Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 uztaila 2018 13:09

 

Gasteizek ordezkaritza izango du garapen iraunkorrarekin konpromiso handiena duten enpresei ematen zaizkien Ingurumenaren Europar Sarietan. Izan ere, A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa gasteiztarra aukeratu dute azken faserako, zeina Itun Berdearen komunitatean sartuta baitago; ekonomia iraunkorrarekin lotutako ekimenak garatzen dituzten enpresak eta antolakundeak biltzen ditu Udalak sustatutako talde horrek.

Orotara, 9 herrialdetako 28 enpresa iritsi dira Ingurumenaren Europar Sarien azken fasera. Gasteizko ordezkaria kudeaketaren kategorian lehiatuko da, Erresuma Batuko, Frantziako eta Greziako enpresekin. Finalera heltzeko, A&B Laboratorios enpresak kudeaketaren aitorpena lortu zuen Euskadi zein estatu mailan.

“Gasteizko enpresa bat Ingurumenaren Europar Sarien azken fasean egoteak argi erakusten du iraunkortasunarekiko konpromisoa eta errentagarritasuna guztiz bateragarriak direla. Horixe aldezten dugu Itun Berdean, komunitate horren bidez ezagutza partekatzen baitugu, jardunbide egokiak hedatzen, eta apustu egiten gero eta enpresa lokal gehiago etorkizuneko ekonomian erreferente izan daitezen”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. 

A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa txikia da, erabilera industrial eta profesionaleko produktu kimiko eta biologikoak ikertu, diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzen dituena. Bere sektorean erreferente bihurtu da, eta nazioartean merkatu berriak irekitzea lortu du produktu ekologiko arduratsuak eskainiz, ekoizpen prozesuan lehengai arriskutsuak bazter utzita.

European Business Awards for the Environment sarien batzordeak enpresak zabalkunde eta nazioartekotze prozesuan erakutsitako lehiakortasuna nabarmendu du; prozesu horretan Basque Country 2030 agendarekin lerrokatzen jakin du, eta Europar Batasunaren garapen iraunkorreko helburuak integratzen estrategian eta eguneroko kudeaketan.

2018ko azaroaren 14an banatuko dira Ingurumenaren Europar Sariak, Vienan, goi mailako zeremonia batean.

SARIEI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO: http://ec.europa.eu/environment/awards/index.html

ITUN BERDEARI BURUZKO  INFORMAZIO GEHIAGO: Itun Berdearen Komunitatea

 

Share