Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 uztaila 2018 12:59

Gorbeia kaleko dendetan Rebajazz feria hasiko da bihar. Merkatari eta ostalarien elkarteak Gasteizko Udalaren laguntzarekin antolatu ohi duen jardueran oso prezio lehiakorreko eskaintzak aurkitu eta askotariko musika girotzeaz gozatu ahalko da. Uztailaren 17tik (asteartea) 20ra (ostirala), 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara, hamabi dendak saltokiak jarriko dituzte establezimenduen aurreko espaloian, uztaileko stock-eko produktuak % 70eraino ere beheratuta.

Hartara, ehungintza sektorearen denboraldi bukaera baliatuko dute saldu gabekoak kanporatzeko, oso modu onean. Gainera, Gasteizko Nazioarteko Jazzaldia dela eta, arratsaldeetan musika girotzea izango da: Kumbalayé batukada, Detractors taldea, gaita-jotzaileak eta, bukatzeko, Priscilla Band soul-funk taldea; azken horrek uztailaren 20an (ostirala) joko du, Gorbeia kalearen eta Antso Jakitunaren kalearen artean. “Beherapen feriaren eta musikaren nahasketa ona izango da, zeinari Rebajazz deitu baitiogu”, azaldu du Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteko presidente Víctor Manuel Ibáñezek.

“Salgai berrirako lekua egiteaz gain, gure bezero potentzialei hurbiltzeko modu ezberdina bilatzen dugu, beherapen eta promozioen bidez. Kalea aire zabaleko merkataritza-gune bihurtuko da, eta hirian mugimendua sortuko”, erantsi du Ibáñezek.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa ere izan da Rebajazz feriaren aurkezpenean, zeinak merkataritza dinamizatzeko jardueretan arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu baitu. “Gasteizko merkataritza-alderdi nagusietan ekitaldiak sortzeko elkarlana da modurik onena jendea establezimenduetara joan dadin sustatzeko eta tokiko dendetan kontsumitzea bultzatzeko. Azken hilabeteetan salmentak etengabe hazten ari dira txikizkako merkataritzan, eta horrek ondo erakusten du bide onetik goazela”, adierazi du Nerea Melgosak.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak azpimarratu ditu aurtengo merkataritza eta ostalaritzaren datu positiboak. Urte honetan, Gasteizek 18 denda eta 31 ostalaritza-establezimendu irabazi ditu. Datu horiek merkataritza-jarduera –zeinean establezimendu ireki eta itxien artean negatiboa izan den– gorantz ari dela erakusten dute. Ostalaritzari dagokionez, 2018an bikoiztu egin da saldo positiboa, 15 enpresa berrirekin. Era berean, txikizkako merkataritzako salmenta-indizea, ehuneko 2,3koa izan da urtearen lehen hiruhilekoan.

Gorbeia kaleko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu Gasteizko erdigunearen dinamismoa , auzoko saltoki txikiak eta gizarte-kohesioa berreskuratzeko, eta Rebajazz feria da horietako bat. Gorbeia kaleko Merkatarien Elkartea eta Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker bederatzi jarduera antolatzen dira, besteak beste, hiru merkataritza azoka, Eguberrietako kanpaina eta ostalaritza sustatzeko bi ekimen berezi. Udalaren diru-laguntza 15.000 eurokoa da.

 

 

 

Informazio gehiago: Programatutako musika emanaldiak Rebajazz ferian:

Uztailak 17, asteartea                     Kumabalayé 18:00

Uztailak 18, asteazkena                  Detractors 18:00

Uztailak 19, osteguna                      Gaita-jotzaileak 18:00

Uztailak 20, ostirala                         Priscilla Band 19:00

 

 

Share