Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 uztaila 2018 14:39

Gaur goizean inauguratu da Ramón Bajo ikastetxe publikoko horma-irudia, “Auzoan Hazi, Hezi eta Bizi” izenburua duena. Gasteizko muralen ibilbideko 17.a da, eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak deitutako lehiaketaren barruan 2018an hirian egitekoak diren hiru muralen arteko lehena.

Isabel Martínez zinegotzia izan da horma-irudi berriaren inaugurazioan, eta hura sortzen parte hartu duten 30 pertsona inguruk egindako lana nabarmendu du: “izan ere, partaidetza eta esku-hartze komunitarioko prozesu horretan taldeek eta herritarrek lan bat diseinatzen eta gauzatzen dute, eta lana gure hiriaren kultur ondarea bihurtzen da azkenean”.

Zinegotziarekin batera, Ramón Bajoko guraso elkarteko lehendakari Isa Santamaría eta proiektuaren zuzendarikide Alexandre Fernández irudigilea eta Verónica Werckmeister muralista izan dira, baita esku-hartze artistiko horretan parte hartu duten pertsonak ere; 180 metro koadroko fatxada bat margotu dute.

Alexandre Fernándezek azaldu duenez, muralak “hainbat kontzeptu islatzen ditu: haztea, pertsona gisa ez ezik baita komunitate gisa ere; zaintza eta ikasketa; eskolaren garrantzia, eta nola hura osatzen duten pertsonek elkarrekin lan egin behar duten etorkizun hobea eraikitzeko”.

Lantegiko parte-hartzaile Iñaki Jiménezen iritziz, “berez ederra den hiria apaintzen duen dokumentu grafiko baten protagonistak izateak hunkitu egiten nau”.

Ramón Bajoko horma-irudia egin ondoren, laster beste bat margotzen hasiko da Ariznabarrean, Matías Mata artistaren zuzendaritzapean: Gasteizko muralen ibilbideko 18.a izango da.

 

Share