, hurrengo ikasturterako bi helburu ezarri dituzte: parte-hartzaileen kopurua handitzea eta ikasturtean zehar  asistentziari eustea, eta jarduera ikastetxeetan bistaratzea.

Informazio gehiago: Guraso eskolak

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Big Band Festival jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Gasteiz Big Band zuzendari Jimmy Bidaurreta; eta Big Band Berri zuzendari Guillermo Lauzirika

Eguna. Asteazkena, maiatzak 31

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————–

Prentsaurrekoa. Martha Graham Dance Companyren ikuskizuna aurkeztea

Parte hartzaileak. Janet Eilbert, zuzendari artistikoa; La Rue Allen, zuzendari exekutiboa; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteazkena, maiatzak 31

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————

Europa Biltzar Jauregi berriztatua Arabako enpresa-sustatzaileei aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta 40 enpresaritik gora

Eguna. Asteazkena, maiatzak 31

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

Share

Aurrekoak »