Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urria 2018 11:07
  • Enpresak Sendotzeko Programaren barruko ekimena da

Gasteizko Udalak lantegi berria antolatu du, enpresek salmenta politika hobetzen ikas dezaten zuzeneko kontaktuaren bidez. “Aurrez aurre negoziatu eta saltzea” izenburua duen lantegia Enpresak Sendotzeko Programaren barruan eskainiko da, lau saiotan; jarduera sendotu eta hedatzeko, merkatu berriak bilatzeko edo lehiakortasuna hobetzeko beharra duten enpresei zuzendutako programa da hori.

Azaroaren 13an hasiko da, enpresaren merkataritza-jardueraren oinarri eta premisei buruzko azalpen teorikoarekin. Hurrengo astean, aurreko saioan ikasitakoa praktikatu da, itxurazko elkarrizketa bat grabatuz. Hirugarren saioan, grabazioak banan-banan aztertuko dira, alderdi indartsuak eta ahulak antzematearren. Azkenik, elkarrizketa horiek taldean ikusiko dira, zer hobetu daitekeen gomendatzeko.

“Enpresa bat martxan jartzen denean, salmenta politika izan ohi da alderdi ahuletako bat. Batzuek uste dute zaila dela, eta ez dutela horretarako gaitasunik; hori dela kausa, bazter uzten da enpresa-proiektuak arrakasta lortzeko ezinbestekoa den alderdi bat. Lantegiaren helburua da ekintzaileek merkataritza negoziazioa prestatzea eta salmenta elkarrizketari eraginkortasunez aurre egitea”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Erdi Aroko Hiriguneko Udal Enpresa Zentroan egingo dira merkataritza errendimenduari buruzko lantegiaren lau saioak, 09:30etik 13:30era. Izen-ematea doakoa da, eta online egin daiteke.

 

 

 

Share