Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 iraila 2018 09:43

 

Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko presidente Iñaki Prusillak eta Kiroletako zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute lehen Gaueko Bizikleta Martxa, zeinak Gasteizko Alde Zaharra eta parke esanguratsuenetako batzuk lotuaz, udari agurra eta udazkenari ongi etorria emateko balioko duen. Ekimena familia osoari irekia da, eta irailaren 21ean egingo da, 20:00etatik aurrera, Mugikortasunaren Astearen testuinguruan. Haren bitartez aldarrikatu egin nahi da bizikleta hiri barruko joan-etorrietarako garraiobide osasuntsu gisa, eta baita gogoratu ere –are gehiago goizago iluntzen hasi duen honetan– bizikletan argiekin eta elementu islatzaileekin ibiltzearen garrantzia.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Kirol Zerbitzuak eta Udaltzaingoak lagunduko dute bizikletaz ibiltzeko ohitura duen ororentzako pentsatutako martxa horretan, eta bereziki, familiak, sei urtetik gorako umeekin. Lehen edizio honetarako partaide-kopurua mugatu egin da, gehienez ere, 400 pertsonatara. Lehia asmorik gabeko jarduera izango da, trafikoa etenda egingo da, eta partaideak tropelean bilduta joango dira.

“Martxaren helburu bikoitza azpimarratu nahi dugu: batetik, beste behin ere bizikleta natura errespetatzen duen garraiobide osasungarri gisa aldarrikatzea, eta bestetik, argiak eta elementu islatzaileak erabili beharraz sentsibilizatzea. Oso garrantzitsua da bizikletan goazela gure burua ikusaraztea gainerako erabiltzaileei, eta bereziki argi-orduen kopurua murrizten hasi den honetan”, gogoratu du Iñaki Prusillak.

Bestalde, Estíbaliz Cantok esan du martxak “berebiziko zentzua hartzen duela Gasteiz kirol-hiria delako: horrela erakusten dute kirol-instalazioetan 90.000 abonatutik gora izateak, biztanle bakoitzeko instalazio-ratioak, gizarte-etxeetako jardueretan izena eman duten erabiltzaileen kopuruak edo leku hiriak praktika osasungarrietarako erabiltzeak. Hori dela eta, ez dago ikasturtea hasteko modu hoberik famili-martxa batekin baino, ez duena lehia asmorik, eta bai, aldiz, ondo pasatzea eta bizilagunekin ohitura on horren inguruan kontzientziatuko gaituen gau dibertigarri bat konpartitzea”.

jardueran parte hartzearen prezioa euro batekoa izango da, eta izena herritarrei laguntzeko bulegoetan eman daiteke, baita Internet bidez ere. Horren truke, parte-hartzaileek hirian zirkulatzeko segurtasun-elementuekin lotutako oparitxo bat jasoko dute. 6 eta 14 urte bitarteko adingabeek heldu batek lagunduta joan beharko dute; 14 eta 18 urte bitartekoek, berriz, gurasoen edo tutorearen baimena beharko dute, eta irteera-kontrolean aurkeztu. Argi eta elementu islatzaileaz gain, partaideek kaskoa eraman beharko dute.

Ibilbidea 6,8 kilometrokoa izango da, kale hauetan barrena: Florida parkea – Senda ibilbidea – Frai Francisco ibilbidea – Elvira Zulueta – Frai Francisco ibilbidea – Batan ibilbidea – Nieves Cano – Justo Velez de Elorriaga – Unibertsitateko ibilbidea -San Antonio- Manuel Iradier- Pio XII.a – Herrandarren kalea – Arana – San Ildefontso kantoia –  Bueno Monreal- Antepara kalea – Arriagako atea – Errementari kalea – Andre Maria Zuriaren plaza – Mateo Moraza – Olagibel kalea – Judimendi hiribidea – Tornay Medikuaren kalea. Martxa ondo joango dela bermatzeko, lau leku jakinetan etena egingo da, tropela berriro biltzeko.

Lehen gaueko bizikleta martxa honetan zenbait ikastetxek eta guraso elkarteren, bai eta Goiena klubarena ere, zeinek boluntarioak jarriko dituzten, udaltzainekin batera partaideei laguntzeko. Amaiera inguruan, Tornay medikuaren kalean, musika emanaldi bat izango da.

Informazio gehiago: Gaueko bizikleta martxa

Share